DOITZE-KARGA
Irudia: Happyending Studio.
LUrtero, Jaialdiaren irudiaren aurkezpena da lehiaketaren abiapuntua, pixkanaka ZINEBIko programazioaren xehetasunen berri ematen hastekoa. Bertan hasten da ikusleenganako bidea eta, Jaialdiaren 64. edizioko irudiaren kasuan, Happyending estudioak begirada ikus-entzunezko sorkuntzaren elementu oso berezi baterantz zuzendu du. Aukeratutako elementuak ere hasierari egiten dio erreferentzia: doitze-kartei, hau da, kolorea eta fokuratzea kalibratzeko kartei. Ikus-entzunezko edukiaren aurretik dagoen horretaz ari gara. Irudi ikoniko horietatik, Ángela Alonsok eta Elena Pereak forma geometrikoen, oinarrizko koloreen eta motiboen unibertso bat lapurtzen dute, lengoaia bisual propio eta oso antzemangarri bat sortzeko aukera ematen diena. Aurten, lengoaia horrekin, ikus-entzunezko sorkuntzan dihardutenen ogibidera gerturatu nahi izan dute Jaialdia.
Bere printzipio bakarra ez bada ere, ZINEBIk beti izan du bere funtsean berrikuntzaren eta esperimentazioaren bilaketa, aski ezagunak diren gaietara beste modu batean hurbiltzea edo haietara gehiago gerturatzea, sakontasun handiagoz ikusteko; gai horiek, gainera, gure gizartearentzat interesgarriak izan daitezke, inspiragarriak, baita kezkagarriak ere. Horregatik, Happyending Studiok planteatutako kanpaina grafikoak bi oinarri ditu: batetik, beren apustu estetikoak gogora ekartzen dituen elementu grafikoekin esperimentazio formala egitea eta, bestetik, narratiboa den hori azpimarratzea (diskurtso sinplisten garaian hausnarketarako funtsezko elementu gisa), ikus-entzunezko iruditeria kolektiboko liburutegietatik abiatuta, non ikusizko pilula txikiak aurki baititzakegu, eta pilula horiek lehiaketaren bizkarrezurra diren film laburrei egiten diete erreferentzia.
Ángela Alonsok eta Elena Pereak 2012an sortu zuten Happyending Studio. Diseinu grafikoan, ilustrazioan eta arte-zuzendaritzan espezializatutako sormen-estudio independentea da, eta Bilbon du egoitza.
Biak Arte Ederretan lizentziadunak dira: lehenak Europako Diseinu Institutuaren “Sormen-sektoreko enpresen diseinu eta hazkundea”ri buruzko programa exekutiboan parte hartu zuen, eta hainbat espazioren diseinua eta kontzeptualizazioa garatu zituen, hala nola Expo Zaragozan Euskadik izan zuen pabiloia edo Segoviako Akueduktuaren Interpretazio Zentroa, besteak beste; bigarrenak Londresko UALen eta Parisko Cake Design estudioan osatu zuen bere prestakuntza, besteak beste Hennessy, Le Royal Monceau, Roger Pradier, McDonald’s edo Azkuna Zentroarentzat diseinatzaile grafiko gisa lan egin aurretik.
Happyending Studio azken urteotan Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren irudia sortu duten diseinatzaile bizkaitarren zerrendan sartu da. Bertan Rebeka Arce, Eider Corral eta Susana Blasco daude, besteak beste.