ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, azaroaren 11n, ostirala, emango dio hasiera 64. edizioari, Arriaga Antzokian 19:30ean egingo den inaugurazio-galarekin. Azaroaren 18ra arte iraungo du jaialdiak, amaiera-gala eta sari banaketarekin. Gainera, Maria Goirizelaia eta Ane Pikaza izango dira lehen aldiz gala hauen zuzendari.

Jaialdiaren 64. edizioaren programazioa prentsaurreko batean aurkeztu da gaur goizean. Prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu eta bozeramaileak, eta Vanesa Fernández Guerra, ZINEBIko zuzendariak hartu dute parte.

Prentsaurreko honetan,  edizio berri honen xehetasunak aurkeztu dira: 47 herrialdetako (2021ean baino sei gehiago) 148 filmek hartuko dute parte (iaz baino 25 gehiago). Aurkeztutako filmen erdia baino gehiago Estatuan estreinaldiak dira, eta programaturiko filmen erdia baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte.

Urtero bezala, proiekzioak bi zatitan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk.

Lehenengoan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien film luzeei eskainia.

Bigarrenean, Beautiful Docs Munduko film luze dokumentalen panorama, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen sail ez-lehiakorra; Bertoko begiradak Miradas desde Euskadi atala, Euskadin ekoitzitako film laburrez eta luzeez osatua, eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen lana aintzatestera bideratua; eta beste saio bereziak daude.

Azken horien artean, aurten, Ukraina izango da protagonista, “Once I Was a Filmmaker. Now I Am a Soldier [Behin zinemagilea izan nintzen. Orain soldadua naiz]” izeneko zikloaren bidez. Bertan, Ukrainan ekoitzitako hiru film labur eta hiru film luze erakutsiko dira, Errusiako armadak aurtongo otsailean herrialdea inbaditu ondoren ekoitziak. Horietako bat, Mariupolis 2, Cannesko zinemaldiaren aurtengo edizioan estreinatu zen, eta dokumental kategorian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen.. Lan hau Mantas Kvedaravičiusek zuzentzen du, nahiz eta Hanna Bilobrova bikoteak amaitu behar izan duen, soldadu errusiarrek Ukrainako Mariupol portu-hirian zuzendaria harrapatu eta erahil baitzuten aurtengo apirilaren 2an.

 

OHOREZKO MIKELDI SARIAK

ZINEBIk, bere 64. edizioan, beste behin ere, nazioarteko zinema garaikidearen izen garrantzitsuenetako batzuen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortzen ditu Ohorezko Mikeldi sarien bidez.

Oraingo honetan, Jaialdiak hiru zinemagileri emango dizkie sari horiek: Agnieszka Holland, Albert Serra eta Iñigo Salaberria.

Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarra saritzen du ZINEBIk, haren ibilbide borrokalari eta osoan norbanakoen askatasunekin izan duen konprometitutako begiradagatik. Haren lanek —zinemarako eta telebistarako ekoizpen zabala— Europaren historiako aldaketa handiak islatu dituzte. Gaur egun, gainera, Holland Europako Zinemaren Akademiako lehendakaria da.

Albert Serraren kasuan, Jaialdiak bere Ohorezko Mikeldiarekin gaur egungo zinemaren erreferente saihestezinetako bat dela berresten du, autore-zinemaren defentsan gaindiezina den zinemagilea, irudi ahaztezinez betetako obra eraikitzen jakin duena, mendebaldeko artea  igaro den eta ari den  bideetan inspiratuta.

ZINEBIk, gainera, berriki hil den Iñigo Salaberria gipuzkoar zinemagilearen ibilbidea  omendu nahi izan du.  Bere sorkuntza-independentziaren defendatzaile sutsua izan zen eta bideoartearen tradizioan txertatutako ikus-entzunezkoa ulertzeko moduari leial izan zitzaion beti, 1980ko hamarkadan Parisen hasi zirenetik eta aurreko hamarkadako azken urteetara arte, bere film laburrak ZINEBIren programazioan ohiko bihurtu zirenean.

 

NAZIOARTEKO LEHIAKETA

Aurten, 3.400 film labur baino gehiago ikusi dituzte ZINEBIko hautapen-batzordeko kideek, eta oraingo honetan, 36 herrialdetako 57 film (denak ere Estatuan premierrak) hautatu dituzte, 31 gizonek eta 38 emakumek zuzenduta.

Horietako zazpi Euskadiko errealizadoreek sinatu dituzte: Alas/Tierra (Maddi Barber, 2022); The Bath (O banho, Maria Inês Gonçalves, 2022); Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo, 2022); Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García, 2022); Hitzak (Josu Martinez, 2022); Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias); eta Wild Flowers (Divlje Cvijeć, Karla Crnčević). Titulu horiek hilaren 11ko inaugurazio-galan ikusi ahal izango dira.

 

PALMARESA

ZINEBIk azaroaren 18an emango du ezagutzera bere palmaresa. Nazioarteko Epaimahaiak emango ditu Sail Ofiziala-Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako sariak. Aurten, Anca Caramelea Errumaniako programatzaileak (Cine Ecozine Jaialdia); Hilke Doering  Oberhausengo Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren arduradunak; Juan Soto zuzendari, ekintzaile eta artxibista kolonbiarrak; Sabina Urraca idazleak; eta Begoña Vicario animazio-zinemako zuzendari eta espezialistak osatzen dute.

Sail Ofiziala – ZIFF ZINEBI First Film -Nazioarteko Lehiaketaren sariak aurten Nicole Brenez unibertsitateko irakasle, idazle eta programatzaile frantsesak (gainera, hil berri den Jean-Luc Godarden lanaren garrantziari buruzko masterclass bat eskainiko du hilaren 15ean); Carlos Marañón kazetari eta zinema-kritikariak; eta Marta Popivoda Serbiako errealizadore, artista eta ikertzaileak emango dituzte.

ZIFFen hautatutako 9 film luzeetatik 6 emakumeek zuzentzen dituzte, eta Berlin, Venezia, New York, Karlovy Vary edo Visions du Réel jaialdietan estreinatu eta saritu dituzte.

 

ATAL PARALELOAK

Jaialdiaren atal paraleloetan, ZINEBIk 2022an ikusi ahal izan diren film luze dokumental onenetako batzuk aurkeztuko ditu. Beautiful Docs – Munduko film luze dokumentalen panorama, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutako bederatzi dokumentalen aukeraketa egin da. Gainera, horietatik 4 ez dira oraindik Estatuan erakutsi. Besteak beste, À vendredi, Robinson, Mitra Farahanik zuzenduta eta Gijón FICX Nazioarteko Jaialdiarekin batera estreinatua (ZINEBIk lankidetza-hitzarmen bat sinatu du aurten film honen gisako estreinaldiak partekatzeko); Music for Black Pigeons, Jørgen Leth eta Andreas Koefoedena; frantzia-germaniar-korear koprodukzioa den Une fleur à la bouche lana, Éric Baudelairek zuzenduta; edo Casa Susanna, Frantziako Sébastien Lifshitzena. Gainera, 2021ean ZINEBI Networking saria irabazi zuen A los libros y a las mujeres canto proiektatuko da (Maria Elorza, 2022), irailean Donostiako Zinemaldian mundu mailan estreinatu zena.

Aurreko urteetan bezala, ZINEBI 64k euskal produkziorik berrienekin lotura izaten jarraitzen du, eta arreta berezia eskaintzen die Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi atalean. Horren berri izaten eta zabaltzen laguntzeko, jaialdiak gure errealizadoreen kezka tematiko eta formalak islatzen dituen urteroko aukeraketa honetan erakusten ditu.

Aurten 4 film luze eta 16 film labur aurkeztuko dira sail honetan, eta Sail Ofizialeko – Nazioarteko Film Labur Lehiaketako zazpi euskal filmei gehituko zaizkie. Hautatutako filmen artean, Tetuán (Iratxe Fresneda, 2022) dago, Gijóngo Zinemaldiarekin batera estreinatua; Bigarren ekitaldia (Ainhoa Urgoitia y Enrique Rey, 2022), Pabellón Nº 6, Bizkaiko antzerki-eszenaren foku handienetako baten hamargarren urteurrenari buruz; Velasco Brocaren film labur berriena den Alegrías riojanas (2022), aurten Sitgesen aurkeztua; edo Izaro limoari eztia, Izaro Andrés konpositoreak eta Ander Merinok zuzendua. Azken lan honek, ikusleak kantari bizkaitarrak Anoetako belodromoan eman zuen kontzertuaren prestakuntzara hurbilduko ditu.

 

EMANALDI BEREZIAK

Saio Bereziek osatuko dute jaialdiaren programazioa. Aurten, Éric Rohmer – Jean-Luc Godarden belaunaldiko kidea- bere azken film laburren ziklo bateko protagonista izango da. Horiek Compagnie Éric Rohmer konpainiari lotutako gidoilari eta zuzendariekin batera garatu dira beti, eta ZINEBIk Estatuan oraindik estreinatu ez diren hamaika film hautatu ditu.

Gainera, ZINEBIn, Qatarreko Munduko Futbol Kopa hasi bezperan, futbolari buruzko bi dokumentalez gozatu ahal izango da – Athletic Club Fundazioarekin lankidetzan –; gainera, pertsona gorrei eskainitako saio berezia, eta haurrei zuzendutako saioak ere berreskuratuko ditu, ZINEBITXIKI programaren bidez. Programa horri esker, ehunka ikasle aretoetara goizeko saioetara joan ahal izango dira, ekoizpen berriko animazio film laburrez gozatzeko.

 

ZINEBI INDUSTRY

ZINEBIk, Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) lankidetzan, ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren bosgarren edizioa antolatu du. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA), Europako Batasuna – NextGenerationEUk, EITBk, Zineuskadik eta Europa Creativa Desk Media Euskadik finantzatzen dute foroa, eta Scottish Documentary Instituten eta Cannes Docsen lankidetza ere badu, Cannesko Jaialdiko Zinema Merkatuko dokumentalerako erreferentzia-puntua dena. Gainera, ZINEBI jaialdi bazkidea (partner festival) da aurten.

Parte hartu nahi zuten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea irailaren 29ra arte egon zen zabalik. Aukeratutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute, horretarako berariaz izendatutako nazioarteko epaimahaia osatuko duten profesionalei aurkeztu aurretik.

Berrikuntza nagusi gisa, Estatu osoko proiektu berriak onartu dira. Gauzak horrela, lehen aldiz, ZINEBI Networking: Dokumental Sorguneak bi sari izango ditu, biak ala biak 10.000 euroan baloratuak: Euskal Film Luze Dokumentalaren Proiektu Onenaren Saria (ZINEBI Networking EITB 2022 Saria) eta Estatuko Proiektu Onenari Saria (ZINEBI Networking 2022 Saria).

Horrez gain, aurten, industriaren beste topaketa batzuk ere izango dira, hala nola  Cantabria-Euskadi Networking  ekitaldiaren lehen edizioa, Zineuskadi eta Cantabria Film Commissionekin lankidetzan; eta Film laburren erkidegoetako banaketa-katalogoen topaketa. Bertan, Nafarroa, Galizia, Asturias eta Kantabria bezalako autonomia erkidegoetako ordezkariak izango dira.

 

ZINEBI MEETINGS

ZINEBIko ikusleek ZINEBI MEETINGS saileko topaketetara joateko aukera ere izango dute aurten. Lehenengoa, Iñigo Salaberriaren omenezko topaketa, Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioan izango da urriaren 27an, “Omenaldia Iñigo Salaberriari: (argia) ikusteko ibiltzea, (itzala) ikusteko itxarotea” izenburupean.

Gainera, jaialdiak topaketa bat prestatu du aurtengo Ohorezko Mikeldiaren beste bi irabazleekin: Agnieszka Holland (larunbatean, hilak 12) eta Albert Serra (ostegunean, hilak 17), Guggenheim Bilbao Museoan.

Ukrainako egungo zinemari eskainitako programa bereziaren barruan, zinemagileek eta erakundeetako ordezkariek Ukrainako biztanleriak bizi duen egoera kritikoaz hitz egingo dute, eta, bereziki, artearen eta kulturaren arloko profesionalez. Hitzaldia Azkuna Zentroko Bastida aretoan izango da larunbatean, hilak 12.

Leku berean, igandean, hilak 13, “Emakumeak Zinemaren JaialdietanNon gaude?” izeneko topaketa egingo da, eta bertan izango dira, besteak beste, Donostia, Doclisboa, Oberhausen, La Roche-sur-Yon, Huesca edo Films de Donesen Nazioarteko Mostra bezalako jaialdietako zuzendari eta programatzaileak.

 

EDIZIO PRESENTZIALA

Bi urtez edizio hibridoak egin ondoren (pandemiaren eraginen ondorioz), ZINEBIk 64. edizio hau guztiz presentziala egingo du.

Hala ere, Bilboko zuzeneko emanaldiei gehituko zaizkie FILMIN plataformaren bidez ikusi ahal izango diren Jaialdiaren azken urteotako filmetako batzuk, ZINEBIri buruzko atal berezi batean. Aurten Bilboko aretoetan emango diren filmak, ordea, ez dira plataformetan eskuragarri izango.

 

EGOITZAK ETA SARRERAK

Jaialdiak hainbat egoitza ditu aurten ere: Arriaga Antzokia, Golem Alhóndiga Zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, Arte Ederren Museoa, Guggenheim, Bilborock eta BBK Aretoa.

Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem – Alhóndiga zinemetako emanaldietarako banakako sarrerak (4,50 euro) eta hamar saioko bonoak (35 euro) erosi ahal izango dira urriaren 26tik aurrera. Gainera, ZINEBIk bonu bereziak eskainiko ditu langabeentzat, erretiratuentzat (eta 60 urtetik gorakoentzat) eta 26 urtetik beherako ikasle eta gazteentzat, 20 euroan.

Jaialdiaren prentsako materiala esteka honetan kontsulta daiteke.