ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, azaroaren 4tik 10era egingo den ZINEBI EXPRESS film laburren lehiaketaren 13. edizioa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) EHUkulturarekin batera.

Bi urtez ZINEBI abian jarri aurreko programazioan parte hartu gabe egon ondoren, edozein nazionalitateko ikasle eta talde tekniko zein artistikori irekitako lehiaketa hau berriro ere itzuliko da. Film labur bat grabatu nahi duen orok bere talentua probatzeko aukera izango du oso denbora laburrean.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren zein  Gizarte eta Komunikazio Zientzien  fakultateez gain, ZINEBIk Euskal Herriko Zinema Eskolaren (ECPV), Tartanga Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren eta IMVAL Estudios Audiovisuales zentroaren laguntza ere bau ZINEBI EXPRESS lehiaketa antolatzeko.

 

HITZAURREA BIZKAIA ARETOAN

Aurten, lehiaketak aperitibo bat izango du Unibertsitateko Arte Ederren eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateetako ikasle  ohien eskutik egingo den “Uniaren ostean, zer?” izeneko topaketan. Unibertsitateko ikasleei edota ikus-entzunezko industriarekin zein zinemagintzarekin lotutako ikasketak egiten ari direnei zuzendua egongo da ekitaldi hau, eta bertan parte hartuko dute ZINEGOAK Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko artista eta egungo zuzendari Alaitz Arenzanak; soinu-teknikaria den Maider Urkitzak;zine ekoizle eta antzerki zein telebistako aktore Ander Barinaga-Rementeriak;, eta Larraitz Zuazo eta Esti Urresola zinemagileek.

Azaroaren 4an, ostirala, Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan egingo den topaketa horren ondoren, ZINEBI Express-en parte hartuko duten film laburren gaia ezagutzera emango da. Lan horiek Bizkaia Aretoa-UPV/EHUko atarian entregatu beharko dira, astelehenean, hilak 7, arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean.

Film labur guztiek gutxienez 2 minutu eta gehienez 5 minutu iraungo dute, animaziokoek izan ezik, horiek 30 segundoko gutxieneko iraupena izango baitute. Kanpoalde guztiek Bilbon filmatuta egon beharko dute, eta gutxienez ostiralean ezagutzera emango diren hiru kokalekuetako bat izan beharko dute.

Horretarako aukeratutako epaimahai batek erabakiko du zein lani emango zaizkien lau sariak: 800 euro, 600 euro, 400 euro eta afari bat, AUX Magazinerekin elkarlanean.

Film labur sarituen proiekzioa, bestelako parte-hartzaile batzuekin batera, ostegunean, hilak 10, izango da, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan.

 

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN LANKIDETZA

ZINEBI EXPRESS lehiaketaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean ere aritu da ZINEBI, urriaren 27an Arte Ederren Museoan Iñigo Salaberriaren omenez antolatutako topaketan.

Horrez gain,  jaialdiaren barnean, ZINEBIk Aukera programaren aurtengo edizioan parte hartu dutenek garatutako film laburren proiektuen pitching-aren aurkezpen publikoa egingo du, hilaren 16an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Programa hori ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzenduta dagoen  (H)emen elkarteak bultzatu eta antolatu du, Zineuskadi, Kutxa Kultur, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta ZINEBIrekin lankidetzan.

Jaialdiaren prentsa materiala esteka honetan kontsulta daiteke.