Hautatutako zazpi proiektuek egindako aurrerapenak kontrastatu ahal izango dituzte jaialdian zehar lagundu zien profesionalen nazioarteko taldearekin

ZINEBI Animation Lab 2026en mentoring programak berriz ekingo dio egunotan bere jarduerari, datorren maiatzaren 22ra arte (ostirala) luzatuko den online kontsulten bigarren txanda batekin. Bigarren fase horri esker, hautatutako zazpi proiektuek Bilbon jaialdiaren aurreko edizioan zehar egindako lehen topaketa presentzialetik egin dituzten aurrerapenak erakutsi eta kontrastatu ahal izango dituzte.

Proiektuak deialdira aurkeztutako 49 hautagaitzen artean aukeratutakoak dira, eta, hainbat diziplinatako profesionalen taldeak lagunduta, lehen analisi eta laguntza fasean parte hartu zuten. Profesionalen taldeko kideak honako hauek izan ziren: Ivana Bošnjak eta Thomas Johnson errealizadoreak; Sébastien Sperer programatzailea, zeina Annecyko Zinemaldiko hautaketa batzordeko kide izan baitzen 25 urtez; Animafest Zagrebeko zuzendari artistikoa, Daniel Šulji, eta Pedro Rivero euskal gidoilari eta errealizadorea.

Edizio honetako hautaketan sei film labur eta film luze bat daude. Film laburrak honako hauek dira: Isabel Molinos ilustratzaile bilbotarraren Ac & Apo, Leire Bilbao idazlearen haurrentzako liburuan oinarrituta Dibulitoon donostiar estudioak egindako Klera, Londresen bizi den Alize Sotelo errealizadore nafarraren Los Niños de la Guerra, Camila Murúa errealizadore txiletarraren Pacífico, Ana Markozashvili errealizadore georgiarraren Shio eta Alice Lahourcade errealizadore frantsesaren Txantxangorria. Diego Gaviria zuzendari kolonbiarraren Noa film luzeak osatzen du aukeraketa.

Bigarren mentoring txanda honen bitartez, ZINEBI Animation Lab-ek jarraipena ematen dio Bilbon hasitako laguntza prozesuari, eta bere helburua sendotzen du, hau da, animazio proiektuak garatzen laguntzea, sorkuntza-fase desberdinetan, nazioarteko sektoreko erreferentziazko egile eta profesionalen arteko elkarrizketa bultzatuz.