Erabili gure bilatzailea

    Alcalde de Bilbao

    GERRA EZ DU FILM BATEK IRABAZTEN

    Juan Mari Aburto. Bilboko Alkatea

    Politika, nire ustean, zerbitzu publikoa da: hala defendatzen dut, eta hala aldarrikatzen dut. Eta guri politikan aritzera bultzatzen diguna da gure gizarte osoaren aurrerabidea bilatzea, inor atzean utzi barik. Erakunde publikoetan bete izan ditudan karguetan egindako bidean, hori izan da nire helburua, jardun batean aitzindari izan naizen bakoitzean, eta hala da orain ere.

    Azken urte hauetan lan handiagoa izan dugu uriko herritarrei eta eragile sozial eta ekonomikoei laguntzen, ustekabean iritsi diren egoera larriak saihestu behar izan dituztenez eta aurre egin behar izan dietenez: pandemia globalak, inbasioak eta gerrak Europan, hornigai eskasia, inflazio bat orain dela 40 urte baino gehiago gertatzen ez zena…

    Aurre egin beharreko desafioak zailak dira, baina, nola herritarrak erresilentziaz hornitzen diren, halaxe, Udalean ere, gogotik jartzen gara erresistentzia bermatzen laguntzera. Berba gogorrak dira, bai,… jarduteko gaitasuna dugun arlo guztietan zain dauzkagun erronken mailakoak. Arlo horien artean dago, hain zuzen, kultura ere.

    Kulturak beti balio izan du arma intelektualez hornitzeko unean uneko erronkei aurre egiteko ideiak eskaini behar dituztenak, eta, gaur den egunean, oraindik ere zeregin funtsezkoa betetzen du. Eta, logikoa denez, kultura garaikidearen lurraldean, komeni da Bilbon arreta jartzea ZINEBIk ekarriko digun zinemari.

    Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko gure Jaialdi honetan ez dugu konponbiderik aurkituko, esate baterako, Ukrainako gerra konpontzeko, … Hala balitz! baina aurkituko ditugu, bai, lekukotza urgenteak, Errusiak inbaditu duen herrialde horretako zinemagileenak, eta aurtengo programa guztiz interesgarrian datoz: Ukrainan beren garaiarekin engaiatuta dauden artistek han bertan egindako film laburrak eta dokumentalak, eta, artista horiek, hain zuzen, uste dute film batek ezin duela gerra irabazi, baina ireki ahal dituela gure begiak, basakeria ikaragarri horretatik hain hurbil ez egon arren. Orain, jada, hedabideetako berriek ez dute betetzen lerroburu handirik, baina, hala ere, ZINEBIk gogoraraziko digu gauza bat, otsailetik hona ahaztu ez zaiguna: Europan gerra bat izatea etxean gerra bat izatea dela.

    Pentsamenduaren gezi-burua denez, artea beti izan da gure orainaz gogoeta egiteko tresnarik eraginkorrena. Zinemaren arlotik, ZINEBI da Bilbok horretarako eskaintzen duen erantzuna.


    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators