CECILIA ROTH. EMAKUME AURPEGIA
Jakina denez, Iparramerikako zinema klasikoaren aldean —ekoizle handiak, estudio handiak eta star system delakoa— europar zinema modernoa, literatura melodramatikoaren eta XIX. mende amaierako antzerkiaren ondoriotasun astuna jasaten zuena, nortasun berezia lantzen hasi zen, ordura arteko bideak atzean utziz. Bigarren Mundu Gerraren amaieratik eta gerora izandako krisi espiritualaren ondorioz, giltzarrietako bat izan en barrura begiratzen hasta, argumentuak hustuz eta ikuslea hausnarketa egitera bultzaraziz airean gelditzen ziren narrazio hutsune horiek baliatuz. Zinema mota horretan ezer ez zela gertatzen zirudien. Galdera existentzialek eta narrazio zatikatuak emakumearen aurpegian aurkitu zuten estilo aldetik ezaugarri bihurtu zen berezitasuna, hori izan zen beste giltzarria. Emakume aktore ezagunen aurpegiak xehetasun handiz moldatu zituzten zuzendariek enkuadre izugarriak eta argia erabiliz, giza esperientzia, mina eta bizitzeko alaitasuna laburtzera iritsiz. Europar fenomeno horrek harreman berri bat sortu zuen zinemagileen eta aktore emakumeen artean. Halaxe gertatu zen Dreyer eta María Falconettiren artean, Rossellini eta Anna Magnaniren eta Ingrid Bergmanen artean, Antonioni eta Monica Vittiren artean, Bergman eta Ingrid Thulinen eta Liv Ullmannen artean, Godard eta Anna Karinaren artean eta, gugandik hurbil, Saura eta Géraldine Chaplineren artean.
ZINEBI 56k Ohorezko Mikeldia emango dio aurten emakume bikain bati, lan handia eginez europar tradizioa jarraitzen duen lekuko bati, oran arte aipatu ditudan emakumeen ildoari jarraituz: Cecilia Roth argentinarrari.
Buenos Airesen jaio zen, Europa erdialdeko judu jatorria zuen intelektual familia batean. Cecilia Rothek film asko egin ditu eta bere talentuari esker hemen eta nazioartean sari garrantzitsu asko jaso ditu. 1976an iritsi zen Espainiara familia osoarekin, Estatu kolpe bortitz baten ondoren errepresio beldurgarri batengatik ihes, Junta Militar batek boterea hartu baitzuen han. Gure zinemak dituen bi zuzendari bikainek berehala erreparatu zioten aurpegi, begi eta ahots hark zituzten aparteko aukerei, interprete gisa erregistro ugari ikusi zizkioien, drama izan ala komedia izan, ezaugarri pertsonalak eta oso bereizgarriak baitzituen: Iván Zuluetak 1980an bere Arrebato filmaren protagonista izateko deitu zion, sailkatu ezinezkoa den filma, gurtzeko modukoa oraindik, bai zuzendari eta bai aktorea ikono bihurtu zituena, Espainiako zinemaren paradigma berriaren aitzindari gisa, Transizioko Zinema deiturikoa, alegia; Pedro Almodóvarrekin bi film esanguratsuetan egin zuen lan, espainiar bizitzan aldaketa eta haustura garaia zen hartan, Madrileko mugimenduaren izenpean bizitako adierazpen bereziak izan ziren haietan: Laberinto de pasiones (1982) eta Entre tinieblas 11983). Almodóvarrek eta Cecilia Rothek lanean jarraitu zuten: Todo sobre mi madre (1999) eta orain dela gutxi Los amores pasajeros (2013). Argentinako zineman Adolfo Aristarainek egindako bi filmekin lortu du Cecilia Rothek gizakien bizitzaren barru-barruko mina inork ez bezala adieraztea: Un lugar en el mundo (1992) eta Martín (Hache)(1998).
Bilboko Nazioarteko Dokumental eta Film Laburren zinemaldiak Cecilia Rothi ematen dio Ohorezko Mikeldi saria bere 56. Edizioan aktore libre eta eskuzabala delako, Europako zinema modernoaren eta garaikidearen tradizioari eutsi dioten emakume interpreten artean oinordekoa izan delako, bere ofizioan heldutasun betea lortu duelako lanak aukeratzerakoan, eta jakin duelako, baita ere, intuizioa, arriskua eta koherentzia personal eta profesionala baliatuz paper egokiak aukeratzen, bere garaiko emakumeen rola bete duelako film bakoitzean, horiek guztiak izaera handiko emakumeak izan direlako, parre eta negar egiten jakin dutenak, eta Espainiako, Europako eta Iberoamerikako milioika ikusleen irudimen zinematografikoan dagoelako.
Luis Eguiraun
Gidoilaria eta ZINEBIko programatzailea (2003-2019)