ANA MURUGARREN ETA MARÍA EUGENIA SALAVERRI. BI ZINEMAGILE PREZIATU
Bizitzan, zenbaitetan, ezusteko eta aparteko egoera edo gertakariek ingurura begiratzera behartzen gaituzte, zailtasunak gainditzeko erreferentzia baliagarrien bila; horrek laguntzen digu itxaropena ez galtzen eta aurrera jarraitzen. Koronabirusak eragindako pandemia hau gure izaeraren sendotasuna eta, batez ere, tinko eusteko gaitasuna neurtzen ari da, baita jendarteen kohesioa ere. Gaur egun garenaren eta egunen batean izan gintezkeenaren inguruko hausnarketa eginez, sarritan konturatzen gara uste baino hurbilago dagoela daukagun gauzarik onena.
ZINEBIn, beti bezala, eta 62. edizio honetan arrazoi handiagoz, inguruan, hurbilen dugunari erreparatu diogu: gure euskal zineari. Badakigu gure ikus-entzunezko industria etengabe garatuz doan sektore ekonomiko, kultural eta artistikoa dela; izan ere, egoerarik latzenetan ere beren onena ematen diguten emakume eta gizonen lanari esker dago gaur dagoen lekuan, gure herriko ondare zinematografikoa osatzen duten film gogoangarriak eskainiz.
80ko eta 90eko hamarkadetan, euskal ekoizpenetan emakumezkoen presentzia bigarren mailako roletara mugatzen zen garai hartan, bi emakume aitzindarik, Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzaileak eta Maria Eugenia Salaverria idazle, gidoigile eta ekoizleak, agerian utzi zuten euren gaitasuna. Hori horrela, beren lan eta iraunkortasunak eraman ditu gaur Ohorezko Mikeldia jasotzera.
Ana Murugarren (Martzilla, Nafarroa, 1965) Informazioaren Zientzietan lizentziatu zen UPV/EHUn, eta zine zuzendari, gidoigile eta muntatzailea da (azken rol horretan lan egin izan du Enrique Urbizu, Pablo Berger eta Alex de la Iglesia zinemagileekin, besteak beste). 80ko hamarkadan Creativideo ekoiztetxea sortu zuen Bilbon Urbizurekin, Joaquín Trincadorekin eta Luis Maríasekin, eta zuzendari gisa egindako lehendabiziko lana Eskorbuto taldearen bideoklip bat izan zen, Antes de las guerras (1985).
2005. urtean Esto no es la vida privada de Javier Krahe film luze dokumentala zuzendu zuen, eta haren atzetik iritsi ziren El precio de la libertad (2011) telesail laburra, Mario Onaindia politikari euskaldunaren figurari eskainitakoa; erdi aroan girotutako La dama guerrera (2012) film ertaina; eta honako film luze hauek: Tres mentiras (2014), Espainia frankistan haur lapurtuen gaineko ikuspegi gordina, eta La higuera de los bastardos (2017), Gerra Zibilean Getxon bizi izandako errepresio frankistari buruz Ramiro Pinillak sortutako izen bereko lanean oinarritutakoa. Gaur egun García y García filmaren errodajean murgilduta dago, José Mota eta Pepe Viyuela protagonista dituela. Injustizia egoerak salatzea eta memoria historikoa zaintzea ardatz nagusi dituelarik, sari ugari jaso ditu egindako lanei esker, besteak beste, Hollywood Film Festival-eko Silver Screen Award saria, La higuera de los bastardos filmari esker.
Maria Eugenia Salaverri (Bilbo, 1957) kazetaria, idazlea eta zinema-gidoigilea da, baita abestietarako letren egilea ere. Literatura arloan, hainbat sari jaso ditu argitaratutako kontakizunei esker, hala nola Samaniego saria, Imagínate Euskadi saria eta Julio Cortázar saria; eta hainbat lan bilduma eta antologietan argitaratu dizkiote: Narradores vascos, Últimos narradores (Antología de la narrativa breve española), Relato español actual eta Rainy Days (Short Stories by Contemporary Spanish Women Writers). Euskal Idazleen Elkarteko presidentea da 2012. urtetik. 1996. urtean, gidoigile lanetan hasi zen Javier Rebollok zuzendutako Calor… y celos (1996), Marujas asesinas (2001) eta Locos por el sexo (2006) film luzeetan. Ondoren, Rebollorekin sortutako Karambola ekoiztetxean lanean, zenbait tv-movie idatzi eta ekoitzi ditu: El extraño anfitrión (2012), La buena hija (2013), La matanza (2015) eta De los ojos adentro (2019). ZINEBIk ekoitzi eta 2015eko edizioan estreinatutako Bilbao- -Bizkaia. Etxerior-Día (2015) film kolektiboan ere parte hartu zuen (El amigo imaginario atalean).
Maria Eugeniaren lanaren inspirazio iturria beti izan da umore beltz eta espresionista —beldur edota fantasia generoetatik hartutako elementuak erabiliz—, eta horrek balio izan dio giza jokabidearen zirrikitu ilunenak jario bikainaz jorratzeko. Maria Eugenia eta Ana dira ZINEBIren 62. edizio honetako erreferentzia puntu nagusietako bi. Erreferentzia puntu dira, bai, beren esfortzu, talentu eta jarrera etiko zein estetikoek agerian utzi dutelako euskal zineak, garai pandemiatu hauetan ere, istorio on asko dituela aurretik.
Horregatik guztiagatik —eta asko maite ditugulako—, 2020 ahaztezin honetako Ohorezko Mikeldia haiei ematea erabaki du ZINEBIk; beren lana aitortzeko eta Bilboko zein Euskal Herriko zineari egindako ekarpena eskertzeko.
Luis EguiraunGidoilaria eta ZINEBIko programatzailea (2003-2019)