Erabili gure bilatzailea

    Bilboko Alkatea

    BALIO PARTEKATUEN INGURUAN AURRERA

    Juan Mari Aburto.
    Bilboko Alkatea

    Bilbok hiri aurreratu gisa finkatzeko lan egiten du, bere hazkunde ekonomiko, arkitektoniko eta urbanistikoaren bidez ez ezik, are funtsezkoagoa den zerbaiten bidez ere: gizarte gisa gure bizikidetza eta gure etorkizuna definituko dituzten balioekiko konpromisoaren bidez. Aniztasunaren, jasangarritasunaren, elkartasunaren eta herritarren parte-hartzearen bila diharduen hiri bat gara, horiek baitira gure bizikidetzarako funtsezko oinarriak. Balio horiek gure politikak gidatu ez ezik, Bilboren nortasuna mundura proiektatzen dute.

    Zinema komunikazio eta arte tresna ahaltsu bat da. Kontatzen ditugun istorioen eta partekatzen ditugun irudien bidez, zinemak askotariko errealitateekin jartzen gaitu harremanetan, eta munduan dugun egitekoari buruzko beharrezko gogoetak sortzen ditu, bai maila indibidualean, bai kolektiboan. ZINEBI, Dokumentalen eta Film Laburren gure Nazioarteko Jaialdia, aliatu natural bat da zeregin horretan. Duela berrogeita hamar urte FIAPFek A kategoriako jaialdi gisa aitortu zuenetik, ZINEBIk zinemaren mapa globalean kokatu du Bilbo, gure hiriak ordezkatzen dituen balioei erantzunez.

    Jaialdi hau hiri ireki eta inklusibo baterako jaialdia da, kultura-aniztasuna ospatzen duen eta ikuspegi desberdinen arteko elkarrizketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen dituen hiriarena. Eskaintzen duen programazio zainduaren bidez eta kalitatezko zinemarekin duen konpromisoaren bidez, ZINEBIn bilbotarrek munduko istorioekin topo egiteko espazio bat dute, baina bere burua islatuta ikusteko aukera ere ematen die.

    ZINEBI, gainera, funtsezko tresna bat da parte-hartze kultural aktiboa sustatzeko, helduei ez ezik, gure hiriko gazteei ere eragiten baitie, jaialdian inspirazio- eta ikaskuntza-iturri bat baitute. Aniztasunerako leiho bat da, baita gaur egungo erronkei buruz hausnartzeko gonbidapen bat ere. Zinema ona, kalitatezkoa, komunitate gisa indartzen laguntzen gaituena.


    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak