Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    LAURA POITRAS

    IKUSEREMUA ZABALTZEA: LAURA POITRASEKIN EGOTEA

    Jatorri korearreko Byung-Chul Han filosofo alemaniarrak, bere azken testuen zati handi batean, munduko zati garatueneko biztanleen denboraren pertzepzioa aldatzen ari den moduari buruz hausnartu du. Baliteke teknologia berrien erabilera orokortzearen ondorioz, izugarri hedatutako falazia bat errazago finkatu izana: nahi izan dezakegun informazio guztia gure eskura dagoela, edozein unetan eta lekutan; eta datuen eta iruzkinen gehiegizko ugaritasun zoragarri horrek, eztabaidarik gabe, gure garaiko errealitatea osatzen duela.

    Falazia horretatik abiatuta, gure gizartearen zati handi bat ezagutza-maila paregabe bat lortu izanaren fikzioan kokatu da. Baina fikzio horrek baztertu egiten du —ez baitu beharrezkotzat jotzen— denborak egin behar duen ezinbesteko zeregin hori, ustezko informazio kopuru eskerga horiek prozesatzeko (asimilatzeko, ulertzeko, hausnartzeko). Filosofoak ongi adierazten duen bezala, ezagutza eta informazioa bereiztean datza: Hanek gogorarazten digunez, “jakitea, zentzu enfatikoan” prozesu “geldoa eta luzea” da, eta “denborazkotasun guztiz desberdina” du. “Heldua”. Ezagutza eta hausnarketa agian ez dira beti eskura dugun informazio horren antonimoak, baina argi dago pertsonek informazioa erabiltzeak bakarrik laguntzen duela pentsamendua, kultura, artea eta zientzia garatzen. Adimen artifiziala protagonista den garai hauetan, non batzuek artifiziala ez den adimen horren mailara igo nahi baitute, agerikoa da (guk) denbora eskaintzea dela berme bakarra, inguratzen gaituen munduari buruzko begirada propio bat eraikitzeko ikuspegi eta gogoeta aberasgarri berriak garatu ahal izateko.

    Berriz ere Han aipatzearren, “luzatzearen arte horretan”, zinema garaikideaz ari bagara, Laura Poitras (Boston, 1964) dokumentalista estatubatuarra dugu. Haren ibilbide eredugarriak gaur egungo ikus-entzunezkoek lor dezaketenaren erakusgarri ugari ematen ditu, baldin eta zinemak errealitatearekin duen konpromiso zaharra aplikatzen bada: errealitatea behatzea, haren garapenaren berri emanez eta errealitateari buruzko ikuspuntu bat eskainiz.

    Laura Poitrasek beti eman izan ditu aldi luzeak bere filmak eskaini dizkien pertsona-taldeekin batera bizitzen. Generoaren arauetako bat da, zeina duela 85 urte Flahertyk azpimarratu baitzuen, eta gogo bizi ahaztezinez aldarrikatu baitzuten Robert Drew-k, Maysles anaiek edo Frederick Wiseman-ek Estatu Batuetan, Jean Rouch-ek Europan eta Afrikan, edo Shinsuke Ogawa-k Japonian. Zalantza gutxi dago azkenean produzitzen diren dokumentalen zehaztasun, koherentzia eta sinesgarritasunerako dakartzan onuren inguruan: ikertzeko denbora gehiago, filma diren pertsonen konfiantza eskuratzeko denbora gehiago, jarraitzen den ildo narratiboak zentzua duela ziurtatzeko denbora gehiago, zalantzan jartzeko denbora gehiago.

    Zinemagilearen gogo bizia, denbora eta gogoeta bihurtuta, funtsezkoak izan ziren Columbus (Ohio) hiriko gentrifikazioari buruz egin zuen Flag Wars (2003) lanean, zeina Linda Goode Bryant tokiko aktibistarekin batera zuzendu baitzuen. Ahalegin hark Austingo (AEB) SXSW prestigiotsuan film luze dokumental onenaren saria jaso zuen, baita Dukeko Unibertsitateko Ikasketa Dokumentalen Zentroaren aitortza berezia ere. Filma hurrengo urteko Independent Spirit sarietarako ere proposatu zuten, eta 2001eko irailaren 11z geroztik mundua nola aldatu zen azaltzen zuen bere lehen lan handiaren hitzaurrea izan zen, My Country, My Country (2006) lanarena, alegia. Kasu honetan, Saddam osteko Iraki buruzkoak, zeinetan mediku sunni baten erretratua egiten baitzuen (zinemagilea hainbat urtez egon zen haren ondoan), Oscar sarietarako lehen aldiz proposatzea ekarri zion.

    Bere garaiko halabeharraren biktima —Poitrasek bere lan ezagunena den eta 2014an film luze dokumental onenaren Oscar sarietarako proposatu zuten Citizenfour (2013) filmean kontatu zuenez—, My Country, My Country filmatzea okupazio estatubatuarraren ondoren irakiar askok aurre egin behar izan zuten errealitatea ezagutzera emateko aukera baino askoz gehiago izan zen: Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuek markatu zuten, eta behin eta berriz galdekatu eta atxilotu zuten bere herrialdearen mugan. Garai hartan, George W. Bush errepublikanoa zen presidente, baina egoera ez zen batere hobetu 2010ean The Oath estreinatu ondoren, Barack H. Obama demokrata Etxe Zurian zegoenean.

    Dokumental hark Sundanceko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen eta mundu osoko jaialdietan proiektatu zuten, baina Poitrasek lasterka ekin zion lanari, proiektuari behar zuen denbora eskaini ahal izango ziolakoan. Risk (2016) izena izango zuen pelikula bat filmatzen hasi zen, WikiLeaks plataformaren bidez Chelsea Manningek dokumentu sekretuak filtratu eta egun batzuetara.

    Zalantzarik gabe, Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuek zinemagilea jagoletza zerrenda sekretuetan sartu izanak Poitrasi sarbide handia eman zion erakundearen garatzailera eta hark gertuen zituen pertsonengana iristeko. Julian Assange inondik inora fikziozkoa ez zen eta amaitu gabe zegoen trama baten protagonista nagusietako bat zen dagoeneko: publikoki salatu zituen, Internet bidez, demokraziaren defentsan euren eredugarritasunaz harro agertzen ziren estatuek onartu beharko ez lituzketen eta, argi eta garbi, printzipio demokratikoen aurkakoak ziren jardunbideak.

    Poitras, orduan, bere herrialdetik kanpo bizitzera ohitu zen eta, dokumentalaz eta zinemagintzaz harago doan misio honi eskaini zion denboraren ondorioz, William Binney, Jacob Appelbaum, Sarah Harrison edo, besteak beste, Edward Snowden ezagutzeko aukera izan zuen. Azken horren hoteleko gela sekretuan zegoen zinemagilea, Hong Kongen, 2013ko ekainean, Estatu Batuetako eta munduko gainerako herritarren informazio pribatua atzeman, biltegiratu eta sistematikoki analizatzen zela jakitera eman zuenean.

    Orain, gizartearentzat kaltegarriak diren jardunbideak salatzeko ahotsa altxatzera ausartzen diren pertsonak (hala nola Snowden eta Manning salatzaileak, baina baita Hervé Falciani edo Antoine Deltour ere) babesteko moduak eztabaidatzen diren honetan, Poitrasen zinema XXI. mendeko mendebaldeko demokrazien egoerari buruzko erregistro eta hausnarketa gisa agertzen zaigu, errealitateari buruzko ikuseremu zabalago bat ikusleen eskura jarriz. Field of Vision (ikuseremua) da, izan ere, 2016an abian jarri zuen dokumentalisten unitatearen izena. Unitaten horren baitan, Poitrasez gain, Iva Radivojević, RaMell Ross, Anna Giralt eta Maxim Pozdorovkin zinemagileek parte hartu dute, besteak beste.

    Azaleko ikuspegi batetik begiratuta, bazirudien Jaialdiaren edizio honetako Ohorezko Mikeldiaren irabazlearen filmografia ohiko gaietatik aldentzen zela bere azken film luzeari, All the Beauty and the Bloodshed (2022) izenekoari, uste osoz aurre egin zionean. Ez da horrela, inondik ere: kultura plural, kritiko eta eraldatzailearen aldeko borrokan Nan Goldin funtsezko argazkilariari laguntzeko apustua modu naturalean uztartzen da Poitrasen diskurtsoarekin. Azken adibide honetan, agian, ez die soilik bere ikuspegia aplikatzen herritar gisa gure askatasunak defendatzeko ditugun zailtasunei (hori ere egiten badu ere), baina artearen funtzioari, haren kudeaketari, gardentasunarekiko konpromisoari eta kulturak bete beharko lukeen ereduzko funtzioari irekitzen zaie nolabait. Hori bai, beste behin ere, Goldinekin eta bere militante talde grinatsuarekin batera erabilitako denbora funtsezko elementua izan da Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoiaren aitortza jaso duen kontakizun bat egiteko eta egituratzeko.


    Rubén Corral

    ZINEBIko Programatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA - LAURA POITRAS
    Antzolatzaileak
    Organizadores
    Babesleak
     
    Laguntzaileak