(ARGIA) IKUSTEKO IBILTZEA, (ITZALA) IKUSTEKO ITXAROTEA
IÑIGO SALABERRIAREN OBRARI BURUZ
Gogoan dut zer nolako zirrara sentitu nuen Birta Mirkur bideoko irudiak lehen aldiz ikusi nituenean. Tolosako Bideoaldian izan zen, laurogeiko hamarkada amaieran. Gorputz horien presentzia lanbroaren lodieran nahasten zen eta iparreko argiak biltzen zituen, uraren urdinaren eta lurrunaren zuriaren artean murgilduta zeuden: istantean liluratu ninduen. Berehala ikertu nuen nor zegoen begirada haren atzean; eta, nire harridurarako, Donostiako bideoartista bat zela jakin nuen (tira, Errenteriakoa, Iñaki Izarrek zehaztasunez gogorarazten zidan bezala).
Eta Iñaki Izarrekin berarekin batera “Ars Video” bideoarteari buruzko katalogoa sortzen ari ginela, irudiak ikusi eta gutxira Iñigo Salaberria ezagutzeko aukera nuen (hura zen artista haren izena). Antzeko gustu artistikoak genituenez, laguntasun bat sortuz joan zen eta noizean behin soilik elkartzen baginen ere (gure bideek ez zuten maiz bat egiten), urteetan zehar elikatuz joan zen, han hemenka topo egiten genuen bakoitzean, eta beti gogo berarekin partekatzen, biok atsegin genituen idazle, artista eta zinemagileez hitz eginez. Elkar ikusi genuen azken aldietan, hain zuzen, Bilbora etorri zelako elkartu ginen, ZINEBIn bere azken lanetako batzuk aurkeztera zetorrenean, eta baita Itxaso Díazek zuzendutako BideOtik programan ere.
Izan ere, Iñigo Salaberria (1961-2022) bere belaunaldiko bideoartista garrantzitsuenetako bat izan da, aldizkako karrera izan duena, baina, aldi berean, bere ibilbideari irmotasunez eutsi ziona, laurogeiko hamarkadatik gaur egunera arte.
Paris III eta Valladolideko unibertsitateetan Historia eta Estetika Zinematografikoko ikasketak egin ondoren, 1984an eta 1985ean izan zuen bideoartearekin lehen harremana, Parisko American Centerreko bideo ikastaroen bidez. Bertan, laguntzaile tekniko gisa lan egin zuen, besteak beste, Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman edo Ken Feingold artista ospetsu eta eragin handikoen tailerretan.
Salaberria Espainiako bideoartearen bigarren belaunaldikoa zen eta lan benetan koherentea garatu zuen; beti izan zuen ezaugarri bere begirada propioa izatearekiko interesa, zeina xehetasunen zalea eta gogoetatsua baitzen, eta beti adi baitzegoen pertzepzioaren aldaketen aurrean; bat zetorren, argi eta garbi, irudiaren alderdi fenomenologikoetan zentratuago zegoen ikus entzunezkoen tradizio esperimentalarekin. Hasiera hasieratik, bere lanen bereizgarri bihurtu zen agerikoa zen jarrera gogoetatsu hura: bere lana, funtsean, begirada behatzaile eta sarkor batean oinarritu zen, zeinaren bitartez transzenditu egin nahi baitzuen ikusten zenaren itxura hutsa. Hala ere, aipatu dugun koherentzia horren barruan, bere lanari xehetasun handiagoz erreparatuz gero, sotilki anitzak diren zenbait begirada ikus ditzakegu; horiek dira, oro har, artista poliedrikoaren eta konplexuaren erretratua osatzen dutenak.
Salaberriak hainbat bider azaldu zuen zer helburutan eta premisa estetikotan oinarrituz lan egin zuen bere obra enblematikoetako batzuk zuzentzeko, hala nola Birta Mirkur (1987), Sombras de cal (1990) edo Lo ibiltariak (2017), batzuk aipatzearren. Eta sarritan azaldu zuen, bai ikus entzunezko programazioen testuinguruan egindako elkarrizketetan —esaterako, BideOtiken Azkuna Zentroan (2017)— bai, esan bezala, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian bere lanik berrienetako batzuk aurkeztu zituenean (2015, 2017 eta 2019an).
Horrek, esan bezala, bere obran elkarrekin bizi ziren begirada desberdinen tipologia bat bereiztera eraman gaitu eta, era berean, horien nolabaiteko bilakaera bat ikustera. Bilakaera hori dela eta, eraldatuz joan ziren, batetik, kameren eta edizio-sistemen bilakaera teknikoaren beraren eskutik eta, bestetik, gehien interesatzen zitzaion ikus-entzunezko lengoaiaren oinarri estilistiko eta narratiboak pixkanaka bereganatu izanaren ondorioz.
Horrela, bere lanak kronologikoki ikusiz gero, ikusleak begirada horren eraldaketa eta hazkundea ikus ditzake: hasieran pintura inpresionistaren premisetatik abiatzen da (Quai de Javel [1984], Caliza [1985] edo Disdirak [1992] lanetan) eta, ondoren, bidaiari erromantikoarena edo etnografo esperimentalarena baino konplexuagoa den behaketa batez elikatzen da —besteak beste, La noche navegable (1993) edo Benarés-Sanganer (1999) lanetan—, azkenik ehiztari bakartiaren irudiarekin identifikatzeko, edo gauean zelatan dagoen frankotiratzailearekin, berak bere “Trilogía nocturna” (gaueko trilogia) deitu zuen hura osatzen duten lanetan —Txinan filmatutako Las horas contadas (2010), Islandian filmatutako Luz a la deriva (2015), eta Japonian filmatutako Lo ibiltariak—. Hori guztia Rijekan (2019) iristen da une gorenera, amaitu zuen azken lanean, zeina Kroazian grabatu baitzuen. Baina merezi du, era berean, azpimarratzea bere Super 8 zaharretako irudien azken bildumak bere lanari amaiera emateko izan duen papera. Izan ere, ikusizko testamentu gisa egin baitzen duela gutxi, María Elorza zinemagilearekin, honako izenburu honekin: On the Water’s Edge: Filmworks 1984-1988 (2022).
Hain zuzen ere, azken garai hauetan, 2010etik aurrera gutxi gorabehera, izugarri gozatu ahal izan genuen, hamarkada luze baten ondoren arrastoa galduta izan ondoren, zuzendaritzara itzuli zenean; eta oso atsegina izan zen, hain zuzen, bere begiradak zer nolako bilakaera izan zuen ikustea: are zainduagoa baitzen, are bareagoa. Iñigori oinez ibiltzea gustatzen zitzaion, noraezean, ikusteko zain: baina bilatu gabe. Begiradari iristeko parada emanez. Hau, batzuetan, paseatzean sortzen zen; beste askotan, gelditzean. Iñigo gai zelako esertzeko, eta itxaroteko. Bere gorputza itzalaz blaitu zedin utziz. Argia ikusteko.
Gabriel Villota ToyosEuskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea