ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, bere sorreratik izan duen funtsezko egitekoetako bat kontuan hartuta, 64. edizio honetan ere Athletic Club Fundazioarekin kolaboratzen du, Qatarreko Munduko Futbol Kopa hasi aurreko egunetan-munduan eragin mediatikorik handiena duen kirol-ekitaldietako bat-, futbolari eskainitako bi dokumental aurkezteko: klasikoa bata, eta berriagoa bestea.

Ziklo hau gaur goizean aurkeztu da prentsaurreko batean, eta bertan parte hartu dute Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariak eta Galder Reguera Athletic Club Fundazioko Proiektu arduradunak.

Aipatutako bi dokumentalak Galder Reguerak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariko zuzendariak, ZINEBIren edizio honetako Sail Ofizialeko – ZIFF ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketako epaimahaiko kidea denak, aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Hala, bihar, azaroaren 15ean, 18:00etan, Joaquim Pedro de Andrade zuzendariaren “Garrincha – A alegría do povo” (1963) film dokumentala proiektatuko da BBK Aretoan. Urte hartako Berlinalen estreinatu zen eta askok futbolaren historiako erregateatzailerik onena izaten jarraitzen duen pertsonaia baten bizitza kontatzen du: Mané Garrincha. Izan ere, Garrincha 1962ko Txileko Munduko Futbol Txapelketako jokalaririk onena aukeratu zuten (Brasilek irabazi zuen txapelketa hura, lau urte lehenago Suedian izandako arrakasta errepikatuz). Filma errodatu zen unean, oraindik Botafogo  taldearen jokalaria zen, eta harekin hiru Carioca Txapelketa irabazi zituen.

Aipatutako futbolaren izar handi bati buruzko dokumental klasikoaz gain, “Futbola, zinema eta Munduko Txapelketa” izeneko programak bere garaian Tribecako Jaialdian estreinatutako “Next Goal Wins” (Mike Brett & Steve Jamison, 2014) dokumental britainiarraren proiekzioa ere jasotzen du. Kasu honetan, dokumentalaren xedea futbol txikia da: futbol selekzio samoamerikarraren ibilbidea, 2001ean Australiaren aurka 31 eta 0 galdu zuenetik, 2011n Tongaren selekzioari 2 eta 1 irabaztea lortzera.

Jaialdiaren prentsa materiala esteka honetan kontsulta daiteke.