- “Dos Iberias”, “Esa maravillosa niebla”, “Canciones para después de una guerra”, “La flor del almendro” eta “En un lugar de la mente”, hainbat gizarte-gaietako laburmetraiekin batera, atal berri honetako bost programak osatzen dute, eta BBK Aretoan ikusi ahal izango dira.
- ZINEBISKOPIO gogoeta- eta topaketa-foro gisa planteatzen da, bere bokazio soziala eta hiriarekiko elkarrizketa indartzen dituena.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ZINEBISKOPIO sail berria hartuko du bere 67. edizioan, bere bokazio soziala eta hiriarekiko elkarrizketa indartzen dituen gunea. Hausnarketarako eta topaketarako foro gisa sortua, Zinebiskopiok eraldaketarako, elkarrizketa sozialerako eta memoria kolektiboa eraikitzeko tresna gisa ulertzen du zinema.
“Periskopio” edo “kaleidoskopio” bezalako terminoetan oinarrituta, sail berri honen izenak bere begirada irekia azpimarratzen du: zinematik ingurura begiratzea, ez zinemarantz. Saio bakoitzak — guztiak BBK Aretoan (Kale Nagusia 19-21, Bilbo) — solasaldiekin (zinemagileak, espezialistak eta gizarte-eragileak) konbinatzen ditu proiekzioak, ikus-entzunezkoen eta egungo errealitatearen arteko zubiak eraikitzeko helburuarekin.
BOST GAI-EREMU
Zinebiskopioko programazioa bost ardatz tematikotan egituratzen da, eta horiek gai sozialak, kulturalak eta giza gaiak jorratzen dituzte ikus-entzunezko sorkuntzatik abiatuta. Saio guztiek proiekzioaren ondorengo solasaldia izango dute.
Georgiako komunitatea eta integrazio kulturala
“Dos Iberias” Noé Sulaberidzerena (Georgia). Azaroaren 23an, igandea, 17:00etan programatua, dokumental historiko honek Georgia eta Euskadi arteko bidaia bisuala egiten du, globalizazioaren aurkako hizkuntza, kultura eta erresistentzia kidetasunak aztertuz. Bi lurraldeetako elkarrizketa eta irudien bidez, Bilbo eta Georgiako komunitate egoiliarraren bereizgarri den harrera- eta truke-tradizioa ospatzen du lanak.
Noé Sulaberidze zuzendariak gidatuko du solasaldia
Artea eta zinema gizarte-inklusio eta belaunaldien arteko elkarrizketa gisa
“Esa maravillosa niebla” Aitor Elorriaga Torrerena (Euskadi). Azaroaren 23an, igandea, 11:00etan ikusi ahal izango da. Lan honek garapenaren nahasmenduak — autismoa eta Down-en sindromea — ikuspegi inklusibotik jorratzen ditu, osasun mentalari buruzko hausnarketa batean amaitzen den trilogia baten zati gisa. Zuzendariak zuzentasunaren eta ikusgarritasunaren aldeko apustua egiten du artearen, musikaren eta zinemaren bitartez.
Gainera, BBK Sasoiko programako filmak (adinekoen sormena), SGAE Fundazioaren Barraka XXI programakoak (sortzaile gazteak) eta aniztasun funtzionalarekin lotutako kolektiboen hainbat bideo aurkezten dira. Proiekzioaren ondoren, programetako arduradunekin eta inplikatutako elkarteekin solasaldi bat izango da.
Dokumentala, memoria kolektiboaren euskarri eta eraikitzaile gisa
“Canciones para después de una guerra” Basilio Martín Patiñorena (Espainia). Azaroaren 24an, astelehena, 17:00etan, Espainiako gerraostea berreraikitzen duen dokumental klasiko bat programatu da, artxiboko irudiak eta abesti herrikoiak konbinatuz, memoria kolektiboari eta iraganaren eraikuntzari buruzko hausnarketa eskainiz.
Andrés García de la Riva kazetariak, Martín Patinori buruzko doktore-tesiaren egileak, gidatuko du solasaldia.
Memoria historikoaren berrikuspena
“La flor del almendro” Jesús Rocandiorena (Espainia). Azaroaren 25ean, asteartea, 17:00etan programatua, autore dokumental honetan familiaren memoria, paisaia eta Errioxako historia hurbila uztartzen dira, 1936an fusilatutako alkate errepublikar baten hilobiaren gainean hazi zen almendro baten aurkikuntzaren bidez. Rocandiok lurraldeak eta memoria pertsonalak nortasun kolektiboa nola eratzen duten aztertzen du.
Filmaren zuzendariak, Jesús Rocandiok, ondorengo solasaldia zuzenduko du.
Ikus-entzunezko sorkuntza eta osasun mentala
“En un lugar de la mente” José Corbacho eta Catalina Solivellas egileena (Espainia). Azaroaren 26an, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan, dokumental honen txanda izango da. Bertan, sorkuntza artistikoa eta antzerkia erresilientzia-tresna bihurtzen dira osasun mentalaren diagnostikoa duten pertsonentzat. Begirada intimoa, hunkigarria eta itxaropentsua, elkarrizketara eta inklusiora gonbidatzen duena.
Catalina Solivellas zuzendarikideak gidatuko du solasaldia kasu honetan.
ZINEBISKOPIO: ERREALITATEARI BEGIRATZEN DION ZINEMA
Zinebiskopio zinematik igurura begiratzeko asmoz sortu da, eta ez zinemarant. Atal honek eremu artistikoaren eta Bilboko gizarte-ehunaren artean zubiak eraikitzea proposatzen du, ikus-entzunezkoak hizkuntza komun gisa eta identitatea, aniztasuna eta oroimena dauden espazio gisa duen balioa aitortuz.
Programazio honekin, Zinebiskopio programa berri eta egonkor gisa aurkezten da ZINEBIren barruan, Zinemaldia film laburren eta dokumentalen nazioarteko erreferentzia bihurtu duten balioekin bat etorriz: irekiera, konpromiso soziala eta herritarrekiko elkarrizketa.
Zinemaldiko prentsa-materialak esteka honetan kontsulta daitezke.

