- Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV)batera dago antolatuta foro profesional hori, eta badu ICAA – Zinematografiaren eta Ikus-entzunezkoen Arteen Institutuaren, Europar Batasuna – NextGenerationEU funtsen eta EITB MEDIA S.A.U. (EITB), Zineuskadi eta Europa Creative Desk Media Euskadi entitateen finantzaketa.
- Edizio honetan, foro profesionalak ateak irekiko ditu, euskal produktore eta zinegileendako ez ezik, baita Estatu osoko proiektuendako ere, dokumental film luzeak aurkez ditzaten, dagoeneko aski garatuak edo produzitzen ari direnak.
ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea izeneko Bilboko Dokumental Zinemaren Foro Profesionalaren bosgarren deialdia abiarazi du ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, zeina Bilboko Udalak antolatzen baitu. Foro horren bidez, ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu nahi da, dokumental zinemaren eremuan. Aurten, ZINEBI jaialdiaren 64. edizioaren barruan egingo da, hau da, azaroaren 14tik 18ra bitartean. Gainera, bere jardun-eremua ere zabalagotu egingo du, Estatu osoko proiektu berriei ere egingo baitie leku, eta, hala, lagundu egingo baitu ikus-entzunezkoen eskualdeko sarea sendotzen eta harremanak bizkortzen sektoreko eragileen eta zinemagintzaren eta ikus-entzunezkoen industriako tokiko eta nazioarteko entitateen artean.
Irailaren 29ra arte da jaialdian parte hartzeko dokumental film luzeen proiektuak aurkezteko epea. Izena esteka honetan eman behar da. Aurkeztu nahi diren proiektuek nahiko aurreratuta egon behar dute, edo dagoeneko produzitzen, eta, haien artean hautatuko ditu profesionalek eta adituek eratuko duten hautaketa-batzorde batek, ZINEBIren zuzendaritzarekin batera, Foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek baloratu egingo du asmoa, proposamen estetikoa, eta proiektu bakoitza produzitzeko bideragarritasuna eta aukerak.
Hautatutako proiektuek, hala, bakoitzarendako egokitutako tutoretza-saio batzuetan parte hartuko dute, jendaurrean aurkeztu aurretik. Ondoren, aholkularitzarako aurrez aurreko bilerak egingo dituzte produktoreek eta parte hartzaileek.
Aurten, lehenengo bider, bi sari emango dira Foroan, 10.000 eurokoa bakoitza: biak ere Jaialdiaren amaierako galan emango dira, azaroaren 18an, Arriaga Antzokian. ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea izeneko saria, Euskal Autonomia Erkidegoko proiekturik onenarendako, 10.000 eurokoa da, eta EITBren laguntasuna du. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo produzitutako proiekturik onenak, bestalde, beste sari bat jasoko du, 10.000 eurokoa.
ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroarekin, ZINEBI jaialdiak eutsi egiten dio bere konpromisoari, alegia, dokumental proiektu beregainak sortzen eta garatzen laguntzea, zinemagileendako guneak eratzea sormenerako, gogoetarako, aholkularitzarako eta zinemagileak sustatzeko, eta elkarretaratzeak eragitea sortzaileen, produktoreen, erakundeen eta zinemagintzako produkzioa laguntzen duten sektoreko gainerako eragileen artean, eta enpresen eta profesionalen belaunaldi berrien nazioarteko proiekzioa sustatzea. Hala, beraz, parte hartzaileen eta profesionalen eta adituen arteko harremana eragitea da, batez ere, Foroaren asmoa, profesional eta adituek beren aholkua eman ahal izan diezaieten parte hartzaileei, proiektuak arrakastaz garatu eta produzitzeko moduaz.
Iazko ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroaren edizioan irabazle gertatu zen dokumental film luzearen proiektua A los libros y a las mujeres canto izan zen, Txintxua Films gipuzkoar konpainiak produzitua eta Maria Elorza zuzendariak zuzendua; Maria Elorza gasteiztarra da, baina Donostian bizi da, eta saritua izan da ZINEBI jaialdian, hala 2016an (Gure hormek, Maider Fernándezekin batera zuzendua) nola 2018an (Ancora Iucciole). Bestalde, aurten irabazle atera datekeen film luzea Donostiako Zinema Jaialdiko hurrengo edizioan estreinatuko da, New Directors sailean.
2020an, Bayo Bayo Baby proiektua izan zen irabazlea, Amaia Remírezek zuzendua eta Kanaki Films (Donostia), Caballo Films (Madril) eta Snowglobe Film Production Company (Kopenhage) konpainiek elkarrekin produzitua. Bestalde, 2019an, Bost minutu film luzeak irabazi zuen ZINEBI Networking: Dokumentalen Sorgunea-ren saria, Amaia Nerekanek zuzendua da filma (eta Marmoka Films-ek produzitua), eta ZINEBIn estreinatu zen. Eta, 2018an, Meseta izan zen proiektu irabazlea (Juan Palacios, 2018), DOXA Producciones konpainiak produzitua; filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen CPH:DOX Danimarkako dokumental zinemaren jaialdi ospetsuan.