• Raúl Barrerasen "Bitartean, gero" filmak Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia irabazi du, eta Daniel Alegreteren "High River" lanak, berriz, Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia.
  • "Hauek ez dira orbainak" lanak bi sari jaso ditu ZINEBI Networking programan, eta aitortza jaso dute baita ere "Carrying Espaliú" eta "EXTERRA" proiektuek.
  • Sariak gaur arratsaldean banatuko dira, 19:30ean, Arriaga Antzokian, Jaialdiaren amaiera-galan. Ekitaldian omenaldia egingo zaio István Szabó zinemagileari.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk 68. edizoaren palmaresaren berri eman du, eta nazioarteko epaimahaiaren sei sariek guztira 35.000 euro banatuko dituzte. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Iratxe Fresneda, Ana Peláez, Varya Yakovleva, Alexe Poukine eta Paola Populin.

Mehraneh Salimianek eta Amin Pakparvarrek zuzendutako “Memories of a Window” (Alemania, Iran eta AEB) film laburrak irabazi du ZINEBI Sari Nagusia, 8.000 euroko diru-sariarekin. Epaimahaiaren esanetan, lanak nabarmentzen ditu “Irango herriak, eta bereziki gazteriak, bizi duen errepresio-egoera islatzeko duen sentiberatasuna, ausardia eta gaitasuna”, baita garai ilunetatik irten nahi duen indar kolektiboa jasotzeko duen “indar poetikoa” ere.

Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia, 6.000 eurokoa, Raúl Barrerasen “Bitartean, gero” lanarentzat izan da. Epaimahaiak azpimarratu du proposamenaren ausardia, “errealitateari lotutako zientzia-fikzioa, umorea eta begirada behatzailea uztartzen dituelako, konbentzioetatik urrun dagoen film bihurtuz”.

Daniel Alegreteren “High River” (Euskadi) lanak irabazi du Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia, 6.000 euroko zuzkidurarekin. Epaimahaiak nabarmendu du “komunitate baten desira eta arrisku giroa modu magiko eta dotorean jasotzeko duen gaitasuna; komunitate horrek denbora luzez ezkutuan bizi behar izan du eta oraindik ere hala egin behar du leku askotan”.

Halaber, epaimahaiak Aipamen Berezia eman dio Antoni Grañanaren “Nens del Delta” filmari (Espainia), “kameraren erabileran eta errealitatearen erregistroan duen freskotasun eta jolas-gaitasunagatik, haurtzaroko oroitzapenen unibertsora eramaten gaituelako”.

Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria, 5.000 eurokoa, Anna Mantzarisen “Please” (Finlandia, Frantzia, Norvegia, Txekiar Errepublika eta Suedia) lanarentzat izan da. Epaimahaiak nabarmendu du giza bakardadeari buruzko umore-zentzua eta baliabide zehatz eta poetikoekin mezu emozional indartsua transmititzeko gaitasuna.

Dokumental Film Labur Onenaren Mikeldi Saria, 5.000 eurokoa, Elham Ehsasen “Forgotten Spaceman” (Afganistan eta Erresuma Batua) filmarentzat izan da. Epaimahaiaren arabera, artxibo-materialaren erabilera zorrotza eta delikatua da lanaren indarguneetako bat, bizirik irauteko ihes egin behar duten pertsonen esperientziarekin lotutako istorio unibertsala kontatzeko.

Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria, 5.000 eurokoa, Sabrine Khouryren “A Tenderness” (Herbehereak eta Palestina) filmak jaso du. Epaimahaiak azpimarratu du bikote batek seme-alaben hazkuntzaren eta etxearen eraikuntzaren aurrean bizi dituen zalantzak nola erakusten dituen, jatorrizko lekutik urrun. “Film pertsonal, intimo, samur eta aldi berean politikoa” dela adierazi du. Gainera, lana European Film Academy (EFA) sarietarako hautagaia da.

Bestalde, Elisabeth Werchosinen “Meteorite” (Alemania eta Moldavia) filmak ere Aipamen Berezia jaso du, Moldaviako herri txiki baten bizitza “umorez, samurtasunez eta ikus-poetika zaindu baten bidez” erakusteagatik.

Mirentxu Loyarte – (H)emen Saria Beatriz Larraguetaren "Si los pájaros cantan" lanari eman diote. (h)EMEN Saria, berriz, Irati Elortondoren "Atzetik" filmak jaso du; eta Zuriñe Pájaroren "La llave" lanak Sortzaileak Saria – AUKERA eskuratu du. Bizkaiko Foru Aldundia Saria – AUKERA Jone Aranberria Etxeandiaren "Erdiko puntua" lanari eman zaio. Bestalde, Goizane Castilloren "AT" filmak EL SANTO&KO Saria jaso du, eta Leire Deiene Moralesen "Arraigo" lanak Zineuskadi Saria irabazi du.

GazteDoku atalean, Euskadiko Saria Nara Tytgatek zuzendutako "Os tenemos que decir algo" filmak jaso du; eta Estatuko Saria, berriz, Pedro Delgado eta Jordi Fraderak zuzendutako "La saca de las yeguas" dokumentalari eman zaio.

UNICEF Saria Carla Pereiraren "Algo en la casa" lanarentzat izan da; Epaimahai Gaztearen Saria (UPV/EHU) Daniel Alegreteren “High River” filmak eskuratu du; eta EITB Ikusleen Saria Aner Etxebarriaren eta Pablo Vidalen "Abata" lanari eman zaio.

Spain Shorts saileko Caimán CDC-ZINEBI Kritikaren Saria Rocío Mesaren “OAO” lanak jaso du, irudiaren eta soinuaren arteko lotura modu sentsorial eta ludikoan eraikitzen duen proposamen esperimentalagatik. Epaimahaiaren arabera, filmak zinema eta musika belaunaldien arteko sendabiderako tresna gisa planteatzen ditu.

ZINEBI NETWORKING SARIAK

Bilboko Dokumentalen Zinema Foro Profesionalaren IX. edizioak – ZINEBI Networking 2026k hiru proiektu saritu ditu lau aitortzarekin.

Tamara García Iglesiasen “Hauek ez dira orbainak” proiektuak, Atekaleun / Laura Lizuma – Tamara García Iglesias ekoitzita, ZINEBI Networking EITB 2026 Saria eta Impulso ECAM Saria jaso ditu.

Jesús Pascualen “Carrying Espaliú” proiektuak, Nana Films etxeak ekoitzita, ZINEBI Networking 2026 Saria eskuratu du. Bestalde, Celeste Rojasen eta José Jiménezen “EXTERRA” proiektuak, El Espino Films eta Antumbra ekoiztetxeen eskutik, ZINEBI Networking RTVE 2026 Saria jaso du.

EDIZIOAREN BALANTZEA

Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariaren ustez, aurtengo palmaresa jaialdiaren beraren izaeraren isla da: “Aurtengo Palmares Ofiziala ia jaialdiaren manifestu bat dela uste dut”.

Lopezortegak nabarmendu du Mendebaldeko zinemagintzak Iran, Palestina eta Afganistangoekin lotzen dituzten koprodukzioen presentzia, baita zinemaren sormenak testuinguru zailetan topaketak errazteko duen gaitasuna ere.

Era berean, euskal bi filmek lortutako sari nagusiak eta lehiaketan izan den Espainiako zinemaren maila azpimarratu ditu. Saritutako eta aipatutako lanen artean emakume zuzendarien presentzia ere balioetsi du, “Jaialdiaren ikuspegi sozial eta kulturalaren adierazgarri” gisa.

Balantzean, Arriaga Antzokia lehiaketa ofizialaren, Bertoko Begiradak eta Spain Shorts sailen egoitza gisa berreskuratu izana nabarmendu du, baita proiekzio-espazioetan filmek izan duten harrera ona ere. Gainera, industria arloaren lana, aurkeztutako proiektuen kalitatea eta parte hartu duten profesionalen laguntza goraipatu ditu.

Lopezortegaren hitzetan, “balantze orokorra oso positiboa da”, eta horrek datozen edizioei konfiantzaz aurre egiteko aukera ematen du.

AMAIERAKO GALA

Sariak gaur arratsaldean, 19:30ean, Arriaga Antzokian banatuko dira. Jaialdiaren amaiera-ekitaldian omenaldia egingo zaio István Szabóri, Ohorezko Mikeldi Sariaren irabazleari. Zinemagilea ezin izango da bertaratu saria jasotzera.

Olatz Ganboa eta Markel Urrestarazu izango dira galaren aurkezleak. Ekitaldian parte hartuko dute DJ Estrella Electrónicak eta Artez Arte Abesbatzak. Szabóri eskainitako omenaldiaren barruan, “Tú” film laburra proiektatuko da.

Horrez gain, galan ZINEBI Express lehiaketako film irabazlea ere aurkeztuko da, Ane Falagan zuzendari gazteak hiru egunetan egindako lan bat. Amaieran, honako film hauek emango dira: ZINEBI Sari Nagusia, Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia eta Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia irabazi dituzten lanak.