Programazioaren aurrerapena
ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, 1974az geroztik FIAPFen aintzatespena duenak, 68. edizioa egingo du 2026ko azaroaren 20tik 27ra.
Bere 67 edizioetan zehar, ZINEBI film laburren eta zinema dokumentalaren nazioarteko erreferentzia gune sendo bihurtu da, baita sortzen ari den sorkuntzaren, pentsamendu garaikidearen eta ikus-entzunezkoen industriaren arteko topagune ere.
68. edizioak ibilbide horri eutsiko dio, eta programazioak gaur egungo zinemaren askotariko ikuspegiak islatzen dituzten sail eta espazioak izango ditu ardatz.



Izen emate bidezko sailak
Sail Ofiziala – Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa
Jaialdiaren ardatz nagusia da. Film laburren nazioarteko aukeraketa bat biltzen du —dokumentala, fikzioa eta animazioa—, eta zinemagile berrientzako proiekziorako plataforma bat eta zinema garaikidearen joera bizienak deskubritzeko gune bat da.
Bertoko Begiradak – film laburrak
Formatu laburreko Euskal zinema egin berriari eskainitako saila da.
Bertoko Begiradak sailak lurraldeko ikus-entzunezko sorkuntzaren panoramika bat eskaintzen du, eta ZINEBIk tokiko ehun kulturalarekin eta sortzailearekin duen konpromisoa indartzen du.
Spain Short
Espainiako Estatuan produzitutako film laburrari eskainitako programa da, zeinak zinema garaikidearen ahots eta lan ildo berrien aukeraketa adierazgarri bat biltzen baitu.



Bestelako sailak eta jarduerak
Sail horietako edukiak jaialdiko taldearen lan kuratorialaren bidez zehazten dira. Horrez gain, posible da proposamenak aurkeztea, zuzenean ZINEBIrekin harremanetan jarriz.
Bertoko Begiradak (film luzeak)
Film laburrekin batera, jaialdiak euskal film luze dokumentalen sorta bat programatzen du, lurraldeko ikus-entzunezko sorkuntzaren gaineko begirada zabalduta.
Essential Docs
Sailak urtean zehar nazioartean egon diren film luze dokumental garrantzitsuenetako batzuk aurkezten ditu, ZINEBIko publikoari egilearen begiradagatik eta orainarekin hitz egiteko duten gaitasunagatik azpimarragarriak diren lanak hurbiltzeko.
ZINEBISKOPIO
Zinema elkarrizketarako, begirada kritikoa eraikitzeko eta memoria kolektiboa lantzeko tresna gisa ulertzen duen espazio bat da. Zubiak sortu nahi ditu sorkuntza zinematografikoaren eta testuinguru sozial eta kultural garaikidearen artean.



Industria
ZINEBI Networking
Jaialdiko foro profesionala. Zinemagileak, produktoreak eta sektoreko eragileak biltzen ditu, proiektuen garapen eta zirkulaziora bideratutako aurkezpenen, topaketen eta jardueren inguruan, baita talentu sortu berriaren eta industriaren arteko harremanaren inguruan ere.
Errekonozimenduak
ZINEBIk Ohorezko Mikeldi sariak banatzen ditu edizio bakoitzean, nazioartean erreferentzia bat diren zinemagileen ibilbidea aintzatesteko.
