ZINEMAREKIN ETA HERRITARREKIN ELKARTZEA
Juan Mari Aburto. Bilboko Alkatea.
Bilbok kultura besarkatzen eta sustatzen du, bere identitatearen oinarri gisa, eskubide besterenezin gisa eta geure burua komunitate bezala ikustea ahalbidetzen duen gune partekatu gisa. Helburua ez da soilik modernitatearen eta aurrerapenaren irudi bat ematea, baizik eta barne-bizitza bat ehuntzea, non balioak, hala nola bizikidetza, aniztasuna, jasangarritasuna, elkartasuna eta herritarren parte hartzea benetan eta egunerokotasunean sentitzen diren.
Testuinguru horretan, duela 67 edizio bere ibilbideari ekin zionetik, gure Jaialdia konbentzionala den horrez harago doan espazio kultural gisa sendotu da. Formula komertzial edo atseginetatik urrun, ZINEBIk zinema ausart, berritzaile eta konprometitu baten aldeko apustua egiten du, zeinak ahotsa ematen baitie askotariko ikuspegiei eta, sarritan, isilaraziak edo jazarriak izan direnei. Jaialdian gurutzatu egiten dira eta bat egiten dute, batetik, lengoaia zinematografikoaren muga eta konbentzioei aurre egiten dieten sortzaileen begiradek eta, bestetik, proposamen horiekin ikuspegi kritiko batetik solasean aritzeko prest dauden herritar ireki eta jakin-minez beteek.
ZINEBIk Bilbo zinemaren nazioarteko mapan kokatzen laguntzen du eta, horrez gain, bizi garen munduaren eta eraiki nahiko genukeen munduaren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, gure hiriaren ehunean txertatzen den proposamen baten bidez.
Herritar guztiak gonbidatzen ditut zinemaren eta kulturaren ospakizun honekin bat egitera, eta antolatzen diren proiekzio, eztabaida eta jardueretan modu aktiboan parte hartzera, ZINEBIk elkartzeko, inspiratzeko eta eraldatzeko espazio izaten jarrai dezan, non bizi garen mundu konplexu eta batzuetan ilunean aurrera egiteko askatasun eta sorkuntzarako argiak eta bideak bilatzen eta eskaintzen diren.
