Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    ALBERT SERRA

    TXORIEN KANTUA ALBERT SERRAREN LORATEGIAN

    Albert Serraren (Banyoles, Girona, 1975) lorategi zinematografikoan abesten duten txoriak oso hegazti delikatuak dira, lumaje guztiz arraroak dituzte, eta gai dira bere film bakoitzean polikromia eta polifonia deigarriak egiteko. Mundu osoko kritikari eta zinemazale askoren iritziz artegatasun handia sortzen duen zuzendaria da eta, paradoxikoki, oso maitatua da nazioarteko zinemaldi ospetsuenetan. Ederki jakin du nola mamitu bere irudian —Salvador Dalí herrikidearen keinuen ihakin dibertigarria eta haren ahozko talentu oparoa, umorismo jator batez eta era guztietako erreferentzia jantziez josiz— zinema garaikideko autorearen ezaugarri pertsonal eta artistiko erradikalenetako batzuk.

    Horregatik guztiagatik, zinemagile paregabe honen filmografia osatzen duten obrek bere nahi hori adierazten dute: zinema konbentzionala irudikatzeko moduen aurkaratze konplexugabe bat burutzea, hainbestetan aitortua izan den azken helburu batekin, zinematografoaren artearen garrantzi etiko eta estetikoa garai guztietako Arte Ederren baitan goratzea.

    Hori lortzeko hainbat estrategia erabili ditu. Lehenik eta behin, Historiara eta mendebaldeko kulturaren parte diren pertsonaia eta kontakizun batzuetara hurbiltzea. Bertan, azpimarratzekoak dira Espainiako kulturaren ekarpen batzuk. Hala gertatzen da On Kixoterekin (Honor de cavalleria, 2006), Mateoren araberako Ebanjelioko Errege Magoekin (El cant dels oçells, 2008), Fray Luis de Leónekin (Els noms de Crist, 2010), Giacomo Casanova libertino eta idazle veneziarraren eta Bram Stoker eleberrigile irlandarraren izaki hilezkorra den Drakula kondearen fikziozko topaketarekin (Història de la meva mort, 2013) eta Luis XIV.arekin (La mort de Louis XIV, 2016). 

    Bigarren estrategia Albert Serrak bere filmen eszenaratzea eraikitzeko baliatzen duen prozeduran oinarritzen da: tramaren atzealdea dei genezakeen horretan murgiltzea, hau da, tramarik ez dagoen edo trama lausoki iradokitzen deneraino desagertzen den lekuetan eta uneetan murgiltzea, zinema tradizionalaren progresio dramatikoaren eta erritmo narratiboaren antipodetan kokatzen den mugimenduan dauden irudiak sortzeko modu bat erabiliz. Beste era batera esanda, ikusleriaren gehiengoari zuzendutako kontsumo handiko filmetan gauza asko gertatu behar badira, ikuslearen interesa areagotu nahi duen ekintza mordo bat, Albert Serraren filmetan ez da ezer gertatzen edo oso gutxi gertatzen da. Horrela, bada, uler daiteke, esate baterako, aipatu Honor de cavalleria filmean ez ikustea Kixoteren balentria hain ospetsuaren ekintza gogoangarriak, baizik eta haren atzealdea, atseden uneak, etzanda edo erdi etzanda ematen dituztenak, Gironako landazabal ederrean, zeinetan zalduna eta ezkutaria elkarrizketa hutsaletara edo gutxi gorabehera garaiz kanpoko espekulazioetara askatzen diren; horrela ulertzen da, halaber, aipatutako La mort de Louis XIV horretan errege absolutu handiaren agonia ia soilik bere aurpegi nekatu eta minduaren lehen plano eder baten bidez erakustea —Jean Pierre Léauden interpretazio bikainarekin—, bere ministroen joan etorri zehaztugabeen eta erdizka edo ia ikuseremutik kanpo ikusten den ganbera laguntzaren bidez; azkenik, horrela ulertzen da ere Pacifictionen (2022) ikusleari espioi film baten antzeko gisa iradokitzen zaiona pantailan ebazten den moduan ebaztea, hau da, protagonistaren giza izaerari eta —Polinesiako uhartediko Frantziar Estatuko goi mandataria izanik— duen botere politikoaren izaerari buruzko gaueko dibagazioetan oinarrituz.

    Albert Serra bere beste edozein lankideren artetik bereizten duen beste prozedura bat zera da, bere obren planoen sorkuntza arretatsua. Miniaturagile mozarabiar baten pazientzia berberarekin, zuzendariak bere lanaren alderdi horri honela ekiten dio, plano bakoitzak besteengandik eta baita filmetik bertatik ere autonomoa izan daitekeen pieza artistiko bat balu bezala jorratuz. Helburu horrekin, hainbat erregistro erabiltzen ditu, Honor de cavalleria edo El cant del oçells filmetan darabilen irudi hustu, liriko eta sotilki naifetik hasi eta Pacifictionen Sergi Lópezek duen taberna barruko dantzari polinesiarren gaueko konposizio koloreaniztun eta koreografikoetaraino, zeinak gay ukitu harrigarri batekin irudikatu baitzituen. Arlo honetan, beste bi estilo ezaugarri gisa, gehitu egin behar dira, batetik, bere perfekzionismo formalean erabat hertsia den enkoadraketaren kudeaketa eta, bestetik, plano bakoitzaren iraupenaren ideia ongi pentsatua, oro har zabala, zeinak, berez, baztertu egiten baitu ohiko narrazio zinematografikorako edozein aukera. 

    Orain, lerro hauek amaitze aldera, bereziki interesgarria iruditzen zaidan azken estrategia bati buruz hitz egin nahi nuke. Paisaiari buruz duen ikuspegi adanista gisa adieraz genezakeenaz ari naiz, munduaren edertasunaren aurrean lurrean izan zen lehen gizonaren begiradak agertutako harridura, edo antzinako lehen bidaiarien begiradan egon zatekeen hura. Hala erakusten digu bere sorterriko Gironako paisaien behaketa sutsu horretan, Errege Magoek Islandian zehar egindako bidaian edo Polinesia Frantseseko ilunabarretan eta gauetan.

    Izan ere, Albert Serrak, bere zinearekin —zeinak diziplinarteko bokazio sendoa baitu denbora historikoari eta gainerako jardubide artistikoei dagokienez—, ikusle mota berri bati dei egiten baitio: gizon eta emakume askeei, kontenplazio patxadatsukoei, gure garaiko zinemako bide ez hain erabilietan barrena ibiltzeko gai direnei.

    Zorionak ZINEBI 64ri Ohorezko Mikeldi zoragarri honengatik.


    Luis Eguiraun

    Gidoilaria eta ZINEBIko programatzailea (2003-2019)




    ALBERT SERRA
    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak