- Jabi Elortegik eta Alex Sarduik aurkeztu dute filma. Dokumentalak taldeari laguntzen dio bere azken biran, 25 urteko ibilbidearen, hamaika diskoren eta 800 kontzertu baino gehiagoren ostean.
- Dokumentala azaroaren 24an, asteartez, 20:00etan emango da Golem Alhóndiga zinemetan, zinema-aretoetako estreinaldiaren aurretik; estreinaldia azaroaren 27an, ostiralez, izango da.
- Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, ZINEBI, azaroaren 27ra arte, ostiralera arte, egingo da.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, Bilboko Udalak antolatuta, gaur aurkeztu du “Gatibu, agur esan barik / Gatibu, sin decir adiós”, Jabi Elortegik zuzendutako eta Pausoka Entertainmentek ekoitzitako dokumentala. Lana Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi saileko parte da, eta Donostiako Zinemaldiaren Zinemira sailean mundu mailako estreinaldia egin ondoren iritsi da jaialdira.
Gaur goizean Arriaga Antzokian egin den prentsaurrekoan parte hartu dute Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariak, Jabi Elortegi filmaren zuzendari eta gidoilariak, eta Alex Sardui Gatibuko abeslariak. Filma bihar, azaroaren 24an, asteartez, 20:00etan, ikusi ahal izango da Golem Alhóndiga zinemetan. Ondoren, azaroaren 27an, ostiralez, helduko da zinema-aretoetara, Atera Filmsen banaketarekin.
82 minutuko iraupena duen dokumentalak emanaldiak, artxiboko irudiak eta Gatibuko kideen une intimoak uztartzen ditu, 25 urteko ibilbideari, hamaika diskori eta 800 kontzertu baino gehiagori amaiera ematen dion agurra hurbiletik erakusteko. Azken bira da kontakizunaren ardatza, Gernikako taldearen historia errepasatzeko eta haren kideek publikoarekin partekatu duten etapa baten amaierari nola aurre egiten dioten erakusteko. Elortegik denboraren joana eta musika-ibilbide luze bati lotutako aldaketa pertsonal eta kolektiboak kokatzen ditu kontakizunaren erdigunean. Filmak heldutasunari eta agertokiei agur esateko erabakiari erreparatzen dio, musikariengan eta zaleekin eraiki duten harremanean ikuspegi hurbila jarrita. Bilbo ere istorio horren parte da, Gatibuk Aste Nagusian eskainitako emanaldien bidez; ZINEBIren eskutik, publikoarekiko topaketa hori zinema-areto batera eramaten da oraingoan.
“Gatibu, agur esan barik” dokumentalaren ekoizleak Itziar Zeberio eta Jabi Elortegi dira, Pausoka Entertainmentekoak. Argazki-zuzendaritza Lander Andonegirena da; muntaketa eta musika Hannot Mintegiarena; eta soinuaren ardura Asier Renteriak izan du.
Jabi Elortegi, “El vasco” (2022) eta “Zorion perfektua” (2009) filmen zuzendaria, fikziozko zineman, dokumentalgintzan eta telebistan ibilbide zabala duen sortzailea da. Ez-fikzioaren alorrean, besteak beste, “Galerna. The Unknown Storm” (2012) eta “1983. Euskadi inundada” (2013) lanak zuzendu ditu.



