GEHIAGO IZATERA IRITSI
Gonzalo Olabarria. Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziaIragarpen asko eta oso ilunak egin ziren zinema hil egingo zela-eta, asmatua izan eta handik gutxira: zinemaren asmakaria bera bezain aspaldikoak dira iragarpen horiek. Are eta gehiago, esaten da Lumière anaiek ere “etorkizunik gabeko asmakuntzatzat” jo zutela beren sorkaria. Bada, iragarpen horiek zeinen oker zeuden erakusten du aurki zinematografoak beteko dituen 127 urteak.
Arte guztiak bezala, zinema egokitu egin da denborarekin, eta ez dira urriak izan zinemagileen eta zinemazaleen ahaleginari esker garaitu dituen mehatxuak, aldaketak eta izurriteak: zinemagileek egiten dituzten filmei abegi egiten diete zinemazaleek. Eta, dirudienez, hala izango da aurrerantzean ere, aldi batean.
Eta, tartean, zinemagintzako industria, finantzaketa biltzen eta proiektuak hobetzen, eta laguntza bilatzen emaitza hobeak lortzeko, banaketa handiagoa lortzeko, erakusteko leiho gehiago aurkitzeko…Zinemagintzako ekoizpenaren xedea da garaiotan berriz ere hegan hastea, eta Bilbon, bertako enpresek indarrari eusteko egiten dituzten ahalegin iraungiezinei gehitu behar zaie Bilbao Bizkaia Film Commission entitatearen ahaleginak, beti Bizkaira filmaketak erakartzeko lehian, eta, gero, prozesuaren beste maila batean, ZINEBIk ekar ditzakeen finantza-pizgarriak daude, zeren eta gure zinema-jaialdi honek, zinemak berak bezala, urtero-urtero berrasmatzen baitu bere burua, gehiago izatera iristeko.
ZINEBI Networking: Dokumentalen Sorgunea da Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionala, zeina orain dela bost urtetik hona ospatzen baita, jaialdia den bitartean. Foro horretan, euskal dokumental filmen proiektuak lehiatzen dira, beren ekoizpen-aurrekontuetarako gehigarri polit bat eskuratzearren. Aurten, ZINEBIk ahalegin horiek adinako bi egingo ditu, eta euskal proiektuei ezertan kalterik egin gabe, lehiaketa berri bat abiaraziko du Estatu osoko film dokumentalen proiektuetarako. Baina ez hori bakarrik: gainera, aukera eskainiko du zinemaren munduko merkaturik garrantzitsuenera joateko ZINEBIren eskutik, Cannes-era, 2023ko maiatzean beren proiektuak aurkeztera.
Gehiago izatera iristea da gehiago egitea, eta hala erakutsiko du ZINEBIk bere 64. edizio honetan ere: izan ere, elkarlan berri bat estreinatuko du, Gijóngo Zinemaren Nazioarteko Jaialdiarekikoa, zeina egonkorra bihurtu nahi baitu, zeren eta, hartara, filmetako batzuk bi lehiaketetan ikusi ahalko baitira ia-ia aldi berean.
Gehiago izatera da film gehiago izatea, munduko leku gehiagotatik ekarrita, eta, halaber, Bilbon eta Bizkaia osoan publiko berriak bilatzea, atzen urteotan aretoetatik alde egin beharrean izan direnak: ZINEBIk hitzordua egin nahi du berriro bere ikusleekin, udazkenean, zeina beti baita egokia horretarako, eta beren-beregi gonbidatu nahi ditu adinekoak eta adingabeak. Zinemagileek filmak egiten jarraitzen dute, eta jarraitu nahi dute gurea bezalako jaialdietan beren filmak publikoari erakusten.