- Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta ETBrekin, Zineuskadirekin eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin lankidetzan, foro profesionala euskal produktoreentzat eta zinegileentzat zabalik dago. Hauek dokumental-luzemetraien proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen fasean badaude.
- Izen-emateak urriaren 21era arte egin ahal izango dira esteka honetan.
- ZINEBIk prentsarako, profesionalentzako eta ikasleentzako akreditazioak eskatzeko epea irekitzen du gaurtik aurrera.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – Bilboko Udalak antolatuta- ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea zine dokumentaleko laugarren foro profesionalaren deialdia zabaldu du. Foro honen bidez, ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi da Bilbon, Bizkaian eta Euskadin. Industriari eskainitako jardunaldien barruan, tokiko talentuaren topagune hau Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) eta Euskal Telebistarekin (ETB), Zineuskadirekin eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin elkarlanean antolatu da.
Parte hartu nahi duten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea urriaren 21era arte egongo da zabalik. Izen-emateak esteka honen bidez egin behar dira. Aurkeztutako proiektuetatik –garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen-fasean egon beharko dute–, profesionalek eta adituek osatutako hautaketa-batzorde batek aukeratuko ditu, ZINEBIko zuzendaritzarekin batera, foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek proiektu bakoitzaren ideia, proposamen estetikoa, bideragarritasuna eta produkzio-aukerak baloratuko ditu.
Hautatutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute jendaurrean aurkeztu aurretik (sektoreko profesional batek bermatuko du), nazioarteko epaimahaiko kide izango diren profesionalen aurrean egingo den pitching-saio batean. Ondoren, aholkularitza-bilera pertsonalak egingo dira produktoreen eta parte-hartzaileen artean.
ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea saria azaroaren 19an emango da Arriaga Antzokian, Jaialdiaren 63. edizioaren itxiera ekitaldian, 10.000 euroko saria izanik.
ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea euskal zinemaren sormena sustatzeko eta ikus-entzunezko ekoizpena garatzeko ekimena da. Horretarako, euskal industria-sarea berreskuratzea eta dinamizatzea ditu helburu foro honek.
Gure ingurune hurbilenean zinema dokumental sortzaile eta independenteko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzea da helburua, baita euskal produkzioaren eta nazioarteko produkzioaren arteko sinergiak ezartzea ere. ZINEBI Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak laugarren urtez jarraian egingo duen programazioan sartu du foro hau, tokiko talentuari beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzeko.
Bayo Bayo Baby izan zen dokumental-luzemetraiaren azken edizioaren irabazlea, Amaia Remírezen zuzendaritzapean eta Kanaki Films (Donostia), Caballo Films (Madril) eta Snowglobe Film Production Company (Copenhague) konpainiek koproduzitua.
2019an, Bost minutu film luzea ZINEBI Networking: Dokumentalen Sorgunea saria jaso zuen, Amaia Nerekanek zuzendua (eta Marmoka Films-ek ekoiztua) eta ZINEBIren hurrengo edizioan estreinatuko dena.
2018an proiektu irabazlea Meseta izan zen (Juan Palacios, 2018), DOXA Producciones enpresaren eskutik. Film horrek epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Danimarkako CPH:DOX dokumental-zinemaldi ospetsuan.
AKREDITAZIOAK
ZINEBIk 63. ediziorako akreditazioak eskatzeko epea irekiko du gaur.
- Interesa duten komunikabideek acreditacionesprensa@bilbao.eus helbidera jo dezakete akreditazioak eskatzeko. Epea azaroaren 9an bukatuko da.
- Profesionalentzako eta ikasleentzako akreditazioak helbide honetatik kudeatuko dira: zinebi.eus/eu/akreditazioak. Akreditazioak eskatzeko epea urriaren 29an amaituko da.
ZINEBI azaroaren 12tik 19ra ospatuko da