Erabili gure bilatzailea

    ZINEBIko zuzendaria

    3SORKUNTZARAKO, HAUSNARKETARAKO ETA KULTURARAKO ESPAZIOAK

    Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendaria

    Ohore handia da ZINEBIren 66. ediziora ongietorria egitea. Jaialdiak hamarkadetan zehar eboluzionatzen jakin izan du, eta plataforma garrantzitsu bihurtu da zinema dokumentalerako eta film laburretarako. Aurtengo edizioan, programazioak indarra eta oreka konbinatzen ditu, jaialdiaren heldutasuna eta askotariko ikusleekin interakzioa izateko duen interes berritua islatuz.

    Oso pozik gaude gure programazioan euskal zinemaren zabaltasuna, aniztasuna eta aberastasuna erakutsiko dugulako, lehiatuko diren filmekin, hainbat sailekin eta euskal zinemaren historiako lan gogoangarrien oroitzapena egiten duten emanaldi bereziekin. Osagai aipagarri horrez gain, bertan izango ditugu izen oneko hainbat zinemagile, hala nola Elena López Riera, Albert Serra eta Dora García, baita lehiaketan sartzen diren sailetan izango ditugun bertako eta nazioarteko talentuen konbinazio zabala ere. 66. edizio honek, beraz, ZINEBIren zabaltasuna eta aniztasuna erakusten ditu, baita inspirazioa eta gogoeta egitera gonbidatzen duen zinema eskaintzeko dugun konpromisoa ere.

    ZINEBI Networking-eko eskaintza eta jarduera zabaltzeko lan egin dugu, zinemaren sortzaileen eta profesionalen arteko loturak dimentsio industrial batetik sendotuz —industria hitza, jaialdi bati lotua, apaltasunez eta errespetuz erabili behar da beti, baina baita jarraikitasunez ere—, eta etorkizuneko profesionalei esperientziak eta ezagutza transmititzean ere pentsatuz. Zinemaren eta beste diziplinen arteko interakzioa ere arakatu nahi izan dugu, musikarekikoa, esaterako. Espazio horiek guztiak, bere aldetik, proiektuak garatzeko eta etorkizuneko zinemagile-belaunaldien eboluziorako aukerak dira.

    Ildo horretan, aurten VII. edizioa izango duen geure Foro dokumentalaren eta Zinebi Express-en jarduerak azpimarratu nahi nituzke. Bi gune horiek estrategikoak dira jaialdiarentzat, eta kulturaren eta sorkuntzaren eremu bikoitzean eragile gisa dugun eginkizunaren zati handi bat definitzen dute.

    Eskerrak eman nahi dizkiet gurekin elkarlanean diharduten erakundeei, erakunde publiko eta pribatuei, unibertsitateei eta zine eskolei, haien bultzadari esker ZINEBI ospatzen jarrai baitezakegu eta jaialdiak hazten jarrai baitezake. Horrekin batera, azpimarratu egin nahi dut hautaketa batzordearen eta jaialdia antolatzen duen taldearen lana, bere osotasunean, haien dedikazioa eta ahalegina ezinbestekoak baitira aurtengo edizioak emaitza onak izan ditzan.

    Eskerrik asko, halaber, omenaldia jasoko duten guztiei, epaimahaikideei, zinemagileei, espezialistei, profesionalei eta ikusleei, ZINEBI 66ri ekarpen benetan handia egingo baitiote. Jaialdia hura osatzen duten pertsonak dira. Goza dezagun ZINEBI ireki eta plural batez, errealitate, esperientzia eta begirada anitz eta aberasgarriekin lotzen gaituen zinema baten etxea den jaialdiaz, Bilbora hainbat leku eta posiziotik iristen diren talentu-adierazpenak baitira. Jaso itzazue denok gure ongietorria eta esker ona.

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators