- Bilboko Jaialdiak lankidetza estuagoa izango du Marrakech Short Film Festival jaialdiarekin, haren plataforma profesional berriaren bidez. Horri esker, Marokoko proiektu batek bere garapena ZINEBI 68n jarraitu ahal izango du.
- Zahra Berradaren "Fragments of an Ordinary Day" lanak ZINEBI Industry Award saria jaso zuen joan den irailean Marrakechen egindako topaketa profesionalean.
- ZINEBIren 68. edizioak, azaroaren 20tik 27ra bitartean, 33 herrialdetako
49 film labur bilduko ditu, baita nazioarteko zinemagile ezagunen lanak ere, besteak beste, Laura Poitras, Barbara Kopple, James Benning, Kamal Aljafari eta Albert Serra.
(Bilbao, 2026ko azaroaren 13an). Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, 68. edizioan, nazioarteko zinema-komunitatearekiko harremanak indartu ditu lankidetza profesional berrien eta hainbat herrialdetako lanak eta zinemagileak biltzen dituen programazioaren bidez. Ekimen horien artean, Marrakech Short Film Festival jaialdiarekin duen lankidetza nabarmentzen da, Marokoko jaialdiaren filmen garapenerako plataforma berriaren bitartez.
Lankidetza hori ZINEBI Industry Award saria emanez gauzatu da. Saria Zahra Berradak zuzendutako eta Oumayma Zekri Ajarraik, May Advisory Studioko ekoizleak, ekoitzitako “Fragments of an Ordinary Day” proiektuak jaso du. Joan den irailaren 30ean Marrakechen emandako aitorpen horri esker, proiektuaren taldeak ZINEBIren 68. edizioan parte hartu ahal izango du, azaroaren 20tik 27ra bitartean egingo den jaialdian, eta ikus-entzunezko industriako profesionalekin harremanak sendotzen jarraitzeko aukera izango du.
Akordio hau ZINEBIk nazioarteko jaialdi eta plataformekin dituen harremanak zabaltzeko duen interesaren barruan kokatzen da, proiektuen zirkulazioa sustatzeko eta sortzaile berriei beren jatorrizko herrialdeetatik harago laguntza eskaintzeko helburuarekin.
MARRAKECHETIK BILBORA: FILM LABURREN ALDEKO LANKIDETZA
Marrakech Short Film Festival jaialdiak joan den irailean egin zuen bere seigarren edizioa, eta bertan AMANAR izeneko plataforma profesionala jarri zuen abian, Marokoko film laburren sorkuntza eta garapena sustatzeko.
Ekimenak nazioarteko hamabi profesional eta hautatutako bost proiektu bildu zituen. Parte-hartzaileek industriari lotutako jardunaldietan, aholkularitza-saioetan eta sektoreko adituen aurreko aurkezpenetan hartu zuten parte. Bertan izan ziren Cannes, Clermont-Ferrand, FESPACO eta ZINEBI bezalako jaialdi eta erakundeetako ordezkariak.
Iratxe Fresneda euskal zinemagile eta ikertzailea, ZINEBIko kolaboratzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea, proiektuen aurkezpen-saioen epaimahaikide izan zen, Afrikako ikus-entzunezko industriako beste profesional batzuekin batera.
ZINEBI Industry Award saria irabazi duen “Fragments of an Ordinary Day” proiektua garapen-fasean dago gaur egun, finantzaketa eta lankide berriak bilatzen. Bilbon izango duen parte-hartzeak harreman profesional berriak ezartzeko eta nazioarteko ibilbidean aurrera egiteko aukera eskainiko dio.
Gainera, AMANAR plataformak hamabi hilabeteko jarraipen-programa aurreikusten du, baita 2027an Kairon egingo den lan-etapa berri bat ere, parte hartzen duten proiektuei ematen zaien laguntzari jarraipena emateko helburuarekin.

