Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento izeneko animazioko film laburrak (2022, Kolonbia) lortu du ZINEBI – Film Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioko Sari Nagusia, 7.000 eurokoa; Angélica Restrepo eta Carlos Velandia izan dira filmaren zuzendariak. Annecyko Animazio Zinemako Nazioarteko Jaialdiko iazko edizioan (Annecy, Frantzia) izan zuen munduko estreinaldia, eta epaimahaiak hau nabarmendu zuen film horri buruz: “ikusleari uzten dio bidaiatzen denboran zehar, espazioan zehar eta oroimeneko paisaietako soinuan zehar, eta oroitzapen mingarrien artean gidatzen gaitu, zeintzuk, denborarekin, aienatuz joaten baitira”.
Atal Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako sari nagusien irabazleen artean daude: Wild Flowers (Karla Crnčević, 2022), zeinak Euskal Film Laburrik Onenaren Sari Handia irabazi duen; Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolan ekoitzitako dokumental bat da, eta saria eman zaio oroimenari buruzko itaunketa “ausarta eta zintzo” bat delako; bestetik, Espainiar Film Laburrik Onenaren Saria, nazioarteko epaimahaiak ematen duena, Olores dokumentalari eman zaio (Alba Esquinas, 2022), “pieza biribil bat egiten duelako, non basakeria eta samurtasuna eskutik helduta baitoaz”, “baliabideak zehazki erabiltzen bikaintasuna erakusten duen” film batean.
Guztira, 57 film labur lehiatu dira ZINEBIren edizio honetan, eta MIkeldi Sariak ere banatu dira, generoka: fikziozko film laburrik onenaren Mikeldi Saria Backflip (Nikita Diakur, 2022) koprodukzio frantziar-alemaniarrari eman zaio; animazioko film laburrik onenaren Mikeldi Saria, berriz, Searching Heleny espainiar-brasildar koprodukzioarentzat izan da (Esther Vital García, 2022), eta film dokumental labur onenaren Mikeldi Saria, ostera, Balls serbiar-esloveniar koprodukzioarentzat (Gorana Jovanović, 2022).
Horiez gainera, bigarren urtea da ZINEBI jaialdiak film labur bat hautatzen duena Zinemaren Europar Akademiaren Sarietan urteko film laburrik onenaren saria irabazteko hautagaia izateko, hain zuzen, epaimahaiak hautatu duen filma Zoon animazioko alemaniar filma izan da (Jonatan Schwenk, 2022).
Saritutako film laburren izenak atal honetako epaimahaiko kideek iragarri dituzte, honako hauek, hain zuzen: Anca Caramelea errumaniar zinema programatzailea, Hilke Doering Oberhausen-go Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduraduna (Oberhausen, Alemania), Juan Soto Taborda kolonbiar muntatzaile, zuzendari eta artxibozaina, Sabina Urraca idazle eta Arte Ederretako doktorea eta Begoña Vicario animazioko filmen zuzendaria.
ATAL OFIZIALA – ZIFF ZINEBI FIRST FILM NAZIOARTEKO LEHIAKETA
Atal Ofizialeko saririk oparoena, 12.000 eurokoa, ZIFF – ZINEBI FIRST FILM Nazioarteko Lehiaketako opera primarik onenari ematen zaiona, aurten Anhell69 filmari eman zaio. Kolonbiar produkzio bat da, Errumaniako, Frantziako eta Alemaniako kideen parte hartzea izan duena, eta Theo Montoya izan du zuzendari; joan den hiru hilabete honetan, gainera, aipamen berezi bat lortu du, hain zuzen Veneziako Kritikaren Nazioarteko Astean, eta orobat Leipzigeko DOK jaialdian Urrezko Usoa ere.
Montoya, gainera, lehiatua zen ZINEBI Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan 2020an ere, Son of Sodom film dokumentalarekin, zeina aurten saritu den film luzearen ernamuina izan baitzen.
Epaimahaia, berriz, Marta Popivoda serbiar artista eta zinemagileak, Carlos Marañón Zinemania aldizkariaren zuzendariak, Nicole Brenez frantses programatzaile, unibertsitateko irakasle eta idazleak osatu dute, eta, epaian, pozik agertu dira Kolonbiako egungo zinemaren osasunagatik, eta “Anhell69” filmaren inguruan, ostera, nabarmendu dute bereziki “haren egitura poetiko bikaina” eta haren “hibridazio asmakuntzazko eta formal ikusgarria”.
Epaimahaia osatzen duten hiru kideek, halaber, aipamen berezi bat eman diote Nuestra Película film dokumentalari (Kolonbia-Frantzia), zeina Diana Bustamantek zuzendu baitu, eta zeinak Europan ZINEBIN izan baitu estreinaldia, “Kolonbiako errealitate historikora hurbiltzen delako muntaia ausart batekin, irudien erabilerak dimentsio berri batera eroaten gaituelarik, non indarkeriaren biktimak gogoratu eta errespetatzen diren”.
Epaimahai Gaztearen Saria – ZIFF (EHU), 2.000 euroz hornitua, Marusya Syroechkovskayaren How to Save a Dead Friend filmari eman zaio.
BESTE SARI BATZUK
Publikoaren EiTB Saria, berriz, 3.000 euroz hornitua, Esther Vital Garcíaren Searching Heleny (Cadê Heleny)rentzat izan da.
FAS Zineklubak ematen duen saria, ordea, 2.000 euroz hornitua eta Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi atalean lehiatzen diren film laburren artean onenari ematen zaiona, Tana Garrido Ruiz zuzendariaren Espera y sedimento filmarentzat izan da (Euskadi, 2022).
Azkenik, UNICEF Saria Dastan Madalbekov zuzendariaren Son of the Sun fikziozko filmarentzat izan da (Kirgizistan, 2022).
Jaialdiaren Amaierako Gala María Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute, eta gaur arratsaldean izango da, 19:30etik aurrera, Arriaga Antzokian. Galaren ostean, ZINEBI 64 honetan saridun ofizial gertatu direnen film laburrak proiektatuko dira. Gainera, bihar, zapatua (azaroak 19), Arriaga Antzokiak aukera emango die ikusleei film sarituak ikusteko berriro, 18:00etatik aurrera.
ZINEBI INDUSTRY-REN SARIAK
ZINEBI 64 eta Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE), Instituto de la Cinematografía y de las Artes Audiovisuales (ICAA) delakoaren, Europar Batasunaren Next Generation funtsen eta EITBren dirulaguntzekin eta Europa Creativa Desk Media Euskadi delakoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Zineuskadi Elkartearen laguntzarekin, azaroaren 14an eta 18an, ZINEBI NETWORKING: Dokumentalen Sorgunea, Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionala delakoaren bosgarren edizioa ospatu du azaroaren 14an eta 18an.
Lehenengo aldia da ICAA institutuaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin Foroak bi lehiaketa izan dituela, biak ere produkzio irabazlearentzako 10.000 euroko laguntza banarekin hornituak: lehena, euskarazko film labur dokumentalen proiektuei buruzkoa, eta, hor, epaimahaiak Zikuñagako Ama lana hautatu du (Pello Gutiérrez Peñalba), Zazpi T’erdi produktorearena; eta beste bat Estatuko proiektuei buruzkoa, zeintzuen artean Elena dio a luz a un hermoso niño izan baitzen irabazlea (Chiara Maráñón & Juan Soto), LaCima Producciones, S. L. produktorearena.
Aurtendik hasita, ZINEBI Networking foroan parte hartzen hasi dira nazioarteko aliatu estrategiko moduan Cannes Docs – munduko zinema-jaialdi garrantzitsueneko Marché Du Film delakoan zinema dokumentalarentzako topalekua dena- eta Scottish Documentary Institute delakoa.
Beste alde batetik, ZINEBI jaialdiak, aurten ere bai, Aukera Sariak eman ditu, 3.000 euroz hornitua bakoitza, film labur baten proiektu bat garatzeko xedea dutenak. (H)EMEN saria, bestalde, Ultramarino filmarentzat izan da, zeina Maren Zubeldiak zuzendu baitu; Sortzaileen Saria, berriz, Beatriz de Silva zuzendariaren 87 hadas izeneko filmarentzat; aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Saria, euskarazko proiekturik onenari ematen zaiona, Uxue Botasen eta Ane Nafarrateren Komando Marmitako filmarentzat izan da,