Bilboko Udalaren ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, bihar emango dio amaiera 65. edizioari, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Ekitaldian zehar, epaimahaiek film labur, luze eta proiektu sarituei emandako sariak banatuko dira.

Horrez gain, Rita Azevedo Gomes portugaldarrak jasoko du Ohorezko Mikeldi Saria, zinemagile gisa egindako ibilbidea aitortzeko. Bertan, “klasikoak eta modernoak bat egiten dute, eta erreala fikzioarekin lotzen da, beren loturak birformulatuz, konbentzioak hautsiz”, Cecilia Barrionuevo programatzaile at-largeak Film at Lincoln Centerren adierazten duen bezala. Topaketa horren aurretik, O Som da Terra a Tremer (1990) zinemagile portugaldarrak zuzendutako lehen film luzea proiektatuko da.

Rita Azevedo Gomes hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Arriaga Antzokian, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako Zinegotziarekin eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko Zuzendariarekin batera.

Azevedo Gomesen filmografia esperimentazioa, dokumentala eta narrazioa uztartzeko aukeren adibide bat da. Lau hamarkadako ibilbidean zehar, Stefan Zweig (A Colecção Invisível, 2009) eta Jules Barbey D ‘Aurevilly (A Vingança de uma Mulher, 2012) egokitu ditu – beti askatasunez –, edo Éric Rohmerren (O Trio em Mi Bemol, 2022) antzerki-testu batekin ausartu da, idatzizko hitzaren eta irudiaren harreman emankor eta harmonikoan sendo finkatutako corpus filmiko bat eraikitzeko.

André Gide, Mário de Sá-Carneiro, Agustina Bessa-Luís eta Leonardo da Vinciren testuetatik abiatu zen bere lehen lanetik (O Som da Terra a Tremer, 1990), ahozko hitzaren bizikidetza zoriontsua eta eszenaratze zorrotz eta inkonformista sumatzen dira, zalantzarik gabe, aurretik antzerki-eszenetan izandako esperientziaren eraginez (Chejoven La gaviota, Sofoklesen Antigona, eta Racineren Bérénice muntaietan parte hartu zuen) eta operagintzan (Purcellen La reina de las hadas, Rameauren Platea, Mozarten Idomeneo, edo Verdiren La Traviata).

Bere lana Berlin, Mar del Plata, Doclisboa, Locarno, Las Palmas edo IndieLisboa bezalako jaialdietan erakutsi eta saritu da.