ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, azaroaren 11tik 18ra bitartean bere 64. edizioa ospatzeko prestatzen ari da. Lehenago, Golem Alhóndiga Bilbao zinema-aretoetan Estudio Creativo Uniko ikus-entzunezko ekoiztetxe bilbotarraren animaziozko film berria estreinatuko du, “Unicorn Wars”, Alberto Vázquez coruñarrak zuzendua, hilaren 21ean komertzialki estreinatuko dena.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udalaren Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Vanesa Fernández, ZINEBI Jaialdiaren zuzendariak; Alberto Vázquez filmaren zuzendariak; eta filmaren ekoizle exekutiboek, Chelo Loureiro (Abano) eta Iván Miñambresek (Uniko), “Unicorn Wars” komunikabideen aurrean aurkeztu dute gaur. Haiekin batera, animaziozko film honetako ahots ezagunenetako bi ere egon dira, Ramon Barea eta Itxaso Quintana aktoreenak, hain zuzen ere.

Filmaren mundu mailako estreinaldia Annecy nazioarteko animaziozko jaialdirik ospetsuenean izan zen eta Galiziako Abano Producións enpresak zein  Frantziako Auteur de Minuit estudioak ere ekoitzi dute.  Horiek lankide izan zituen Unikok aurreko lan batean, “Homeless Home” (2020) film laburrean, Animazioko Film Labur Onenari Goya sarirako izendatua eta ZINEBIren 62. edizioan Estatuan estreinatua.

Bere aurreko film laburrean ez ezik, Vázquezek aurreko lanetan ere kolaboratu izan zuen Unikorekin: “Psiconautas, los niños olvidados” (Pedro Rivero bilbotarraren zuzendaritzapean, eta 2017ko Animaziozko Film Luze Onenaren Goya saria irabazi zuena), “Decorado” (Cannesko Jaialdian estreinatua, eta 2017ko Animaziozko Film Labur Onenari Goya saria irabazi zuena), eta ZINEBIn aurkeztutako bi film labur: “Unicorn Blood (2014) eta “Birdboy (Pedro Rivero zuzendaritzakide, 2010).

 

AURRERAPAUSOA HELDUENTZAKO ANIMAZIOAN

Aurreko lanetan bezala, helduentzako animazio-generoaren barruan unibertso erabat pertsonal eta ezaguna garatzen jarraitzen du Vázquezek. Eta, kasu honetan, sei urteko lanaren emaitza den fabula antibeliko bat sortu du, gaitzaren jatorriari buruz hausnartzeko.

Gerrak zibilizazioa mehatxatzen jarraitzen duen Historiako unea izanda, erabateko indarra izaten jarraitzen du fantasiazko eta beldurrezko zinemaren oinarrien gainean eraikitzen den  “Unicorn Wars”. Deskribatzen duen errealitatean, hartz txiki armadak errekluta gazteak trebatzen ditu adarbakarren aurka hasi duten gerrara eramateko, beren herriaren segurtasuna mehatxatua ikusten baitute.

Sitgeseko Jaialdian Estatuan egindako estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, “Unicorn Wars” ostiral honetan iritsiko da areto komertzialetara.

Filmaren press kit-a esteka honetan kontsulta daiteke

ZINEBIren prentsa materiala esteka honetan kontsulta daiteke.