ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Bilboko Udalak antolatuta, 64. edizioan Ohorezko Mikeldi Saria jaso duen Iñigo Salaberriaren omenezko ekitaldiaren parte izango da.
Errenteriako bideo-artista eta zinemagilearen lana izango da osteguna, hilak 27, Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioan 19:00etan egingo den omenaldiaren protagonista, “Omenaldia Iñigo Salaberriari: (argia) ikusteko ibiltzea, (itzala) ikusteko itxarotea” titulupean. Videoflux (Euskal Herriko Unibertsitateko AKMEKA Ikerketa Taldeak) proiektuak proposatua, Gabriel Villota irakasleak komisariatua da ekimena.
Iñigo Salaberriaren senideek jasoko dute ZINEBIren Ohorezko Saria, Arriaga Antzokian azaroaren 11n egingo den inaugurazio ekitaldian.
(ARGIA) IKUSTEKO IBILTZEA, (ITZALA) IKUSTEKO ITXAROTEA
Arte Ederren Museoan egingo den topaketan parte hartuko dute Miguel Zugaza erakundeko zuzendariak, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariak, Fito Rodríguez idazle, irakasle eta komisarioak, Pablo Maravi irakasleak, Santi Eraso Artelekuko zuzendari ohiak eta Maria Elorza zinemagileak. Elorzaren kasuan, gainera, bere azken film laburrarren edizioan lagundu zion Salaberriak.
Zinemagile gipuzkoarraren lagunak eta senideak ere izango dira saio honetan. Gabriel Villotak Salaberriaren lanaren inguruan moderatutako eztabaidaz gain, bideo-artistak hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidean zuzendutako lau film labur proiektatuko dira:
- Birta Mirkur (Iñigo Salaberria & Olafur Petursson, 1987) (10 min)
- Disdirak (Iñigo Salaberria, 1992) (10 min)
- Luz a la deriva (Iñigo Salaberria, 2015) (18 min)
- Lo ibiltariak (Iñigo Salaberria, 2017) (15 min)
Salaberriak, Valladolideko eta Paris III unibertsitateetan historia eta estetika zinematografikoa ikasi ondoren, Parisko American Center guneko bideo-ikastaroen bidez izan zituen lehen harremanak bideo-artearekin. Izan ere, bertan Michel Jaffrennou, Joan Logue edota Ken Feingold bezalako artista ospetsuen tailerretan laguntzaile tekniko gisa lan egin zuen.
Espainiako bideo-artearen bigarren belaunaldiaren barruan, Salaberriak lan erabat koherentea garatu zuen, beti begirada propio, zehatz eta gogoetatsuari eusten ziona, pertzepzio-aldaketei arreta handia jartzen ziena, eta ikus-entzunezko esperimentalaren tradizioari argi eta garbi lotzen zitzaiona, irudiaren alderdi fenomenologikoetan zentratzen dena.
Bere lanaren kontenplaziozko ikuspegiak zenbait jaialdiren arreta erakarri zuen, Donostiako Bideo Jaialdia (laurogeiko hamarkadan), ZINEBI (bertan estreinatu zuen bere azken lana, Rijeka (2019), eta bertan lehiatu zen Sail Ofizialean 2015 eta 2017. ) edo Punto de Vista (Iruñea), besteak beste, baina telebistako pantailetan ere egon zen ikusgai TVEko Metrópolis programaren eskutik
LANKIDETZA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN
Videofluxekin (AKMEKA Ikerketa Taldearen proiektua) batera antolatutako Iñigo Salaberriaren omenezko topaketa honetaz gain, ZINEBIk Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) elkarlanean jardungo du aurten, zehazki EHUKulturaren bidez, ZINEBI EXPRESS film laburren lehiaketaren 13. edizioa azaroaren 4tik 10era bitartean egingo baita.
Hilaren 16an, jaialdiaren baitan, ZINEBIk Aukera programaren aurtengo edizioan parte hartu dutenek garatutako film laburren proiektuen pitching-aren aurkezpen publikoa egingo du,UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Programa hori ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutako (H)emen elkarteak bultzatu eta antolatu du, Zineuskadi, Kutxa Kultur, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta ZINEBIrekin lankidetzan.