EUSKAL ZINEMAREN EGUN HANDIA
ZINEBIk Euskadin egindako zinemarekin eta gure ikus-entzunezko industriaren kanpo-proiek-zioarekin duen konpromisoa berretsi nahi du 60. edizioan (hirurogei urtean hamaika gauza egin daitezke). Konpromiso hori 1959an hartu zuen ZINEBIk, hau da, Bilboko Zinema Dokumental Iberoamerikar eta Filipinarraren Nazioarteko Jaialdia sortu zenean (hasieran izen hori zuen, gaur egun denboraren tunel batetik ateratakoa dirudien arren). Izan ere, gutxienez lau belau-nalditako euskal zinemagileen lan nagusiak izan ditugu ikusgai ordudanik: Pío Caro Baroja, Néstor Basterretxea, Fernando Larruquert, José Antonio Sistiaga, Pedro Olea, José Ángel Rebolledo, José Julián Bakedano, Imanol Uribe, Anton Merikaetxebarria, Juan Ortuoste, Javier Rebollo, Ramón Barea, Ernesto del Río, Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa, Asier Altuna, Jon Garaño, Borja Cobeaga, Begoña Vicario, Haritz Zubillaga, Koldo Almandoz, Isabel Herguera, Víctor Iriarte, Laida Lertxundi eta Izibene Oñederra, besteak beste. Hirurogei urte asko dira eta gure herrialdeko mugimenduzko irudien historiaren parte handi batez gozatzeko aukera ematen dute.
2008an, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 50. urteurrenean (2000. urtetik ZINEBI da), zinemaldiak omenaldi beroa egin zien aitzindari batzuei (Caro Baro-ja, Basterretxea, ordurako zendu zen Larruquert, Olea, Uribe eta Bakedano), gerraondoko eta diktadura frankistako kondizio gogorretan zinemagile eta herritar gisa izan zuten adorea eskertzeko.
Gaur egun Euskal Zinema esaten diogun hori 70eko amaieran eta 80ko hasieran, Trantsizio demokratiko bete-betean, erabiltzen hasi zen etiketa bat da. Garai hartako giroa nahasia eta aginduzkoa zen, eta herrialdeko unibertsitate eta kultura-erakundeek euskal eta espainiar film laburren gaineko eztabaida beroak bultzatzen zituzten (beste herrialde batzuetako borroka-esperientziekin ere lotura zuen horrek, batez ere Latinoamerikarekin). Giro horretan Bilboko jaialdia izugarri nabarmendu zen eta, hala, kritika eta espezializazioa jaialdiaren bereizgarri nagusi bihurtu ziren. Gero, Euskal Herrian garai hartan egindako lehen film luzeen arrakasta komertzialaren ondorioz, Euskal Zinema marka herritar-agiri bihurtu zen berehala Espainiako zinema-merkatuan; honako film luze hauek izan zuten arrakasta, bereziki: Alfonso Ungríaren La conquista de Albania (1983) eta Imanol Uriberen La muerte de Mikel (1983).
Joan den mendeko 70eko hamarkada aurretik, Bilbon zinema produzitzeko eta zuzentzeko saio eta esperientzia gutxi batzuk baino ez zituzten egin, eta ez zuten bata bestearekin apenas loturarik. Gerra Zibilaren aurreko hiru hamarkadatan, Mauro eta Víctor Azcona anaiek ekoiztutako pelikulak dira garrantzitsuenak, aitzindari izan zirelako; garai hartako haien lan nagusia El mayorazgo de Basterretxe (1928) fikziozko film luzea da. Gerraren ondoren, 1966an, Pedro Oleak Ría de Bilbao film dokumental ertaina zuzendu zuen.
Lehen esan bezala, Bilbon 60ko hamarkadan lortu zuten ekoizle, zuzendari eta gainerako profesionalek, beren lanekin, gure hiriko zinema-ekoizpenari eustea; 60. edizioan omenduko ditugun hauek, besteak beste:
– José Ángel Rebolledo (Bilbo, 1941). Industria Ingeniaritzako ikasketak egiten hasi zen, baina utzi egin zituen, eta zuzendari titulua eskuratu zuen Zinematografia Eskola Ofizialean (ZEO), 1973an. 1975ean Arriluce film labur esperimentala zuzendu zuen. Muntatzaile, produkzio-laguntzaile eta gidoigile gisa ere lan egin du. 1983an Aiete Films ekoiztetxea sortu zuen Imanol Uribe, Javier Aguirresarobe eta Gonzalo Berridirekin batera, eta 1985ean lehen film luzea zuzendu zuen: Fuego eterno.
– Anton Merikaetxebarria (Bilbo, 1944). Zuzendaria, gidoigilea, kritikaria eta zinema-saiogilea da. Zinematografian diplomatu zen London Film School erakundean (1969-1971). 70eko ha-markadan film labur batzuk egin zituen, adibidez: Rumores de furia (1973), Arrantzale (1975), Santuario profundo (1976) eta Ikuska 3 (1979). Kritikari-lanetan euskal hedabideetan aritu da, Egin, Muga eta Euskadin, esaterako, eta 1985etik El Correo egunkarian. 2013an saiakera bat argitaratu zuen: El enigma Ingmar Bergman.
– Alberto López Echevarrieta (Bilbo, 1945). Kazetaria, idazle poligrafoa, kritikaria eta zinema-saiogilea da. Kazetaritzan lizentziatu zen Madrilgo Eskola Ofizialean. 1963an Bilboko Radio Popular irratiko informazio-zerbitzuetan lan egiten hasi zen eta, gero, Pueblo egunkariko erredaktore izan zen hamar urtez. ZINEBIko antolamendu-taldeko kide ere izan da. Bere lan nagusiak dira El cine en Vizcaya (1977), Cine vasco, ¿realidad o ficción? (1982) eta Bilbao, cine y cinematógrafos (2000).
– Santos Zunzunegui (Bilbo, 1947). Kritikaria, irudiaren teorikoa, zinema-idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) katedradun emeritua da. Ospe handia du hala estatuan nola nazioartean. 1979an Contracampo aldizkarian hasi zen lanean eta 2007an Caimán. Cuadernos de cine argitalpenean. Hauek dira bere lan nagusiak: Mirar la imagen (1984), El cine en el País Vasco (1985) eta Robert Bresson (2001) eta Orson Welles (2005) monografiak. Duela gutxi Euskadi Saiakera saria jaso du, Bajo el signo de la melancolía obrarekin.
-Juan Ortuoste (Bilbo, 1948). Lan Zinema ekoiztetxe bilbotarra sortu zuen 1973an, Javier Rebollorekin batera. Urte batzuetan publizitatearen arloan jo eta su lan egin ondoren, enpresak Carmen, 3º G (1978) eta Agur, Txomin (1981) film laburrak produzitu zituen, besteak beste. Urte hartan bertan zuzendari gisa estreinatu zen, Rebollorekin batera zuzendu zuen Siete calles komediarekin. 1985ean Golfo de Vizcaya ekoiztu eta 1989an El mar es azul zuzendu zuen. Ekoizle eta zuzendari lana eta gidoilari eta muntatzaile lana aldizkatu ditu.
– Ramón Barea (Bilbo, 1949). Antzerkiko, zinemako eta telebistako aktorea, dramaturgoa, es-zenako zuzendaria eta zinema-zuzendaria da. Zinemako aktore gisa ehun pelikula baino gehiagotan parte hartu du, besteak beste zuzendari hauekin: Iciar Bollaín, Álex de la Iglesia eta Borja Cobeaga. Zuzendari gisa Adiós, Toby, adiós (1996) film laburrarekin egin zuen debuta; gero Muerto de amor (1997) zuzendu zuen. Film luze hauek ere egin ditu: Pecata minuta (1999) eta El coche de pedales (2004).
– Javier Rebollo (Bilbo, 1950). Batik bat Lan Zinema ekoiztetxean aritu da gidoilari-, ekoizle- eta zuzendari-lanetan, Juan Ortuosterekin batera. Film luze hauek zuzendu ditu, esaterako: Golfo de Vizcaya (1985), Calor… y celos (1996), Marujas asesinas (2001) eta Locos por el sexo (2006). Karambola Producciones ekoiztetxearekin eta M. Eugenia Salaverri idazle eta gidoi-lariarekin elkarlanean La buena hija (2013) eta Txarriboda (2015) egin ditu, adibidez.
– Ernesto del Río (Bilbo, 1954). Zuzendari gisa Luis Eguiraunekin batera filmaturiko Octubre 12 (1982) eta El ojo de la tormenta (1983) film laburrekin egin zuen debuta. 1985ean Sendeja Films ekoiztetxea eratu zuten biek, beste bazkide batzuekin batera. Lehen film luzea 1987an egin zuen, El amor de ahora; eta horrez gain zuzendu ditu No me compliques la vida (1990), Hotel y domicilio (1996), Valeria descalza (2011) eta Umezurtzak (2015). 2000tik 2017ra ZINEBIko zuzendari izan zen.
Esan bezala, ZINEBIren 60. edizioko Euskal Zinemaren Egunaren amaieran, José Antonio Sistiagari (Donostia, 1932) omenaldia egingo diogu. Gerraondoko Euskal Herriko abangoardia historikoko artista plastiko garrantzitsuenetako bat da, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Néstor Basterretxea eta Rafael Ruiz Balerdirekin batera. Sistiagaren lana oparoa eta oso pertsonala da. Zinemagile esperimental gisa, 1968an lan oso berezi bat aurkeztu zuen Bilboko Jaialdian, Ere erera baleibu icik subua aruaren…, hain zuzen ere, eta 10. edizio hartako Zinema Esperimentalaren saria jaso zuen. Zazpi minutuko film labur bat da eta fotogramak banan-banan eskuz margotuta daude. Gero De la luna a Euskadi izena jarri zion. Material zoragarri hori gaur egun non den ez dakigu, baina gero egin zuen film luzearen jatorria izan zen; pelikula horri bere lagun Balerdik asmaturiko jatorrizko izenburua jarri zion. Filma 1970an estreinatu zuten Madrilen eta harrera oso ona izan zuen Bartzelona, Londres, Paris eta New Yorkeko jaialdi eta emanaldietan, adibidez. 1988tik 1989ra Impresiones en la alta atmósfera egin zuen, teknika berberarekin. IMAX pantaila erraldoiko zinemetan 70 mm-ko formatu horizontalarekin proiektatzeko lan bat zen. Garai horretan egin zuen, halaber, Han (sobre el sol), euskarri berean. 1991n Paisaje inquietante nocturno eta En un jardín imaginado zuzendu zituen, beste teknika batekin eta 35 mm-ko forma-tuarekin. Sistiagaren omenaldian Sistiaga, une histoire basque (Manuel Sorto, 2018. 96 min.) dokumental luzea estreinatuko dugu, artista gipuzkoar handiaren izaerari, munduan egoteko moduari eta sortzeko erari buruzko film bat. Aldez aurretik ZINEBIren lan berezi bat emango dugu, UPV/EHUko Hauazkena eta Begoña Vicariok kudeatutatko animazio-taldeak eginiko En la luna (2018), non artistak De la luna a Euskadi (1968) film labur galduaz gogoan duena berrinterpretatzen duen.
Saio hori eta dokumental laburraren proiekzioa Denboraren artea bideo-zikloaren barruan dago. Ziklo hori Bilboko Arte Ederren Museoak 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa dela eta antolaturiko jardueretako bat da; zikloaren komisarioa Guadalupe Echevarría da. Izan ere, ZINEBIren asmoa Museoarekin elkarlanean estuago aritzea eta Euskadiko gaur egungo ikus-entzunezko ekoizpenaren inguruko 60. edizioko proposamena aberastea da.
ZINEBIk Mikeldi Berezia ematen die eta jaialdiko antolatzaileek eta bilbotarrek berek zenbat maite dituzten adierazten diete Euskadin egindako zinemako bederatzi berri-berriei. Bederatzi herritar bertutetsu dira eta, pazientziaz eta iraunkortasunez, gure kultura-ondarearen parte bihurtu diren pelikulak egin dituzte. Eta horixe lortzeko bidean dira Bilboko Jaialdiaren urteu-rren biribil honetako sail ofizialean lehiatuko duten euskal zinemagile gazteak ere.
Izan ere, iragana begien bistatik ez galtzea eta orainaldiaren lekukotasuna uztea etorkizuna zelatatzeko modu on bat da, modu bakarra, seguru asko.
Luis Eguiraun
Gidoilaria eta ZINEBIko programatzailea (2003-2019)