- 2013an Antzerkiaren Sari Nazionala jasotako Bilboko aktore, zuzendari eta egilea azaroaren 20an omenduko dute, jaialdiaren inaugurazio-galan.
- ZINEBIk interprete gisa duen moldakortasuna eta Pabellón 6 bezalako proiektuen bidez sorkuntza kolektiboarekiko eta belaunaldi berriekiko erakutsi duen konpromisoa aitortuko ditu.
Bilboko Udalak antolatzen duen ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Ramón Barea aktore, zuzendari eta egileari emango dio Ohorezko Mikeldia. Bilboko sortzaileak azaroaren 20an, ostirala, 19:30ean, jasoko du saria Arriaga Antzokian, jaialdiaren 68. edizioari hasiera emango dion galan. Aurtengo edizioa azaroaren 20tik 27ra egingo da.
Ehun film baino gehiagoko ibilbidea eta arte eszenikoei eskainitako bizitza oso baten ondoren, Bareak pertsonaia eta erregistro aniztasunak, lanaren jarraikortasunak eta elkarlanerako borondateak markatutako ibilbidea garatu du. Ohorezko Mikeldiak Bilboko kultur bizitzari egin dion ekarpena ere aitortzen du; izan ere, hirian hainbat konpainia eta espazio sustatu ditu, interprete, sortzaile eta artista belaunaldi berriek lan egin eta trebatzeko aukera izan dezaten.
Omenaldiaren aurkezpenean parte hartu dute Ramón Bareak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriak, eta ZINEBIko zuzendari Joseba Lopezortegak.
Saritua eta jaialdiaren arteko harremana aspaldikoa da. 1996an, haren “Muerto de amor” film laburrak ZINEBIren Euskal Zinemaren Sari Nagusia eskuratu zuen. 2018an, jaialdiaren hirurogeigarren edizioan, Bilbon 1970eko hamarkadatik egindako zinemari jarraipena ematen lagundu zuten profesionalekin batera Mikeldi Berezia jaso zuen. Zortzi urte geroago, jaialdiak aitortza pertsonal hau eskainiko dio.
SORKUNTZARI ETA ZINEMARI ESKAINITAKO BIZITZA BAT
Ramón Barea (Bilbo, 1949) bulegari lana utzi eta antzerkiari ekin zion. Cómicos de la Legua eta Karraka taldeetako sortzaile eta aktore izan zen, Euskal Herriko antzerki independentearen garapenean erabakigarriak izan ziren bi konpainietan. Hasieratik bertatik, antzezpena, zuzendaritza eta idazketa uztartu ditu, bere inguruan antzerkia egiteko aukerak zabaldu zituzten proiektu kolektiboetan parte hartuz.
Bokazio horrek jarraipena izan du Pabellón 6n, Zorrotzaurreko sorkuntza eszenikorako gunean, haren sustatzaileetako bat izan baitzen. Bertako jarduerak profesionalen arteko topagunea eta belaunaldi berrien prestakuntza bultzatzen ditu, eta elkarlana sorkuntzaren funtsezko osagai gisa mantentzen du. 2013an, Bareak Antzerkiaren Sari Nazionala jaso zuen, bere jardun eszenikoaren zabaltasuna eta gertuko ekimenak zein estatu mailako proiektuak uztartzeko gaitasuna aitortuz.
Zineman egin zuen lehen lana “La fuga de Segovia” filmean izan zen (Imanol Uribe, 1981). Harrezkero, Enrique Urbizu, Julio Medem, Álex de la Iglesia, Juanma Bajo Ulloa, Icíar Bollaín, Montxo Armendáriz eta Pablo Berger bezalako zinemagileekin lan egin du. Lankidetza horien aniztasunak zinemaren ikuspegi desberdinei irekita egon den ibilbidea erakusten du, betiere kamera aurreko lana eta antzerkiko jarduna uztartuz.
Bere interpretazioen artean bereziki nabarmentzekoa da “Cinco lobitos” filmekoa (Alauda Ruiz de Azúa, 2022). Lan horri esker, 73 urte zituela, Goya sarietako gizonezko bigarren mailako aktore onenaren kategorian lehen izendapena lortu zuen.
Bareak bere filmografia propioa ere garatu du zuzendari gisa. Bere “Adiós, Toby, adiós” film laburra 1995eko Canneseko Kritikaren Astean hautatu zuten. Lan horri eta “Muerto de amor” filmari gehitu behar zaizkie “Pecata minuta” eta “El coche de pedales” film luzeak, biak Felipe Lozarekin batera idatziak. Kamera atzean egindako jardunak eszenaren eta zinemaren lanbide ugari barne hartu dituen ibilbide oparoa osatzen du.
Ohorezko Mikeldiak alderdi horiek guztiak biltzen ditu Bilbon egingo den omenaldian, bere bokazioa sortu zen eta harekin harreman estua mantendu duen hirian. Horrela, ZINEBIk aitortza egiten dio bere ekarpena sustatutako proiektuetan eta beste profesional batzuei irekitako aukeretan luzatu duen sortzaile baten lanari.
ZINEBIren 68. edizioak beste Ohorezko Mikeldi bat bat ere emango dio István Szabó zinema-zuzendari hungariarrari. Hark azaroaren 27an jasoko du saria, Arriaga Antzokian egingo den amaiera-galan.




