• Inaugurazio-galan izan ziren Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Joseba Lopezortega, ZINEBIko zuzendaria; Ramón Barea, baita erakunde eta kultura arloko ordezkariak ere.
  • Ramón Bareak Ohorezko Mikeldia jaso zuen PABELLÓN 6ren eskutik antolatutako ekitaldian. Zinemaren historian zeharreko ibilbidea egin zuen zeremoniak, José Luis Canalen zuzeneko piano-emanaldiarekin lagunduta.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, Bilboko Udalak antolatuta, atzo ostirala inauguratu zuen bere 68. edizioa Arriaga Antzokian. Galan izan ziren Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Joseba Lopezortega Jaialdiko zuzendaria Ramón Barea; eta erakunde eta kultura arloko beste hainbat ordezkari.

Jaialdiak Ohorezko Mikeldia eman zion Ramón Barea bilbotar aktore, zuzendari eta egileari, 2013ko Antzerkiko Sari Nazionalaren irabazleari. Omenaldiak luzatu egin du haren lotura ZINEBIrekin; izan ere, jaialdiak “Muerto de amor” lana saritu zuen 1996an, eta 2018an Ohorezko Mikeldi berezi kolektiboa eman zion.

Zuzendaritza artistikoa PABELLÓN 6ren esku egon da, 2025eko inaugurazio-ekitaldiaren arduraduna ere izan zena. Haren proposamenak zinemaren historiako ibilbidea egin du, lehen proiekzioetatik eta zinema mututik hasi, soinudun zinemaren etorreraraino eta gaur egungo sorkuntzaraino.

José Luis Canalen zuzeneko pianoak lagundu ditu abestiak, dantzak, antzezpenak eta proiekzioak uztartu dituen eszenaratzea. Ikuskizunak erreferentziak egin dizkie abangoardiei, 27ko belaunaldiko emakumeei eta Lorca nahiz Lauaxeta bezalako figurei.

Ikuskizunak zentsuraren gaia ere jorratu du, eta ondoren Alfonso Ungría zinemagileari emandako sari baten berrezarpena ekarri du gogora. Ungría bera ere inaugurazio-galan izan zen. Gala honekin, ZINEBIk zinema dokumentalari eta film laburrari eskainitako edizio berri bati eman dio hasiera.