ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, Ukrainari eskainitako programa berezia aurkeztu du gaur goizean Azkuna Zentroa– Alhóndiga Bilbaoko Bastida Aretoan, “Focus Ucrania: Once I Was a Filmmaker, Now I Am a Soldier” [Una vez fui cineasta, ahora soy soldado / Behin zinemagilea izan nintzen, orain soldadua naiz] izenburupean. Topaketa hau Jaialdiak antolatu du Ukrainian Instituterekin, Ukrainako Kanpo Arazoetako Ministerioaren mendekoa, eta Docudays UA Giza Eskubideei buruzko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan, orain arte urtero Kieven, martxoan, egiten zena.
Ukrainian Instituteko zinema arduradun Natalie Movshovychek eta Iryna Kyporenkok, eta Volodymyr Usyk eta Olha Beskhmelnytsina zinemagileek hartu dute parte ZINEBIk antolatutako topaketan, Errusiak beren herrialdea inbaditu zuenetik Ukrainako herritarrek bizi duten egoera kritikoaren berri emateko eta artearen zein kulturaren arloko profesionalen bizi-baldintzak larriagotu direla jakinarazteko.
ZINEBIk, Ukraina jasaten ari den muturreko egoerari elkartasuna adierazteko, Focus berezi bat programatu du. Bertan, errusiar inbasioaren ondoren ekoitzitako hiru film luze eta hiru film labur erakutsiko dira. Horiek guztiak Guggenheim Bilbao Museoko Auditorioan egongo dira ikusgai.
Hilaren 13an, 17:00etan, “Dana Kavelina Letter to a Turtledove” film laburra eta “One Day in Ukraine” (Volodymyr Tykhyy, 2022) film luzea proiektatuko dira; 19:00etan, bere aldetik, Dmytro Sukholytkyy-Sobchuk zinemagileak zuzendutako “Liturgy of Anti-Tank Obstacles” (Cannesko Jaialdiaren aurreko edizioan lehiatu zen “Pamfir” bere lehen film luzearekin) eta Mantas Kvedaraviius lituaniarrak zuzendutako eta Hanna Bilobrova alargunak amaitutako “Mariupolis 2” (soldadu errusiarrek zuzendaria harrapatu eta hil egin zuten Mariupol hirian, apirilaren hasieran, filmatzen ari zela).
Hilaren 15ean, 19:00etan, programa bikoitz batek emango dio amaiera Guggenheim Bilbao Museoaren Focus honen proiekzioei, zehazki, “Peace and Tranquility” (Myro Klochko eta Anatoliy Tatarenko, 2022) film laburrak eta “Ukraine. Overcoming the Darkness”, Kinodopomoha Mugimenduak sinatutako film luzeak osatua.
AGNIESZKA HOLLAND GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN
Agnieszka Holland zuzendari poloniarrak, ZINEBIren aurtengo edizioan Ohorezko Mikeldiaren saridunetako batek, bere ibilbidea markatu zuten filmetako bat aurkeztuko du gaur, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Polonia komunistan egin zuen azken film luzea da horixe: “Una mujer solitaria” (“Kobieta samotna”, 1981). Bilboko publikoaren aurrean solasean aritu aurretik izango da emanaldia, Ángeles González-Sinde Kultura ministro ohia eta Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionaleko Errege Patronatuko presidentearekin batera.
Arratsaldean Sail Ofizialeko film laburren proiekzioek ere jarraituko dute, Azkuna Zentroa– Alhóndiga Bilbaoko Auditorian. Besteak beste, Estatuko film laburren estreinaldiak ikusi ahal izango dira, hala nola Ramón Lluís Banderen “Contracampos” (dokumentala), Gijongo Nazioarteko–FICX Jaialdiaren 60. edizioarekin elkarlanean aurkeztua; “L’effort des hommes”, Jean-Gabriel Périotena (Denis Lavant aktorea protagonista duena); “I Didn’t Make It to Love Her”, Anna Fernández de Paco kataluniarraren eskutik, Cannesen aurkeztua izan ondoren; edo “Searching Heleny”, Esther Vital zuzendari nafarrarena, Oberhausengo Jaialdian mundu osoan estreinatu ondoren.
EMAKUMEAK ETA ZINEMA JAIALDIAK
Aurreko edizioan antolatu zen Europako zinema dokumentaleko jaialdien topaketaren ondoren, jaialdien antolaketaren berezitasunetara hurbiltzen jarraitu nahi du ZINEBIk, iritzien elkartruke emankorra sustatzeko eta, publiko orokorraren aurrean, zinema-jaialdiak bezalako ekitaldi bereziak abian jarri ondorengo eztabaidak ezagutarazteko. Horrela, igandean, 11:30ean, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, Europako zinema-jaialdietarako lan egiten duten hainbat emakumeren bilera eta eztabaida izango da, ZINEBIk deituta.
Besteak beste, Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Hilke Doering (Oberhausengo Nazioarteko Jaialdia, munduko film laburren lehiaketarik zaharrena), Joana Sousa (Doclisboa), Charlotte Serrand (La Roche-sur-Yon Nazioarteko Jaialdia), Alejandra Trelles (Cinemateca Uruguaya Nazioarteko Jaialdia), Estela Rasal (Huescako Nazioarteko Jaialdia) edo Mane Cisneros (Tarifako Afrikako Zinema Jaialdia) bertaratuko dira.
María Zafrak Dones-eko Filmen Nazioarteko Mostratik –bertako zuzendaritzak moderatuko du mahaia– azaldu duenez, “sektore honetan lan egiten dugun guztiok badakigu zinema jaialdietako ekoizpen, komunikazio, kopien kudeaketa, gonbidatuen arreta, protokolo eta beste arlo batzuetako taldeak, gehienbat, emakumeek osatzen dituztela”. Planteatzen duen galdera ordea, bada “ea zer gertatzen den jaialdi horietako zuzendaritza-postuei eta programazio-taldeei erreparatzen badiogu ”.