Erabili gure bilatzailea

    ZINEBIko zuzendaria

    365 egun

    Vanesa Fernández Guerra. ZINEBIko zuzendaria

    365 egun, ZINEBIren edizio batetik bestera igarotzen den denbora. Gure 63. edizioa 2021eko azaroan amaitu genuen, pandemia arintzen ari zela pentsatuz, eta aurten itxaropen batekin hasi dugu urtea: zinema‑aretoetara behin betiko itzuli ahal izatearekin. Horregatik, 64. edizio honetan, ikusleak aretoetara itzul daitezen sustatu nahi dugu, gure inguruko zinema eta banatzaileek bi urte oso gogor izan ondoren, jaialdi erabat presentzial baten aldeko apustua eginez.

    Berriz ere mugarik gabe elkartzen garela ospatuko dugu, espazioak eta uneak partekatuko ditugula, eta bisitan etorriko zaizkigun zinemagile ospetsuen presentziaz gozatuko dugula. Aurten atsegin handiz emango diogu Ohorezko Mikeldi sarietako bat Agnieszka Holland zinemagile eta gidoigileari, Europako Zinema Akademiaren (EFA) egungo zuzendariari, Europako Historiaren aldaketa handiak islatu dituen ibilbide borrokalari eta oso batean norbanakoaren askatasunekiko begirada konprometitua mantentzeagatik.

    Eta, aurten emango ditugun aintzatespenen artean, zinemaren ezinbesteko erreferentzia bat ere azpimarratu nahi dugu, mugimenduan dauden irudien edertasunari buruz duen ikusmolde erradikalean erostezina den zinemagile bat, Albert Serra bikaina. Zinema garaikidearen izen garrantzitsuenen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortzeko erantzukizun horretan, duela gutxi zendu den Iñigo Salaberria zinemagile eta artista gipuzkoarra ere omenduko dugu. Jaialdian ohikoa zen, eta beti bereizi izan da ia kontinente guztietako errealitatea jasotzeko zuen begirada bereziagatik eta, batez ere eta beti, bere talentuagatik eta eskuzabaltasunagatik gogoratuko dugu.

    Aurtengo edizioa oso irekia eta askotarikoa izango da, izan ere, gustu guztientzako 148 filmez gozatzeko aukera izango baitugu: zinemazaleentzat, profesionalentzat, ikusleentzat oro har, eta baita gazteentzat eta haurrentzat ere. Nazioarteko zinema onenaren sorta bat, euskal zinemaren proposamen iradokitzaileenak ahaztu gabe. Jaialdiak urteak daramatza euskal sorkuntza berria babesten eta ikustera ematen, eta horretarako ere lotura estua du erakunde nagusi guztiekin. Horren erakusgarri —eta ZINEBItik harro egoteko arrazoia— da aurten ere elkarlanean arituko garela Arriaga Antzokiarekin, Guggenheim Museoarekin, Arte Ederren Museoarekin, Azkuna Zentroarekin, Golem Alhondegia Zinema‑aretoekin, BBK Aretoarekin, Bilborockekin eta FAS Zineklubarekin.

    Gure programazioan, hori baita gure burua aurkezteko eta gure asmoak adierazteko modurik onena, beste bi zinemagile handiri ere egingo diegu omenaldia: Jean‑Luc Godardi eta zineman hasi zenetik bidelagun izan zuen Éric Rohmerri.

    Bestalde, industriari lotutako atala jarduera gehiagorekin indartuko da aurten, eta ZINEBI Networking Zinema Dokumentalaren Bilboko Foro Profesionalaren bosgarren edizioa egingo dugu. Foro horren osasun onaren erakusle dira jasotzen ari den babes instituzional gero eta handiagoa: ez bakarrik estatuko eta autonomia‑erkidegoetako erakundeek ematen dioten babesagatik, baizik eta baita nazioarteko aliantzengatik ere. Horiek horrela, aurten, ZINEBI Cannes Docs‑Marché du Film plataformaren jaialdi bazkide gisa estreinatu da; plataforma zinema dokumentalean espezializatutako mundu osoko ikus‑entzunezkoen industriako profesionalak konektatzeko diseinatuta dago. Askok ospatutako albistea da hori, ezin baitugu ahaztu ZINEBIk nazioartean duen papera. A klaseko nazioarteko jaialdi bakarra da Estatuan, dokumental eta film laburren espezialitatean, eta jaialdi kalifikatzaile akreditazioa du Oscar sarietarako, BAFTA sari britainiarretarako eta Goya sarietarako. Gainera, iaztik, ZINEBI EFA (Europako Zinema Akademiaren) sarietarako hautagai den film labur batean aukeratzen duen mundu osoko jaialdi talde murriztuaren parte da.

    Eta hainbeste plater nagusi artean, hausnarketarako gune bat ere badago, ilusio berezia egiten didana, emakume eta ZINEBIko zuzendari naizen aldetik. Edizio honetan, Mostra Internacional de Film de Donesekin elkarlanean, nazioarteko zinemaldi ugaritako profesionalen topaketa bat egingo dugu honako izenburuarekin: Emakumeak zinemaren jaialdietan… Non gaude? Eztabaidarako espazio bat sortu nahi dugu, oso beharrezkoa dena, sektore honetan lan egiten dugun emakume guztiok badakigulako ekoizpeneko, komunikazioko, kopien kudeaketako, gonbidatuen arretarako, protokoloko eta zinemaldietako beste arlo batzuetako talde gehienak emakumeek osatzen dituztela. Planteatzen dugun galdera, ordea, honako hau da: zer gertatzen da jaialdi horietako zuzendaritza‑postuei eta programazio‑taldeei erreparatuz gero?

    Urtez urte, lanean jarraitzen dugu, zinemaldiak inoiz baino ezinbestekoagoak direnaren uste sendoarekin, film laburrak, dokumentalak eta sortzen ari den zinema independente guztia ikusarazteko eta erakusteko. Horregatik guztiagatik, ZINEBI 64 esperientzia presentziala izango da, kolektiboa, anitza eta berdintasunezkoa.

    Organizers
    Organizadores
    Sponsors
     
    Collaborators