Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    PETER GREENAWAY

    PETER GREENAWAY

    Oro har, adostasunez onartzen da film luzea zinemaren maila gorena dela: 100 minutuko ipuin morala, gaizkiaren edo asegabetzearen edo desordenaren narrazioan oinarritutakoa, amaiera askatzailera iritsi arte ebatzitakoa. Bai tamalgarria. Zinemaren historia deitutakoaren azken 105 urteetan, XIX. mendeko eleberriaren ilustrazio nekatu eta idortzat jo izan dugu film luzea. 105 urteko testu ilustratua ikusi dugu. Oraindik ez dugu zinemarik batere ikusi. Eta orain beranduegi da. Izan ere, zinema -zinema deiturikoa-, testu ilustratuaren 105 urteak, amaitu egin dira. Ez dugu atsekabetu beharrik. Orain datorrenak gure irudimen berrituak aseko ditu denbora luzez, eta agian orain ameslari zuzenekin, hizkuntza garaikide zuzenak erabiliz, zinema autonomoa dei dezakegun zerbait ikusi ahal izango dugu.

    Hala ere, orain arte, askotan etekin onena atera izan zaio lan inperfektu bati, mugimenduan dagoen irudiaren adierazpen gorena eta bere potentziala, film luzeak ez diren bestelako aurkezpenen bidez. Horrek sarritan esan nahi du, kontzienteki edo inkontzienteki edo subkontzienteki, telebistako proiektuen ekoizpenen bidez ere egin dela: soinudun mugimenduzko irudiak, noski, baina XIX. mendeko eleberria edo beste edozein testu ilustratzeko anbizio desesperaturik gabe, aktore egotistei birtuosismoaren edo mimetismoaren saririk emateko asmorik gabe, psikologikoki motibatuta dauden eta distantzia laburreko freudiar errailetan zehar mugitzen diren pertsonaiez 100 minutu betetzeko nahirik gabe. Formatu laburrenak, anbizio ez-narratiboa, beste bitartekoen zeharkako errekonozimendua, esperimentua nahita bilatzea eta «multimedia» izenarekin lortu nahi den guztia legitimoki dago zerrenda honetan. Aukera horien bila ibili naiz nire ibilbide zinematografiko osoan, eta sarritan izan dut horiek aurkitzeko pribilegioa. Hona hemen alternatibak bilatzeko lau emaitza pozgarri. Horiek guztiak enkarguak dira. Baina artista bati enkargu bat egiten zaionean, artistak enkargua aitzakia bihurtzen du berak nahi zuena edonola ere egiteko.

    ZINEBI

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators