Erabili gure bilatzailea

    OHOREZKO MIKELDIA

    Félix Linares

    Félix Linares

    Félix Linaresek, Bilbok bezala, ukitu ingeles bat du. Dotorea da, dibertigarria, beti dago bere lekuan eta beti datorkio hitz zehatza ezpainetara. Ingeles gutxi dira ingelesagoak, zentzu horretan, 1947an Zugastinobia kalean jaiotako bilbotar hau baino. Escuela de Indautxun ikasi zuen, egungo Indautxuko Eskolan, eta haurtzarotik sentitu zuen zinemak erakartzen zuela. Gurasoak igandero joaten ziren film bat ikustera eta amak, familiaren lehen kritikariak, bere erara kontatzen zizkion gero. Liluratuta, Linares txikiak batzuetan amonak Olimpia zinemara eramatea lortzen zuen. Gogoratzen duen lehen filma Diez valientes (Ten Tall Men) da. Irakurketaren atsegina ere laster ezagutu zuen, eta komikiak erostera zaletu zen —El capitán Trueno, El jabato, Apache…— Zugastinobia eta Gordoniz kaleen arteko izkinan dagoen kiosko batean. Goiz batean kiosko horretarantz zihoala, auzoko batzuek egunkarian atera zela esan zioten. Saltzaileak baieztatu zion auzokideek arrazoi zutela eta egunkariaren azala erakutsi zion. Linaresek zazpi edo zortzi urteko haur batzuk agertzen ziren argazki handi bati begiratu eta galdetu zuen: Nor naiz ni? Kioskoko saltzaileak, harrituta, aurpegi irribarretsu horietako bat seinalatu zuen. Hura izan zen Félixek bere aurpegia ikusi zuen lehen aldia: etxean ez zuten ispilurik. Pasadizoa deigarria da, une hartan berak ere ezagutu ez zuen aurpegi hura denborarekin herrialdeko ezagunenetako bat izango zelako.

    Hamalau urterekin, ikastetxean graduatu ondoren, Astilleros Euskaldunako Ikastunen Eskolan sartu zen. Han, irakasleetako batek irratsaio bat sortu zuen, eta Félixen ahotsa hainbeste gustatu zitzaion, ezen Radio Bilbaoko esatari José Manuel Sánchez Tiradorekin harremanetan jarri baitzuen ofizioa irakats ziezaion. Irakasle haren erabakiak bere bizitza aldatu zuen, laster lanpostu bat hutsik geratu zelako Radio Popularren eta Félixek bete zuelako. Zinemazale, irakurle eta melomano gaztea —Bruce Springsteen izugarri gustatzen zaio eta Los alacranes bandan eman zituen lehen urratsak— , horrela, ontzioletako etorkizunetik urrundu eta esatari bihurtu zen. Berea bezalako ahots bat ezin zen oharkabean joan. Radio Popularren lan egin zuen 1966tik 1984ra bitartean; orduan, Radio Euskadik deitutako lehen oposizioetako batean plaza bat lortu zuen, eta irrati horretan bideratu zituen “Iflandia” eta “Pompas de papel” saioak, besteak beste. Azken hori Kike Martínekin batera zuzendu zuen eta irratiko lehen espazio literarioa izan zen. Telebista ere gazte luze, begi urdin eta ahoskera bikaineko haren zain zegoen. 1995eko irailaren 19an hasi zen “La noche de…” saio mitikoaren aurpegia izaten. Telebistako hastapen haietan, nik gogoratzen ez dudan gertaera bitxi bat egon zen, baina izan dut haren berri: denboraldi batez, Félix Linares begi marroi aztoragarri batzuekin agertzen zen gure telebistetan. Begi marroiekin, bai. Oftalmologo batek erretina delikatuak fokuen aurrean babesteko gomendatu zion, eta horrela hasi zen lentilla ilun batzuk erabiltzen, iris urdina ez ezik, begiaren zati handi bat ere estaltzen ziotenak. Emaitza oso nahasgarria zen. Zorionez, laster aurkitu zituen, begiak babesteaz gain, begirada errespetatzen zizkioten lentillak. Nolanahi ere, “La noche de…” saioak azkar izan zuen arrakasta handia. Kamerak gustuko du, eta filmaren aurreko saioaren ikusle-indizeek hala dela erakutsi dute saioa aurkeztu duen hogeita zortzi urteetan zehar. Pantaila txikian agertzen zenez, komunikatzaile ezagun bihurtu zen, eta —nik neuk ikusi dut— kalean jende asko hurbiltzen zitzaion agurtzera, zoriontzera edo berarekin argazki bat ateratzera. Hasieran aipatu dudan ukitu ingelesa gailentzen zen halakoetan, inoiz ez baikenion ikusi, ez aurpegi txarrik, ez gogaitasun-keinurik eskari horien aurrean. Jendeak hainbeste urtetan izan dion eta oraindik ere dion maitasuna elkarrekikoa da.

    Telebistan izandako arrakastak kate nazionalen arreta erakarri zuen, eta Madrilera joateko proposamen handiak egin zizkioten, baina berak uko egin zien, otorduak etxean egitea gustatzen zitzaiola argudiatuta. Linaresek erakutsi zuen pertsona batzuek berezko duten jakinduria hori duela, beren buruari zoriontsu direla aitortzeko eta jada dutena baino gehiago behar ez dutela ulertzeko balio diena. Madrilgo zeruak ez zuen erakarri, eta nahiago izan zuen Bilbon jarraitu eta, hain zuzen ere, eguerdiro EITBren egoitzatik etxera joan, han lasai bazkaltzeko.

    Felix Linaresek jardunean jarraitzen du irratian, baina aurten bertan iragarri zuen “La noche de…” aurkezteari utziko ziola. Bere lanarengatik errekonozimendu ugari jaso zituen orduan, aho batez egindakoak, eta berak baretasun miresgarriz jaso eta eskertu zituen. Jakina, zinemara joaten jarraitzen du; izan ere, noizbait esan izan du erretiroa hartzen duenean erretiroa hartu aurretik egiten zuen gauza bera egingo duela: irakurri, antzerkira joan, filmak ikusi, musika entzun. Linares zinemaren bitartez bizi izan den pertsona bat da. Bere bizitza interesik gabea dela eta tipo sedentario bat dela dio, baina pantaila handiak asalduraz eta abenturaz hornitu duela. Bere zuzendari gogokoenen artean Ingmar Bergman, Orson Welles, Alfred Hitchcock edo Federico Fellini daude. Ezagutza entziklopedikoak ditu, ikus-entzunezko narratibarekin erabat ohituta dago, eta film onek entretenimendua nolabaiteko sakonera filosofiko edo sozialarekin konbinatu beharko luketela defendatzen du, nahiz eta badakien zeregin zaila dela. Profesionalki zinemarekin hain lotuta egon arren, ez du inoiz sentitu kamera atzean jartzeko beharra. Filmaketak sekulako saltsa iruditzen zaizkio, eta txantxetan dio zuzendari izateko jenio bizi puntu bat behar dela eta berak ez duela horrelakorik.

    Felix Linaresek bere lankideen miresmena du, eta Zugastinobia kaletik oso gertu bizi da oraindik; inoiz ez du saldu galtza motzak soinean zituela zinemara bakarrik joaten hasi zen eta kioskoan tebeoak erosten zituen haur hura. Bere buruarekiko leialtasun hori eta bizitzan zehar eskuzabaltasunez eta dotoreziaz jokatzeko duen modua, ezohikoak izanagatik, argumentu zinematografikoak dira. Ingelesa balitz, sir bat bezalakoa dela esango nuke, baina Bilbokoa denez, esango dut egundoko tipoa dela.


    Txani Rodríguez

    Idazlea



    FÉLIX LINARES
    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators