HISTORIA ETA FABULAREN ARTEAN. MANUEL GUTIÉRREZ ARAGÓNEN ZINEA
Oso arrunta da ohiko ereduaren esparrutik at geratzen diren obrak arraro, berezi, hermetiko edo ulertezintzat jotzea. Hala eta guztiz ere, proposamen erakargarri, bitxi, libre eta ederrenetariko batzuk topa ditzakegu adjektibo horien atzean. Manuel Gutiérrez Aragónen (Torrelavega, 1942) zinea, dudarik gabe,multzo horretan sartua dago.
Belaunaldi bereko beste zenbait egilek bezalaxe, Gutiérrez Aragónek Madrileko Zinematografia Eskolan zuzendu zituen bere lehendabiziko laburmetraiak. Eskolan burututako praktika batzuetan (Nana para dormir a un héroe, 1967 eta Hansel y Gretel, 1969) topa ditzakegu gerora bere obran ohiko eta erabakigarri izan diren prozedurak, haurrentzako ipuinen egitura, besteak beste. Zinemara hurbiltzeko lehendabiziko saiakera hauetan ageri zen heterodoxia zantzua 1973 urtean berretsi zen, urte horretantxe burutu baitzuen, Elías Querejetaren eskutik, bere lehendabiziko luzemetraia, Habla, mudita izenburupean. Mintzairari, komunikazioaren mugei eta hezkuntza eta heziketaren arteko mugei buruzko hausnarketa sakona da, ezarritako arauen gaineko etengabeko zalantzarekin batera, gerora filmografía harrigarri eta paregabea osatuko duten gaiez osatua dagoena.
Zuzendariak horien ondoren egindako fi lmen izaera bitxiak konbentzionalismotik oso urrun kokatu zuen bere zinea eta alderdi hori gakoa izan zen zine espainiarraren historia garaikidea ulertzeko, Espainiako historia lausoa pixka bat gehiago ezagutarazteko modu originala eskaintzen baitzuen. Hala, Camada negra (1977), Sonámbulos (1978) eta El corazón del bosque (1979) filmek triptiko antzekoa osatzen dute, gaurkotasun politikoarekin lotutako gertaerak ohiz kanpoko ikuspuntutik kontatzeko modua bereizgarri duena. Talde faxisten erro ideologikoen analisia, trantsizio garaian frankisten kontrako oposizioaren barnean haziz zihoazen kontraesanak nahiz Espainiako gerraoste grisean errendizio eta aurrerapenaren arteko muga ahula; Gutiérrez Aragónek ukitu fantastikoaz jorratzen ditu gai horiek guztiak, lekukotasunetik urrun, beste edozeren gainetik nabarmenduta.
Hain zuzen ere, aipatutako azken filmak, El corazón del bosque izenekoak, aipamen berezia merezi du zuzendari honen filmografian an, gure zine arloko historietan fabula historiko landuenetako baita. Herri kondairetan, sehaska kantetan edota basoetan kikilduta bizi diren pertsonai mitikoetan oinarritzen diren jatorrizko beste narrazio modu batzuekin batzen da Maitagarri ipuinen egitura. Zuzendariak badaki baso horiek fi lmatzen eta era inplizituan (bere zinean hain ohikoa den elipsia erabiliz) aurkezten ditu antzinako galdera sakonak, azaleko erantzun berriak baino ez zeuzkatenak.
Hala, Kantabriako egilearen fi lm poetiko honek beste berezko ezaugarri bat ere goraipatzen du: arauen aurrean agertzen duen betiereko asaldura. Egintzat jotzen ditugun gauzei zein aldaezintzat dauzkagun horiei buruzko galderak egiten ditu (eta dizkigu) bere zineak eta beste bide batzuk eskaintzen dizkigu, horietan zehar abiatu eta hausnartzeko. Objektibotzat dauzkagun zenbait ustezko egia zalantzan jartzen ditu, ohiz kanpoko beste errealitate fantastiko batzuk edo objektibotasuna ere asmatua izan den garaiak gogorarazten dizkiguten misterioz betetako irudien bitartez. Proposamen hauetan hermetismoa antzematen duenak pentsatu beharko luke bere fi lmek haurrentzako ipuin bat ulertzeak adinako zailtasuna dutela tolesgabetasuna galdu duen norbaitentzat.
Hala eta guztiz ere, bere obrak arretaz aztertuz gero, konturatuko gara Gutiérrez Aragónen fi lmetan beti dagoela ohartu gabe mugitzen den seinale, plano edo irudiren bat. Horrek bere ukitu profesionala nabaritzen laguntzen digu eta begiratu bitartean sortzaile izatera bultzatzen gaitu. 2008 urtean, Todos estamos invitados izenburuko azken fi lma estreinatu eta bi urtera, Manuel Gutiérrez Aragónek errealizazio mundua alde batera uztea erabaki zuen. Egoera ekonomiko kaskarraren ondorioz interesgarri iruditzen ez zitzaion zine mota egitera behartuta ikusten zuen bere burua (“Zine txiroa egin baino, nahiago dut mundu hori utzi” esan zuen behin). Handik gutxira jakin genuen agur hori zineari zuzendua zela eta ez sortze-lanei. Izan ere, 2009 urtean Herralde saria jaso zuen, La vida antes de marzo izenburupean idatzi zuen lehendabiziko eleberriari esker. Orduz geroztik, beste bi eleberri argitaratu ditu, Gloria Mía (2012) eta Cuando el frío llegue al corazón (2013). Iritzia aldatu eta zine mundua berreskuratzeko hautua egiten duen arte zain geratzen gara, eta bien bitartean bere liburuetan murgil gaitezke eta bere fi lmografi a bitxia berrikusi. Manuel Gutiérrez Aragónen fi lm zein literatura babesleku ona dira misterioa merke saltzen den honetan; azken liburuaren izenburuak dioenez, hotza bihotzera heltzen denean babesteko leku aparta.
Iñigo Larrauri
Ikertzaile irakaslea (UPV/EHU)