ASKATASUNA ALDARRIKATZEKO
Peloponesoko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia Kalamatako Sorkuntza Zentro Dokumentalak antolatzen du. Kalamatan du egoitza eta Peloponeso eskualdeko beste 12 hiritan proiektatzen da. Europako zinemaldiekin etengabeko lankidetzatan jardutearen esparruan, Peloponesoko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak atsegin handiz egin du elkarlana ZINEBIrekin, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiarekin, zeina mundu mailan ospetsua den zinemaldia baita.
Duela hiru urte, bi jaialdiak beren zinemagileen lanak sustatzeko moduak aztertzen hasi ziren, baina baita haien arteko komunikazioa eta lankidetza sustatzeko moduak ere. Horrela, lankidetza oso garrantzitsu bat sortu zen azken urteotan: sei zinemagilek, herrialde bakoitzeko hiruk, dokumental modular bat ekoiztea. Honako hauek dira sinatu dutenak: Greziako Ismini Sakellaropoulou, Kalliopi Legaki eta Giorgos Danopoulos, eta Euskadiko Marisol Gil Antillano, Aleix Aguilá, Paula Gómez González eta Marcos Urquijo Yañez. Dokumentalaren izenburua Askatasuna aldarrikatzeko da. Proiektu horrez gain, bi jaialdiek omenaldia egin zioten Euskadiko eta Greziako ekoizpen dokumentalari, eta herrialde bakoitzeko hiruna dokumental proiektatu zituzten beren jaialdietan 2021ean.
Proiektu honetarako beharrezkoa zen zinema-zuzendariek elkar ezagutzea eta, hori dela eta, euskal eta greziar zuzendarien arteko topaketa bat egin zen Peloponesoko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 8. edizioan, 2021eko apirilean. Bertan, beren lanaren aurrerapenak aurkeztu zituzten eta oso harrera ona izan zuten ikusleen aldetik. Amaierako emaitza aurtengo ZINEBIn estreinatuko da eta oso pozik gaude koprodukzio honen emaitza burutua ikusita. Zinemagile guztiak etorriko dira dokumentalaren estreinaldira. Garrantzitsua da aipatzea Greziako telebista nazionalak lankidetza hori babestea erabaki zuela eta, horregatik, dokumentala emango duela.
Etorkizunerako lankidetza emankorrak opa ditugu, eta espero dugu gure jaialdiek gure bi herrialdeetako dokumentalen ekoizpena sustatzen jarraituko dutela.
Gina Petropoulou
Peloponesoko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko zuzendari artistikoa