ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak –Bilboko Udalak antolatuta– ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea zine dokumentaleko VI. Foro Profesionalaren deialdia zabaldu du. Horren, bidez, zine dokumentalaren esparruan ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Aurten, azaroaren 14tik 17ra ospatuko da ZINEBIren 65. edizioaren baitan.
Foroak eskualdeko ikus-entzunezko sarea indartzen eta sektoreko eragileen eta zinema- eta ikus-entzunezko industriaren tokiko eta nazioarteko erakundeen arteko harremana dinamizatzen laguntzeko proiektuak bilatzen ditu.
Parte hartu nahi duten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik. Izen-emateak esteka honen bidez egin behar dira. Aurkeztutako proiektuetatik –garapen egoera aurreratuan edo ekoizpen fasean egon beharko dute–, profesionalek eta adituek osatutako hautaketa-batzorde batek aukeratuko ditu, ZINEBIren zuzendaritzarekin batera, foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek proiektu bakoitzaren ideia, proposamen estetikoa, bideragarritasuna eta produkzio-aukerak baloratuko ditu.
Hautatutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute jendaurrean aurkeztuak izan aurretik (sektoreko profesional batek bermatuko du), nazioarteko epaimahaiko kide izango diren profesionalen aurrean egingo den pitching-saio batean. Ondoren, norbanako aholkularitza-bilerak egingo dira produktoreen eta parte-hartzaileen artean.
Aurten berriro, foroak 10.000 euroko bi sari izango ditu: biak azaroaren 17an Arriaga Antzokian egingo den itxiera ekitaldian banatuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko proiektu onenari ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea saria 10.000 eurokoa izango da eta EITBren babesa du. EAEtik kanpo ekoitzitako lanik onenak, bere aldetik, 10.000 euroko saria ere jasoko du.
ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea ekimenaren bitartez, jaialdiak dokumental sortzaile eta independenteen garapenean laguntzeko duen konpromisoa mantentzen du, zinemagileentzako sormen-, hausnarketa-, aholkularitza- eta sustapen-guneak eraikitzearekin batera. Halaber, sortzaileen, produktoreen, erakundeen eta enpresen zein profesionalen belaunaldi berrien lanak eta nazioarteko proiekzioa bultzatzen dituzten sektoreko gainerako eragileen artean topaketa dinamikak ezarri nahi ditu. Azken finean, parte hartzaileak beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzea da topaketa honen helburua.
Pello Gutierrez Peñalbak zuzendutako eta Iñaki Sagastume – Zazpi T ‘erdik ekoitzitako “Zikuñagako ama” eta “Elena dio a luz un hermoso niño”, Chiara Marañón eta Juan Sotok zuzendutako eta Ricard Sales, Luis Ferrón eta Sandra Tabares-Duque – LaCima Produccionesek ekoitzitako filmak izan ziren ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea 2022 edizioaren film dokumental luzeen proiektu irabazleak.
Bestalde, 2021ean, “A los libros y a las mujeres canto” proiektua saritu zen, Txintxua Films gipuzkoar konpainiak ekoitzia eta Donostian bizi den Maria Elorza gasteiztar errealizadoreak zuzendua, ZINEBIn saritua 2016an (“Gure hormek”, Maider Fernándezekin batera zuzendua) eta 2018an (“Ancora lucciole”). 2020an lanik onena “Bayo Bayo Baby” izan zen, Amaia Remírezen zuzendaritzapean eta Kanaki Films (Donostia), Caballo Films (Madril) eta Snowglobe Film Production Company (Copenhague) konpainiek koproduzitua. 2019an, “Bost minutu” film luzeak jaso zuen ZINEBI Networking: Dokumentalen Sorgunea saria, Amaia Nerekanek zuzendua (eta Marmoka Films-ek ekoiztua) eta ZINEBIn estreinatua. 2018an proiektu irabazlea “Meseta” izan zen (Juan Palacios), DOXA Producciones enpresaren eskutik. Film horrek epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Danimarkako CPH:DOX dokumental-zinemaldi ospetsuan.
Informazio gehiago eta deialdiaren oinarriak: