ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Bilboko Udalak antolatuta, 64. edizioa azaroaren 11tik 18ra bitartean egiteko prestatzen ari da. Aurten, berritasun gisa, pertsona gorrei zuzendutako saio berezi bat aurkeztuko du, Islatutako keinua. Zinema ikusi, entzun eta hauteman izeneko saio berezian, hain zuzen ere. Sei herrialde ezberdinetako zazpi film labur izango dira bertan, eta munduko zeinu-hizkuntza ezberdinek azken urteetan ekoitzitako zinema garaikidean izan duten presentziari errepasoa egingo diote.

Saioa azaroaren 12an izango da, 12:00etan, Golem Alhondiga zinema-aretoetan , eta bertan hainbat generotako film laburrak erakutsiko dira, hala nola dokumentala, fikzioa, animazioa, bideoklipa edo zinema esperimentala. Lanak Erresuma Batutik, Brasildik, Alemaniatik, Herbehereetatik, Estatu Batuetatik eta Ukrainatik etorritakoak dira.

Saio berezi honen bidez, ZINEBIk, Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin lankidetzan, esperientzia filmiko sentsorial eta inklusibo baterako atea ireki nahi du, zinema-aretoaren iluntasunean berdindutako publiko mistoa bilduko duena.

 

ESPERIENTZIA INKLUSIBOA

Saioa programatu duen Aitor Gametxo zinemagile bizkaitarraren hitzetan, zikloaren helburua “hizkuntzaren izaerari eta irudien sorkuntzari buruzko esperientzia sentsorial bat proposatzea da”, eta, aldi berean, munduko hainbat lekutan dauden zeinu-hizkuntzek eskaintzen dituzten aukerei buruzko hausnarketarako gonbita egitea. Horrela, “zinemaren funtsezko kontzeptuei dagokienez, egile bakoitzak hartutako erabakiak erakutsi nahi dira, hala nola iraupena, enkoadraketa, eszenaratzea, distantzia, mugimendua eta abar”.

Zinema dokumentala ikasi ondoren, Gametxok  —ZINEBIren 2014, 2017 eta 2020ko edizioetako Sail Ofizialean lehiatu da— Zeinu Hizkuntzako Interpretazio ikasketak egin zituen, eta horietatik sortu zen Polonian filmatutako “Una sinfonía en silencio” film laburra filmatzeko ideia, Breslavia hiriko gorren komunitatearekin batera.

ZINEBIren 64. edizioak 47 herrialdetako 148 film aurkeztuko ditu azaroaren 11tik 18ra bitartean; erdia baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira, eta erdia baino gehiago, estreinaldiak Estatuan.

 

Jaialdiaren prentsa materiala esteka honetan kontsulta daiteke.