Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    NICOLAS ROEG

    NICOLAS ROEG, ITXURALDATZE DOTOREA

    Zinegileari zuzendutako omenaldia da, baita ikusleentzako oparia ere. Aurten ZINEBIk Nicolas Roegi ematen dio Ohorezko Mikeldi saria eta, era berean, aukera ematen digu bere filmak berrikusteko edo, ziur asko, lehenengoz ikusi ahal izateko, berak aukeratu baititu bere atzera egindako begirada osatu dituzten izenburuak. Ibilbide luzeko zinegile britainiarra da Roeg, izan ere, zuzendari gisa sinatu baino lehenago, berrogeigarren hamarkada bukaera aldera, muntai laguntzaile lanetan hasi zen eta berrogeita hamar eta hirurogei hamarkadetan kamara operatzaile zein argazki zuzendari lanetan agertu zen izenburu kredituetan. Atal honetan aipatzekoak dira Fahrenheit 451 (François Truffaut, 1966) eta Far from the Madding Crowd (Lejos del mundanal ruido, John Schlesinger, 1967) filmetako irudi ikusgarriak, film horiek pantaila handian proiektatzeak garai hartako berezko eitea islatzen baitute.

    Hain artisau-ikasketa sendoaren ondoren, zinemagile honek zuzendari lanetan egindako lehen filma Performance (1970) izan zen, Donald Cammellekin batera zuzendutakoa. Mick Jagger eta James Fox dira film bitxi asaldatu honen protagonistak eta istorio honetan, Sex & Drugs & Rock & Roll nahaste ospetsuak paranoia maila hartu zuen, Aurkezpen arta interesgarria izan zen obra hau, kultu autoreen artera zuzeneko sarrera eskaini ziona, Estatus horretan dirau ordutik eta filmografia heterogeneoa garatzen joan da, gehienetan interes handienaz jarraitua izateko adinakoa, Bere ondorengo lana Walkabout izan zen (Más allá de.., 1971), urteen joan etorriarekin bere film onena izatera heldu dena. Australian grabatu zen, basamortuan neurri handi batean, modu lasai eta misteriotsuan erakusten zuen galdutako inozentziaren mito, eta gai klasiko baten bitartez galdutako inozentzia horrekiko atsegina agertzen zuen. Hala eta guztiz ere, narrazioan barrena lasaitasun hori asaldatzen duten elementuek garrantzi handiagoa eman zioten obrari, lurralde basati batean galdutako nerabe baten eta bere nebaren abentura batekin espero zena baino garrantzia handiagoa. Eskola-haur biren eta aborigen baten topaketa kontatzen duen Australiako outback-aren garrantziari esker, argazki zuzendaritza lana goraipatua izan zen, horretan ere Roeg arduradun izanik. Edertasun natural edo landugabe hura eta bitxikeria ukitu hori, osatu gabeko begirada alegia, ez ziren Londreseko zinegileari arrotz egiten zitzaizkion gaiak. Dena dela, film hau ez zen behar bezala estreinatu gure herrialdean, sortu eta zortzi urteren buruan estreinatu baitzen.

    Imajina lantzeko orduan zuzenean parte hartu izanari esker, filmatzeko modu dotorea zehaztu zuen zinegileak. Hala ere, Nicolas Roegek eginiko hautu narratiboa hurbilago zegoen errealitatearen desitxuratzearengandik hurbilketa naturalistarengandik baino. Urte haietako bereizgarri izandako autore zinemaren testuinguruan, gai oso ezberdinak jorratzen jarraitu zuen, mainstream korronteengandik urrun. Baina bere ikusleek ikusmiraz jasotzen jarraitzen zituzten bere lanak eta onartu egiten zituzten larritasunez jositako fikzioaren oinarrizko ezaugarriak.

    Testuinguru horretan kokatzen dira bere ondorengo zuzendaritza lanak. Venezia irreal batean, Julie Christie eta Donal Sutherlandek bizipen latza izan zuten Don’t Look Now filmean (Amenaza en la sombra, 1973). Fikziozko filma da hau eta Roegen zinearen berezko ezaugarri bik garrantzia berezia hartzen dute: larritasunak eta sexuak. Bere zatitutako estila ere agertzen da narrazio gidari gisa, non zatikatutako denbora egonezin eta misterio elementu bilakatzen den. Azpimarratu beharra dago izenburu honen azpian Espainian estreinatutako filma ez zela jatorrizko bertsio osan aurkeztu. Dudarik gabe, zentsurak film onen muntai ez-lineala aprobetxatu zuen ikuslearentzat kaltegarriak izan litezkeen plano guztiak ezabatzeko. Bitxi zein arriskutsua den filmatzeko modu honekin jarraituz, fantasiazko genera landu zuen eta David Bowie estralurtar baten azalean jarri zuen The Man Who Fell to Earth filman (El hombre que vino de las estrellas, 1976). Nahiz eta zine alternatiboan arrakasta handia izan zuen, film honek ez zuen inoiz gurera heltzerik izan. Giza harremanen gaineko ikuspuntu zatikatu edo bibxiak, are zehatzago, sexuaren gaineko ikuspuntuak, Bad Timing (Contratiempo, 1980) ustekabeko film erakargarriaren sortze prozesuaren abiapuntua ekarri zuen. Art Garfunkel, Harvey Keitel eta Theresa Russel dira intrigaz jositako drama latz honen protagonistak, eta azken hau izan en Roeg-en musa beste sei filmetan, gerora bere emazte bilakatu zena. Bere berariazko izaera zirikatzailearen eraginez, izenburu hau ekoizpen-etxeak berak ere, Rank Organization-ek, madarikatutzat hartu zuen, “jende gaixoari zuzendutako eta pertsona gaixoek egindako jende gaixoari buruzko filma” zela argudiatuz. Horrelako lagunak izanda, nork nahi lituzke etsaiak. Estreinatu zen egunetik gutxi ikusi izan da. Eta berriro ikusteko gogoa pizten duen horietakoa da.

    Hala ere, bere film guztiak ez dira hari finean egindako pausuak, gogora ditzagun horietako bi: Insignificance (Insignificancia, 1985) filmean lau pertsonaia ospetsuen arteko alegiazko topaketaren proposamen bitxia aurkeztu zuen. Film horretan, New Yorkeko hotel batean bat egiten zuten Albert Einstein, Marilyn Monroe, Jo DiMaggio eta McCarthy senatariak, azken hau berrogeita hamargarren hamarkadako Amerikaren kontrako Ekintzen Batzorde okerraren sortzaile izan zena. Nahiz eta izen hauek aipatu ez, konnotazioak begi bistakoak izan ziren komedia hotz honetan. The Witches (Sorginen Madarikazioa, 1990) filmean Roald Dahl-en haurrentzako ipuinen mundu maltzurrari erreparatzen zion, bere rolean erabat sartuta zegoen Anjelica Huston-en eskutik. Eta, antza denez, Roeg ere erabat sartuta zegoen istorioan.

    Esan beharrik ere ez dago Nicolas Roeg bere izen handia osatzen joan dela, egindako proposamen narratiboak eta bere estilo moldakaitzari esker zuzendari bitxia izatearen ospea lortu du. Hirurogei urte baino gehiagoko ibilbidea dauka eta berrogei urte baino gehiago darama filmak zuzentzen, informazio iturri ezberdinen arabera, pe laburrean Night Train grabatzeko asmoa dauka, Martin Amis-en nobelan oinarrituko dena eta ekoizle exekutibo lanetan Steven Soderbergh duela. Horren esperan egongo gara.

    Alfonso C. Vallejo
    Irakaslea, zinemagilea

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators