Erabili gure bilatzailea

    FOCUS: EUSKAL ZINEMA GARAIKIDEA.
    PAISAIA HETEROGENEOAK

    AURKEZPENA

    FOCUS: EUSKAL ZINEMA GARAIKIDEA. PAISAIA HETEROGENEOAK

    AURKEZPENA

    Bere tamaina txikiak ezartzen dizkion mugen barruan, euskal zinemak beti izan ditu ezaugarri heterogeneotasuna eta haren baitako estilo eta belaunaldien elkarbizitza, zeina, zorionez, areagotu egin baita demokrazia iritsi zenetik. Segur aski, film laburra da aniztasun horren epitomea, arlo esperimentalari, animazioari, dokumentalari edo fikzioari atxikitako filmen ekoizpen etengabearekin.

    Hura garatzen eta sendotzen lagundu du zinemarako jauzia egiten ausartu diren zinemagileen zerrenda zabalaren ikus-entzunezko prestakuntzak eta prestakuntza artistikoak; ekoizpen- eta banaketa-lanetan egin dituzten ahaleginek; baina baita Eusko Jaurlaritzaren —Kimuak film laburren banaketa katalogo arrakastatsuaren sortzaile gisa— eta beste erakunde publiko batzuen laguntza instituzionalak ere, hala nola, Etxepare Institutuarenak eta Zineuskadirenak. Laguntza hori gabe, ezinezkoa litzateke aurtengoa bezalako programa bat aurkeztea.

    ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, 1959an sortu zenetik, aitzindari izan da euskal zinema eta, bereziki, film laburrak sustatzen eta zabaltzen. Bere programazioaren baitan eman ziren ezagutzera, besteak beste, Montxo Armendariz, Imanol Uribe, Mirentxu Loyarte edo Julio Medem.

    Azken urteotan bereziki, ZINEBI Euskal Herriko ikus-entzunezkoen zinemagile eta artisten sormen-askatasunarentzat zabalik dagoen lurralde bihurtzen saiatu da, zeina irekita baitago mota guztietako proposamenentzat. Horietako batzuk Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 69. edizio honetan aurkezten direnak dira; Laida Lertxundi, Iñigo Salaberria, Koldo Almandoz edo Teresa Sendagorta zinemagile esperimental prestigiotsuen lan laburrak; Maria Elorza edo Maddi Barber dokumentalistenak; Bego Vicario, Isabel Herguera edo Izibene Oñederra buru duten animazioko profesional gogotsuen taldeenak.

    Bilbotik beti sentitu izan gara Oberhausenen lorratzean, film laburraren gotorleku handia baita: programa hau hemen aurkezteak harro eta alai sentiarazten gaitu.

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators