ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Bilboko Udalak antolatutakoan, “Edizio-Mahaia” izeneko topaketa egin da gaur goizean, Azkuna Zentroan. Bertan, une honetan Estatuko zinemagintzako muntatzaile onenetako seik hartu dute parte: Julia Juániz, Carolina Martínez Urbina, Ana Pfaff, Ariadna Ribas eta Diana Toucedok, Virginia García del Pino moderatzailearekin batera (“La estafa del amor” dokumentalaren zuzendaria, zeina ZINEBIn proiektatuko baita, hilaren 14an, asteartean).

Hainbat belaunalditako muntatzaile profesionalak dira, espainiar zinemako funtsezko zinemagileen zerbitzura lan egin dutenak: Carlos Saura, Víctor Erice, Basilio Martín Patino, Isaki Lacuesta, Alejandro Amenábar, Albert Serra, Neus Ballús edo Carla Simónentzat, besteak beste.

Topaketan zehar, parte-hartzaileek beste sail batzuetako ofizioetan txertatu ohi den ogibide honen balioa aldarrikatu dute. Julia Juánizek “entzuteko denbora eskatzen duen lan baterako egile-eskubideak” aitortzea eskatu du. Ana Pfaffek iritzi bera du: “muntaia idazketa- eta entzumen-prozesu bat da, zuzendariarekin eta materialarekin egiten dena. Eta baita bilaketa eremu absolutu bat ere”. Bestalde, Ariadna Ribasen ustez, “oso zaila da gidoilari eta muntaia lanak bereiztea” eta Dianak aitortu duenez, “dokumental batean gidoigintza eta zuzendaritza lan asko egiten ditut”. Horrez gain, Ana Plaffek “muntaiaren eta zuzendaritzaren arteko eta beste sail batzuekin, hala nola soinuarekin” duen harremana estutzearen alde egiten du.

Hitzordu honetan, lanbide honetako baldintzei eta lantokiari ere heldu zaie, eta agerian utzi da muntaia-laguntzailea, ondo aireztatutako eta argiztatutako gela bat eta aulki eroso bat behar direla, baita aurikularrak beti jarrita edukitzera behartuta ez egotea ere. Julia Juánizek deitoratu duenez, “Espainian muntaia ez da baloratzen. Errebindikatu behar da aurrekontu osoa filmaketan ez inbertitzea, eta muntaketa eta postprodukzio faserako ere zerbait gordetzea”.
 

Gainera, Virginia García del Pinok dioenez, “Espainiako zineman dauden emakume muntatzaileak ogibideko langileen % 30 baino zertxobait gehiago besterik ez dira”, muntaia “arte modu bat da bere horretan”, haren bitartez “irudimenezko munduetara eramaten gaituen eta emozio sakonenekin konektatzen gaituen esperientzia bisual bat sortzen baita”.