Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, azaroaren 10etik 17ra egingo den 65. Edizioko Sail Ofizialean –Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko diren zazpi film laburrak aurkeztu ditu. Arriaga Antzokian erakutsiko dira, ZINEBIk edizio honetako Ohorezko Mikeldia irabazi duen lehengoari egingo dion omenaldiaren ondoren.

Félix Linares zinema-kritikari eta kazetari bilbotarrak Jaialdiaren ohorezko saria jasoko du, María Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzendutako inaugurazio-galan, Zabalaren (We Are Standard ohia) musikarekin.

Inaugurazio ekitaldiaren amaieran, Sail Ofizialean -Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatzen diren euskal film laburrak proiektatuko dira:

1. Agrio | Fikzioa
David Pérez Sañudo – Euskadi – 18’ – 2023
Ane (2020) film luzeagatik Goya sari bat irabazi duen bilbotar zuzendariak, film laburren egile gisa, bere ibilbide oparo eta arrakastatsuarekin jarraitzen du, Patricia López Arnaiz eta Itziar Ituño aktoreek lagunduta. Bi ahizpa antzezten dituzte: bata kanpoan bizi da, besteari txarra dagoen merengea saltzea leporatu diote. Estatu mailako estreinaldia izango da.

2. Betiko gaua | Fikzioa

Eneko Sagardoy – Euskadi – 18’ – 2023
ZINEBIn Eneko Sagardoyk —aktore errebelazio onenaren 2018ko Goya Saria irabazi zuen aktore bizkaitarrak— zuzendari gisa egiten duen debutaren mundu mailako estreinaldia izango dugu. Gaur egun, Roland Emmerich eta Marco Kreuzpaintnerren aginduetara lan egiten ari da Those about to Die telesailean. Zuzendari gisa egin duen lehen film laburrerako (Sumendi, Galapan eta Ikusgarriren koprodukzioa, Artur Pol Camprubí-ren argazkiarekin eta Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregiren musikarekin) Miren Gaztañaga eta Elena Irureta aukeratu ditu protagonista gisa, batak, bestea nor den jakin ondoren, errepidez jazartzen hastea erabakitzen duen istorio batean. Mundu mailako estreinaldia, FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan.

3. In a Nearby Field | Dokumentala
Laida Lertxundi & Ren Ebel – Euskadi – 18’ – 2023
Artista eta irakasle bizkaitarra, Gure Artea 2020 saria jaso zuena, ZINEBIko Sail Ofizialera itzuliko da bere lanak New Yorkeko MoMa-n, Reina Sofía Arte Zentro eta Museo Nazionalean edo Rotterdameko eta Donostiako zinemaldietan ikusgai izan ondoren. Laida Lertxundik zuzentzen du, Ren Ebel idazle eta artista estatubatuarrarekin batera, familia bat, etxe bat eta film bat egiteko beharrezkoak diren eguneroko errutinen, zereginen eta inprobisazioen collage hau. Estatu mailako estreinaldia, FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan.

4. Memories of an Empty House (Memórias de uma casa vazia) | Fikzioa
Bruno Carnide – Portugal / Euskadi – 11’ – 2023
Bruno Carnide zinemagile portugaldar polifazetikoa, Portugalgo Zinema Akademiaren Sophia sarietarako bi bider proposatutakoa, fikzio epistolar batean murgiltzen da oraingoan, Cátia Biscaiaren argumentu batetik abiatuta, Iberiar penintsulan eta Estatu Batuetan analogikoan eta digitalean filmatuz. Tiranako (Albania) Nazioarteko Jaialdian mundu mailan estreinatu ondoren, ZINEBIn Estatu mailako estreinaldia izango dugu.

5. La mujer ilustrada | Animazioa
Isabel Herguera – Euskadi – 8’ – 2023
Euskal Herrian begirune handiena duen animatzaileetako bat eta Estatuko animazio independentearen aitzindarietako bat dena, Donostiako Zinemaldiaren aurreko edizioan askok itxarondako Sultanaren ametsa estreinatu ondoren, ZINEBIra itzuliko da (2005ean eta 2015ean Euskal Zinemaren Sari Nagusia eskuratu zuen bertan), bere azken film laburra, La mujer ilustrada, estreinatzera. Bertan, Isabel Herguerak, Indiako animazio-tailer bat aprobetxatuz, normalean inork galdetzen ez dien pertsonen nahiak marrazten ditu. Estatu mailako estreinaldia.

6. Todo lo cubre la sal | Dokumentala
Joana Moya – Euskadi – 16’ – 2023
Joana Moya bilbotarrak ZINEBIn aurkeztuko du zinemako bere debuta, bere interesen araberako lengoaia zinematografikoa finkatzeko funtsezko lehen urrats gisa aurkezten den film laburra. Moyak geologia eta dantza garaikidea ikasi zituen Euskadin eta Granadan, eta gaur egun bere lehen film luzea garatzen ari da, oraingoz La Koreana izena duena. Filma Bizkaiko Zugaztieta herriko (Trapagaran, Bizkaia) familia-memoria eta historia geologikoa eta geomeatzaritzakoa uztartzen dituen saiakera bisual bat da. Todo lo cubre la sal lanaren kasuan, Moyak ikus-entzunezko estilo oso pertsonal baten aurrerapena aurkezten du, Euskadin lan tradizional horretan lanean jarraitzen duten saregileei arreta jarriz. Estatu mailako estreinaldia.

7. Ximinoa | Fikzioa
Itziar Leemans – Euskadi / Frantzia – 25’ – 2023
Itziar Leemans lapurtar zuzendariak Boca Ciega (2020) film dokumental luzea aurkeztu zuen ZINEBIn, eta oraingoan fikzioan murgiltzen da Donibane Lohizunen, Ziburun eta Azkainen girotutako film labur honekin. Leemans fikziozko lehen film luzea idazten ari da une honetan, Agurra izenekoa, eta Gastibeltzak eta Al Borde Filmsek koproduzitutako film labur hau dakar Bilbora: June gazteari buruzkoa da, zeinak udako bere lehen lana aurkitu baitu, gurasoekin uda pasatzera hegoaldera etorri den neskato bat zaintzen. Estatu mailako estreinaldia.

Zazpi film horiek – azaroaren 16an, 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan proiektatuko dira berriro – ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta EITB Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira.

ZINEBI 65eko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa – Sail Ofizialeko sariak nazioarteko epaimahaiak emango ditu. Epaimahai hori Florian Fernandez Cannesko Zinemaldiko Short Film Corner programaren koordinatzaileak, Haruka Hama Yamagatako (Japonia) Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendariak, Mariana Hristova zinema kritikari eta programatzaile bulgariarrak, Estibaliz Urresola euskal zinemagileak eta Alberto Vázquez animazio zuzendari, ilustratzaile eta marrazkilari galiziarrak osatuko dute aurten.

EUSKAL ZINEMA GEHIAGO ZINEBI 65EAN

ZINEBIren Sail Ofizialean, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten zazpi film laburrez gain, aurten Tamara García Iglesias zuzendari gipuzkoarraren Zarata euskal ekoizpeneko film luzea ere izango da Sail Ofizialean. Opera Prima ZIFF – ZINEBI First Film Luzeen Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko da, eta Estatuan estreinatuko da (uztailean FID Marseilletik igaro ondoren) Golem Alhóndiga Zinemetan, hilaren 11n, larunbatean, 19:45ean.

Sail Ofizialetik haratago, beste 26 film erakutsiko dira Bertoko Begiradak sailean: guztira, sei film luze dokumental eta hogei film labur (hiru dokumental, hamabi fikzio eta bost animazio) emango dira BBK Aretoan eta Azkuna Zentroko Auditorioan hilaren 12tik (igandea) 15era (asteazkena).