• Azken lanak aurkeztuko dituzte Bea Lemak, Aitor Gametxok, Ainhoa Ordoñezek, Giulia Cosentinok, Perla Sardellak, Maren Zubeldiak eta Silvina Guglielmottik.
  • Honako sari hauek eskuratu ahal izango dituzte: ZINEBI Sari Nagusia; Euskal Zinemaren Sari Nagusia; Espainiako Zinemaren Sari Nagusia; fikziozko, animazioko eta dokumentaleko Mikeldi Sariak; FAS Zineklub Saria; Unicef Saria; EITB Publikoaren Saria; Epaimahai Gaztearen Saria; eta (H)emen – Mirentxu Loyarte Saria.
  • Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 21etik 28ra bitartean ospatuko da.

ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, Film Laburren Nazioarteko Jaialdian – Sail Ofizialean lehiatuko diren bost film laburrak aurkeztu ditu. Aurtengoa 67. edizioa izango da, eta azaroaren 21etik 28ra bitartean egingo da. Filmak saio ezberdinetan emango dira jaialdian zehar.

Arriaga Antzokian gaur goizean egin den prentsaurrekoan aurkeztu dituzte film laburrak Bilboko udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia den Gonzalo Olabarriak, ZINEBIren zuzendaria den Joseba Lopezortegak eta Hautaketa Batzordeko ordezkari batek. Haiekin batera izan dira honako film hauen zuzendariak ere: “El cuerpo de Cristo” (animazioa), Bea Lemarena; “Geratzen den hori” (dokumentala), Aitor Gametxorena; “Habana industrial” (dokumentala), Ainhoa Ordoñezena; “Le prime volte” (dokumentala), Giulia Cosentino eta Perla Sardellarena; eta “Ultramarino” (fikzioa), Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottirena.

El cuerpo de Cristo” | Animazioa

Bea Lema – Euskadi – 13’ – 2025

Deabru bat dabil Adelaren etxearen inguruan, eta eraso egin eta min ematen dio. Horren ondorioz, psikiatraren kontsultara joango da, eta medikazioa izango da arazo guztien erabateko erremedioa. Baina berak behar duena da norbaitek entzutea benetan zer gertatzen zaion. Errealitateak erlijioan eta erritu herrikoietan bakarrik bilatuko du lekua, eta, horrela, sendalari batena joan eta dena nola eta noiz hasi zen aitortuko dio.

“Geratzen den hori” | Dokumentala

Aitor Gametxo Zabala – Euskadi – (iraupena zehaztu gabe) – 2025

2011n ama hil ondoren, zuzendaria bidaia intimo bat egiten hasiko da amaren inguruan geratzen diren objektu pertsonaletan eta oroitzapenetan barrena. Film labur dokumental honek dolua eta gaixotasuna eta duintasunarekin, zaintzekin eta transmisioarekin duen harremana aztertzen ditu, zinema iragana erakusteko tresna gisa aldarrikatzearekin batera.

“Habana industrial” | Dokumentala

Ainhoa Ordóñez Yraolagoitia – Euskadi – (iraupena zehaztu gabe) – 2025

Habanako gau-giroan, kaleetako argi apurra energia elektriko aldakorrak hornitzen du, musika-ekipoak raveetan funtzionarazteko balio duen energia berak. Gazte talde bat, energia osoaren ezaren lekuko izanik, hirian zehar noraezean dabil eldarniozko solasaldien, konspirazioen eta apatien artean, hiria gero eta ilunago geratzen den bitartean.

“Le prime volte” | Dokumentala

Giulia Cosentino & Perla Sardella – Euskadi-Italia – (iraupena zehaztu gabe) – 2025

Emiliak eta Caterinak gutunak idazten dizkiote elkarri, eta nerabezaroko oroitzapenak eta 1950eko hamarkadan barnetegi batean bizi izandako lehen esperientziak berriz bizitzen dituzte. Benetan nahi zuten bizitza aukeratu ote zuten edo soilik imajinatzen ausartu zirena?

“Ultramarino” | Fikzioa

Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti – Euskadi – ~18-19’ – 2025

Zazuk, nerabezaroaren atarian eta nortasuna bilatu nahian, herriko ospakizun herrikoian parte hartuko duen aukeratu behar du, aldez aurretik zehaztutako rol bat hartuz, edo benetan sentitzen duena egin behar du.

Bost film horiek lehiatuko dira honako sari hauek eskuratzeko: ZINEBI Sari Nagusia (8.000 eurokoa); Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 eurokoa); Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 eurokoa); Mikeldi Sariak, fikzioaren, animazioaren eta dokumentalaren kategorietan (5.000 eurokoa bakoitza); FAS Zineklub Saria (2.000 eurokoa); Unicef Saria; EITB Publikoaren Saria (3.000 eurokoa); Epaimahai Gaztearen Saria (2.000 eurokoa); eta (H)emen – Mirentxu Loyarte Saria (2.000 eurokoa).

ZINEBIren Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa – Sail Ofizialeko sariak nazioarteko epaimahaiak emango ditu, eta aurten honako hauek osatuko dute:  Ramia Beladel artistak, Callisto McNulty kuratoreak eta Norika Sefa, Daniel Šuljić eta Santiago Tabernero zinemagileek. Lehiaketan 58 filmek parte hartuko dute.

 

EUSKAL ZINEMA GEHIAGO ZINEBI 67. EDIZIOAN

ZINEBIk euskal zinemarekiko konpromisoa berritu du 67. edizioan, sail guztietan programatuta. Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa osatzen duten 58 filmetatik bosti Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi’ ekimenean programatutako izenburuak gehitu behar zaizkie: 5 dokumental eta 33 film labur.

Jaialdiaren prentsa-materialak esteka honetan kontsulta daitezke.