• Mikele Landa, Maia Iribarne, Raúl Barreras, Sonia Estévez, Daniel Alegrete eta Esther Escudero zinemagileek gaur goizean aurkeztu dituzte Jaialdiaren Nazioarteko Lehiaketaren barruan dauden lanak.
  • Sei filmek ZINEBI Sari Nagusia eta fikziozko, animaziozko eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak eskuratzeko lehian hartuko dute parte.
  • Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburraren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 20tik 27ra egingo da.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburraren Nazioarteko Jaialdia – ZINEBIk Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako 68. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko diren Euskadiko sei film labur aurkeztu ditu gaur. Jaialdia azaroaren 20tik 27ra egingo da. Lau fikziozko lan, dokumental bat eta animaziozko film bat daude hautatutako 49 lanen artean; guztira, 3.300 proposamen baino gehiago jaso dira.

Aurkezpenean, honako hauek hartu dute parte: Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariak eta Cristina Ezquerra Jaialdiko jarduneko idazkari nagusia. Haiekin batera, beste hauek ere izan dira: Mikele Landa, “Neska bat desagertu da” filmaren zuzendaria; Maia Iribarne, “Guretako eztia” filmaren zuzendarikidea; Raúl Barreras, “Bitartean, gero” filmaren zuzendaria; Sonia Estévez, “Onena ura da” filmaren zuzendaria; Daniel Alegrete, “High River” filmaren zuzendaria; eta Esther Escudero, “Siurana” filmaren zuzendaria. Filmak Arriaga antzokian emango dira, azaroaren 21etik 26ra bitartean programatutako Nazioarteko Lehiaketaren zortzi saioetan.

“Neska bat desagertu da” | Fikzioa
Mikele Landa – Euskadi – 20’ – 2026
Oihanak sentitzen du pertsonekin, objektuekin eta lekuekin duen harremana aldatu egin dela. Absentziak dira orain haren eguneroko bizitzaren parte nagusia. Mendi-zeharkaldietarako motxila bat eta erreferentziatzat dituen espazio eta gauza gutxi batzuk lagun, norabide berri bat eta atseden hartzeko toki bat aurkitu nahi ditu. Film laburreko protagonista Garoa Bugallo da.

“Guretako eztia” | Dokumentala
Violette Bellet eta Maia Iribarne – Euskadi / Frantzia – 11’ – 2026
Ikertzaile batek, erlezain batek eta haur talde batek Euskal Herriko doluari lotutako sinesmen eta errituetara hurbiltzen gaituzte. Haien arteko topaketek aukera ematen dute erleek eta argizariak jardun horietan duten zeregina ezagutzeko. Filma Iparraldeko Garazi eskualdeko nerabeekin egindako tailer batzuetatik sortu zen.

“Bitartean, gero” | Fikzioa
Raúl Barreras – Euskadi – 23’ – 2026
Keinuak eta emozioak galdu dituen etorkizun batetik datozen bost pertsona patinete elektrikoetan iristen dira Euskadiko herri batera. Beren garaiak ahaztu duena berreskuratu nahi dute. Elkarrizketen eta herritarren eguneroko bizimoduaren behaketaren bidez, haien bizimodura hurbiltzen dira, bi garaien arteko muga lausotzen hasten den arte.

“Onena ura da” | Animazioa
Sonia Estévez – Euskadi – 10’ – 2026
Bi lagun bi etxebizitzatan banatutako etxe batean bizi dira, eta lorategiko putzu bera erabiltzen dute. Haietako bat ura botiletan saltzen hasten da; besteak, berriz, baratze bat lantzeko eta bertako produktuak merkaturatzeko erabiltzen du. Putzuaren errendimendua handitzeko, gero eta abiadura handiagoan funtzionatzen duen makina bat eraikitzen dute.

“High River” | Fikzioa
Daniel Alegrete – Euskadi – 16’ – 2026
1983ko abuztuan Bilbon izandako uholdeen garaian, High gay-klubak zabalik jarraitzen du. Zenbait gizonek lokala bisitatzen jarraitzen dute, hiriko argindar-etenen eta kaosaren gainetik. Han elkartu eta beren desioa bizitzeko aukera dute, harik eta urak bidea egin eta euria ere babesleku hori hartzen hasten den arte.

“Siurana” | Fikzioa
Esther Escudero – Euskadi – 15 "– 2026
Lidia eta Asier Siuranara doaz lagun bat bisitatzera. Bien arteko harremana tentsio-garai batean dago, eta Lidia gero eta erakargarriagoak iruditzen zaizkio bai herria bai emakume arabiar baten ihesari buruzko kondaira. Elizara iristean, Lidiak kanpoan geratzea erabakitzen du. Asierrek ez du berriro ikusiko.

NAZIOARTEKO LEHIAKETAKO SARIAK

Nazioarteko Lehiaketak ZINEBI Sari Nagusia (8.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro bakoitzari) emango ditu, baita fikziozko, animaziozko eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak ere (5.000 euro kategoria bakoitzeko). Aitorpen horiei Unicef Saria gehitu zaie. Bestalde, Bertoko Begiradak sailak EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 euro) eta Mirentxu Loyarte – (H)emen Saria (2.000 euro) emango ditu.

Nazioarteko epaimahaia Iratxe Fresneda, Ana Peláez, Varya Yakovleva, Alexe Poukine eta Paola Populin kideek osatzen dute. Palmaresa amaiera-galan emango da ezagutzera. Gala azaroaren 27an egingo da, 19:30ean, Arriaga antzokian.

EUSKAL ZINEMA GEHIAGO ZINEBI 68 JAIALDIAN

Euskal presentzia Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadiatalarekin osatzen da. Atal horrek bere programazioa zabaldu du, eta film laburren lau saio eskainiko ditu azaroaren 23tik 26ra bitartean Arriaga antzokian. Horrez gain, Bilboko zenbait hainbat unetan film dokumental luzeen hautaketa bat ere izango da ikusgai. Haien artean, “PedroArrupe. Yo viví la bomba atómica”, “Mari Puri Herrero, de lo real a lo fantástico” eta “ETS – Itzal argitan” daude.